Aroztegia, Urdaibai eta Marienea: Lurraren erabilera jasangarrirako mugimenduen hiru adibide izenburupean, atal oso berezia grabatuko du BERRIAren ikus-entzunezko taldeak egiten duen Kinka podcastak. Jendaurrean egingo dute atal hori, Iruñean, Nafarroako Antzerki Eskolan, etzi 19:00etan. Entzule gisa han egon nahi dutenek gonbidapena hartu beharko dute aurretik.
Osteguneko saioko gonbidatuak honako hauek izango dira: Eider Gotxi Guggenheim Urdaibai Stop taldeko bozeramailea, Gorka Laurnaga Aroztegiko auziko auzipetua eta Joana Detxart Ostia Sareko kidea. Azken horrek Marienearen proiektuaren inguruan egiten du lan, Kanbon (Lapurdi). Hortaz, Kinka podcasteko aurkezle eta zuzendari Nagore Arinek adierazi duenez, Guggenheim Urdaibai proiektua Bizkaikoa da, Marienearen adibidea Iparraldekoa, eta Aroztegikoa Nafarroakoa. «Aroztegia da egunotan pil-pilean dagoen gaia, epaiketa dela eta. Aroztegiak aurrekari bat finkatu dezake herri mugimenduen kriminalizazioari dagokionez», ohartarazi du Arinek.
BERRIAko ikus-entzunezko taldeko Lara Madinabeitia eta Garazi Karrera arduratuko dira arlo teknikoaz. «Egun horretan arlo teknikoaz ahaztuko naiz. Ondo zainduta egongo naiz», aipatu du Arinek.
Ingurumen gaiak landu ohi ditu Kinka podcastak. Arinek nabarmendu du osteguneko mahai inguruaren ardatza izango dela azkeneko urte honetan Euskal Herrian egiten ari diren proiektu handiak, «Lurraren suntsipenarekin edo ingurumenarekin lotura duten proiektuak». Kinka-ren hirugarren denboraldiko azkeneko atala izango da hori, eta hilaren 17an argitaratuko dute BERRIAren webgunean eta audio plataformetan. «Ardatz nagusia zera izango da, aipatutako proiektu horien 'inposaketa' aztertzea, eta inposaketa horien aurrean nola altxatu diren herritar taldeak eta ekintzaileak Lurraren defentsan», gaineratu du Arinek. Azaldu du Iruñekoa aukera ona izango dela jendearekin biltzeko. «Kinka-rentzat lehen aldia izango da podcasta jendaurrean egiten duguna, eta egun berezia izango da».
Jendaurreko atal gehiago
Baina ez da lehen aldia BERRIAren podcast bat jendaurrean grabatzen dutena. BERRIA FM jendaurrean egin izan dute. Eta duela egun gutxi, bertsolariekin uztartuta egin zuten Hernanin (Gipuzkoa) Ezer ez eta festa.
«Podcastak normalean erredakzioan edo etxean egiten ditugu. Eta entzuleek etxean, autoan edo lantokian entzuten dute. Baina hori toki baten entzutea, publikoarekin batera, eta ahotsei aurpegia jartzea interesgarria da. Komunitatea ere egiten du, funtsean gustu komun batzuk toki batean biltzea da», adierazi du Arinek.
BERRIAren podcastak denboraldi honetan «oso ondo» joan direla gaineratu du egunkariko ikus-entzunezko taldearen koordinatzaileak. «Sakontzeko gogoz gaude, eta datorren denboraldian iritsiko dira podcast berriak». Kinka-k ere izango ditu aldaketak laugarren denboraldian.