Komunikazioa. Iker Galartza. Aktorea

«'Kontuz, atsuak' saioaren ikusleei eusteko botika prestatu dugu»

Bihar estreinatuko dute 'Irrikitown' euskarazko umore saioa ETB1en. Gaur-gaurko gaien parodia egingo dute.

Adrian Garcia.
2013ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lanez gainezka dabil Iker Galartza aktorea (Amezketa, Gipuzkoa, 1977). Antzerkiko lanak ETBko umore saioekin uztartzen ditu. Urteetan Vaya semanita gaztelaniazko umore saioan ibili ondoren, beste erronka bat du orain esku artean: euskarazko esketxak egingo ditu Irrikitown saioan. Bihar iluntzean estreinatuko dute ETB1en, 21:30ean.

Irrikitowneta Ya queda menos saioetan parte hartzen duzu. Nolakoa izango da euskarazkoa?

Ya queda menos saioak platoan du abiapuntua. Esketxak osagarriak dira, platoan esaten den horri kolorea emateko. Irrikitown esketxez osatutako saioa da: bata bestearen atzetik, 45 minutuz jarraian, etengabe, publikoari atsedenik eman gabe. Kontuz, atsuak! saioak oso publiko fidela du, eta ikusle horiei eusteko botika prestatu dugu.

Zein gai jorratuko dituzue?

Gaur-gaurko gaiei begiratuko diegu, eta, Vaya semanita-n egiten genuen bezala, denetatik egingo dugu. Politikari buruzko esketxak egongo dira, baina baita gizarteari eta euskaldunen jokabideei buruzkoak ere. Gaiak ondo tartekatzen saiatuko gara. Kontuan izanik bost aktore bakarrik garela, 45 minutuan denetik egingo dugu. Batzuetan, pertsonaiak pixka bat karakterizatzen saiatzen gara, baina ez dago ez denbora ez diru askorik alor horretan gauza asko egiteko. Saiatzen gara bakoitzak bere ukitua ematen.

Egungo egoera ikusita, gaur-gaurko gaiek askotarako emango dizuete.

Atez atekoa orain pil-pilean dagoen gai bat da. Baita kirola ere; realzale batek horrelako egoera nola sentitzen duen erakutsiko dugu, parodia pixka bat eginez. Iaz, Athleticekoak askoz ere motibatuagoak zeuden, eta gu, berriz, realzaleok, beldurrez gaude: ez dakigu ona ote den Txapeldunen Liga jokatzea. Ligaz gain Europan jokatu behar badugu, gureak egingo duela pentsatzen dugu.

Euskalkiekin jokatuko al duzue?

Euskara batua da oinarria, baina euskalkien inguruan ere mugituko gara. Beste kate batean ematen duten zakur-hezitzailearen saioaren parodia egiten dugu. Zakur bizkaitarra erosten dute batzuek, baina soilik bizkaieraz egin behar diote, bestela ez baititu aginduak ulertzen.

Beste kateak hartu dituzue jomugan?

Hemengo saioez ere barre egiten dugu. Boxeo izarrak egin beharrean, Poteo izarrak egingo dugu. Gantxoak eta ezker krotxetak behetik gora egingo ditugu. Basoa ahora eramatean, hankak dantzan hasten dira, eta oreka gal daiteke.

Lekeitioko antzaren parodia egin zenuten promoan.

Lehengoan zerbait hartzen, zerbitzariak esan zidan: «Hori da txorizo guztiekin egin behar dena, Lekeition bezala zintzilikatu». Horixe da gure asmoa, jendeak ikusi eta pentsatzea: «Zelako egia borobila bota duten parodia horrekin».

Denbora askoan umorea gaztelaniaz egin duzue. Ez al zaizue arraroa egiten orain euskaraz aritzea?

Bai, zalantzarik gabe. Gure artean euskaraz hitz egiten genuen, eta grabatzen hastean, gaztelaniara pasatzen ginen. Orain, arraroa egiten zaigu, baina banuen horretarako gogoa. Vaya semanita-n hasi aurretik, ez nuen sekula pentsatu gaztelaniaz lan egingo nuenik.

Vaya semanita-ko taldea osatzen duzue. Umorea egiteko era aldatzen al da hizkuntza aldatzean?

Ikusiko dugu. Gure kezkak baditugu. Oraindik ez dakigu zer gertatuko den. Vaya semanita-n umore gaztea egiten genuen, eta gure estilo horri heldu nahi diogu. Lehenago ikusten ez gintuen jendeak ikusiko gaitu. Ikusiko dugu nola hartzen gaituen jende horrek, eta lehenago gaztelaniaz ikusten gintuztenak ea ETB1era aldatzen diren. Irekiak egon behar dugu, eta gauzak zuzenduko ditugu umiltasunarekin.

Euskal ikus-entzuleek estimu handitan dituzte esketxak.

Euskal Herrian oso finkatuta dagoen formula bat da. Bai guk, bai Wazemank-ekoek egin ditugu, eta estatu guztian esketxak ETBn bezala ez dira inon egiten. Inork baino eskarmentu handiagoa dugu genero horretan.

Irrikitown, Ya queda menos, Desmontando Euskadi saioetan zabiltza. ETBn zure lana estimutan dute, ala murrizketen eragina da?

Txoria kendu, eta nire argazkia jarriko dute Miramongo egoitzako teilatuan... Ona da ETBko aktoreak bi hizkuntzetan aritzen ikustea. Lehen, bi kateak oso desberdinduak zeuden. Aktoreak leku batean zein bestean ikusteak freskotasuna ematen du.

Gainera, antzerkian ere bazabiltza Hil arte bizi eta Gauerdian lanekin. Gidoiak nahasteko arriskurik ez al duzu?

Nahastu baino gehiago, ahaztu egiten dira. Jakin izan banu telebistan hainbeste lan edukiko nuela, antzerkian lasaiago ibiliko nintzateke. Baina lanbide honetan, inork ez daki hemendik sei hilabetera zer pasatuko den. Proiektu askotan lan egitera behartuta gaude, eta horrek ez dio batere onik egiten antzerkigintzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.