Nafarroako Txalaparta argitaletxeak Fidel Castro zenaren diskurtsoak bildu ditu Trinchera de ideas (Ideien lubakia) liburuan, eta Ignacio Ramonet kazetariak (Redondela, Galizia, 1943) idatzi du lanaren hitzaurrea. Hartan kontatzen du nola Ameriketako Estatu Batuetako hedabideek albiste faltsuen bideari ekin zioten 1959an, Kubako Iraultza gertatu zenean. «1960an, Dwight Eisenhower AEBetako presidenteak CIAri baimena eman zion Kubaren aurkako propaganda oldarraldi bati ekiteko». Gaur, 66 urte geroago, informazioaren bueltan dauden jiteez galdetuz gero, Ramonetek badu zer erantzun. Le Monde diplomatique-ko zuzendari ohiak hainbat gako eman ditu kontakizun hegemonikoak nola mamitzen diren ulertzeko.
«Informazioaren manipulazioa, desinformazio antolatua eta helburu politikoekin sortutako kontakizun faltsuak aspalditik existitzen dira», azaldu du Ramonetek. Kubako Iraultza gailendu zenean gertatutakoa da horren adibide. «Washingtonek kanpaina mediatiko handi bat jarri zuen martxan, Kubako gobernu iraultzaile berriaren izena belzteko». Bide batetik baino gehiagotatik garatu zen kanpaina hura. «Batetik, AEBetako hedabide handiek Fidel Castro gobernari autoritario eta arriskutsu gisa aurkeztu zuten sistematikoki. Bestetik, informazio faltsuak eta nabarmen distortsionatuak zabaldu zituzten Kubaren inguruan». Peter Pan operazioa aipatzeko modukoa da: 1960tik 1962ra, Kubako milaka familiari sinetsarazi zieten gobernu iraultzaileak seme-alaben guraso ahala kenduko ziela eta haurrak Sobietar Batasunera bidaliko zituztela. «Horren eraginez, adingabeko 14.000 kubatar AEBetara joan ziren. Latinoamerikako Gerra Hotzaren manipulazio psikologikoko operazio handienetako bat izan zen».
Ramoneten aburuz, garrantzitsua da ulertzea auzi hura ez zetzala bakarrik atzerriko gobernu bati kritikak egitean. «AEBek kontakizun estrategikoak sortu zituzten, iritzi publikoaren aurrean neurri gero eta gogorragoak hartu ahal izateko». Horra hamarkada luzez iraun duen blokeo ekonomikoaren abiapuntua.

Kubako esperientzia, Ramoneten ustez, nazioarteko «desinformazio kognitiboko laborategi bat» izan zen. Ez lehena, ez azkena.
1980ko hamarkada. Ronald Reagan zen AEBetako Gobernuko presidente orduan. «Komunikazio bataila bizia sustatu zuen Latinoamerikarekin zuen politika justifikatzeko. Hortaz, El Salvadorko, Guatemalako eta Nikaraguako gatazka armatuak 'komunismoaren aurkako borroka' gisa aurkeztu zituen».
Denboran gertuago, 2003. urtean, Irakeko inbasioa. «AEBetako hedabide handiek inolako espiritu kritikorik gabe zabaldu zituzten George W. Bush orduko presidenteak esandakoak: Iraken suntsipen handiko armak zeudela». Gerora, demostratu zen ez zela halakorik. «Urte batzuk geroago, hainbat hedabidek onartu zuten ez zutela egoki egiaztatu gobernuko iturri emandako informazioa». Ramoneti iruditzen zaio hura izan zela historia garaikideko «porrot mediatikorik» handienetakoa.
Hedabideen jabeak eta aniztasuna
Egiturazko arazo bat bada muinean. 2026. urteko egoeraren erakusgarri. Eta Ramonetek ohartarazi du hedabide handien enpresa kontzentrazioak eragin oso kaltegarriak dituela. «Aniztasunik ez da jabeei dagokienez, eta multzo ekonomiko handien pisua indartu egin da». Horrekin batera, iturri ofizialek eta botere zentroetako adituek pentsaera jakin batzuk sustatzen dituzte.
«Espazio publikoa kontsignaz betetzen denean, emozioak eta istiluak pizten direnean, kazetaritza onaren beharra areagotu egiten da»
IGNACIO RAMONETKazetaria
Ramonetek baikor izateko moduko argi izpi bat ekarri du hizpidera: «Hedabide eta sare sozial alternatibo batzuk sortu izanak ahuldu egin du Mendebaldeak izan zuen monopolio narratibo eta kognitiboa».
Baina, bestalde, hedabideen arloko enpresa handi batzuen jabeen eraginez, zenbait komunikabideren ildo editoriala eskuinera edo eskuin muturrera mugitzen ari da. Halere, Ramonetek ez du uste kazetaritza independenteak horien «ispilu alderantzikatu» gisa jokatu behar duenik. «Kazetari independenteak ez dio propagandari propagandarekin erantzun behar. Gertaerak defendatu behar ditu, zorroztasuna; iturriak egiaztatu behar ditu, testuingurua eman eta pentsamendu kritikoa garatu». Galiziako kazetariak garrantzitsutzat jo du orain hori guztia egitea. «Espazio publikoa kontsignaz betetzen denean, emozioak eta istiluak pizten direnean, kazetaritza onaren beharra areagotu egiten da».