ESPAINIAKO KOPA

Kopako finalaren berri luze eta zabal emango dute BERRIAk eta EITBk

ETB1ek zuzenean emango du bihar Athleticen eta Mallorcaren arteko finala, 22:00etan. BERRIAko bi kazetari Sevillan dira, partidaren ingurukoak kontatzeko.

Mallorca-Athletic Espainiako Ligako partida, iaz. CATI CLADERA / EFE
Mallorca-Athletic Espainiako Ligako partida, iaz. CATI CLADERA / EFE
urtzi urkizu
2024ko apirilaren 5a
05:00
Entzun

Athleticek eta Mallorcak Espainiako Kopako finala jokatuko dute bihar, Sevillan (Espainia), 22:00etan. Telebistaz ikusi ahalko da partida: euskaraz ETB1en eta gaztelaniaz La1n. Era berean, egunotan komunikabide askok arreta berezia jarriko dute finalaren inguruko gorabeheretan.

BERRIA egunkariko Ainara Arratibel kazetaria eta Oli Artola bideogilea Sevillan dira atzotik, eta finalaren ingurukoak kontatuko dituzte egunotan. Idatziz eta bideo batean kontatuko dute Athleticen zaleak hirira nola iristen diren, zein modutan, zein emaitza aurreikusten duten. Partidaren aurrekoak jasoko dituzte zenbait formatutan; hala, Arratibelen analisiak irakurri eta ikusi ahalko dira. Izango diren prentsaurrekoen berri ere emango dute.

Larunbatean bertan, Jone Bastida kazetariak egingo du partidaren zuzeneko kontakizuna BERRIAren webgunean. Bilboko giroa ere jasoko dute. Eta Athleticek irabaziz gero, Arratibelek partida osteko analisia egingo du bideo batean. Zale zuri-gorrien giroa ere jasoko dute BERRIAtik Sevillara joandako bi lagunek.

EITBn emanaldi bereziak

EITB taldean badira egun batzuk finalaren ingurukoak kontatzen dabiltzala. Eritz Hernandez kazetaria asteazkenetik da Sevillan, eta atzo taldeko Jon Balentziaga, Jose Ituarte, Janire Fragua, Ane Muruamendiaraz eta Ainhoa Lendinez joan ziren Andaluziako hirira. ETBko kirol albistegiak Sevillan aurkezten ari dira egunotan. Hala, EITBk hogei profesional baino gehiago erabiliko ditu finalaren ingurukoak kontatzeko.

Bihar, bestetik, ETB2k programa berezi bat emango du, 19:00etatik 21:00etara —Patxi Alonsok aurkeztuko du, Sevillatik—. 21:00etan, berriz, ETB1en Koparen bila saio berezia hasiko da. Partida bera, esan bezala, zuzenean emago du ETB1ek, eta Naxari Altunak egingo du kontakizuna Cartuja estadiotik. Nerea Zusberro kazetaria eta Gorka Iraizoz Athleticeko atezain ohia izango ditu alboan.

Euskadi Irratiak Hiru Erregeen Mahaia saio berezia egingo du bihar, 18:00etatik 01:00era. Finalaren zuzeneko kontakizuna Haritz Gallastegik egingo du. Harekin batera ariko dira mikrofono aurrean Angel Garitano Ondarru, Juanan Larrañaga, Gari Uranga eta Txema Añibarro. Radio Euskadin Alberto Negrok egingo du kontakizuna, Luis Fernando Dadieren, Ander Alañaren eta Iñaki Alzolaren laguntzarekin.

EITB.eus webguneko Andoni Beldarrain eta Iker Garate kazetariak ere Sevillan dira egunotan, finalaren nondik norakoak kontatzeko.

Gabarra aterako balitz

Egunotan hainbat hedabide askotariko informazioak ematen ari dira hilaren 11n gertatu daitekeen zerbaiten gainean: Athleticek Espainiako Kopa irabazten badu, gabarran joango dira jokalariak ibaian zehar, garaipena ospatzeko zaletuen aurrean. Hala balitz, ETBk ospakizuna ematea aurreikusten du. Ez lirateke baliabide gutxi erabiliko horretarako. Hain zuzen ere, gabarrako ospakizunen berri emateko helikoptero bat kontratatzeko asmoa du talde publikoak, eta horrek 40.656 euroko kostua izango luke.

ETBk beste final bat emango du aste batzuk barru: maiatzaren 18an, Realak eta Bartzelonak jokatuko duten Espainiako Kopako finala emango du zuzenean. Talde txuri-urdinak 2019ko Kopa irabazi zuen, Athletico Madrilen aurka. Hain zuzen ere, Madrilgo klubaren aurka irabazi zuen finalerdia Natalia Arroyok entrenatzen duen taldeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.