Komunikazioa. Mikel Olazabal. ETBko kirol saileko zuzendaria

«Kostuak gehitu gabe, eskubideak hobeto kudeatu nahi ditugu»

ETB Sat katea EAErako ETBKSat bilakatu da, egunean kirolari hamasei ordu eskainiz. Kirol eskubideei «zukua ateratzea» da asmoa.

urtzi urkizu
Donostia
2011ko irailaren 18a
00:00
Entzun
1988. urtetik 2000ra ETBko kirol saileko burua izan zen Mikel Olazabal (Zarautz, Gipuzkoa, 1961). Hainbat kirol saio zuzendu eta aurkeztu ditu ordutik. Iazko uztailean, ETBko kirol saileko zuzendari izendatu zuten ostera.

Nolako bultzada hartuko dute kirolek Euskal Telebistan ETBKSat katearen aro berriarekin?

Bultzadatxo bat behintzat hartzea nahiko genuke. Edozein mugimendu egiteko, diru asko behar da, telebista komunikabide garestia delako. Ditugun bitartekoekin ditugun eskubideei ahalik eta zuku handiena ateratzea da gure erronka. Kirol eskaintza onena eskaini nahi diegu ikusleei. Kirol emankizun garrantzitsuenak ETB1en izango dira orain ere. Baina uste dugu horien multidifusioarekin eta beste saio osagarri batzuekin eduki sorta interesgarria dugula lehiatzeko. Beste kirol kate batzuk badaude, tartean Teledeporte eta Marca TV, eta alor horretan gure eskaintza hobetu nahi genuen.

ETB4 kirol katea egiteko ikerketa egin zenuten, baina ez zen aurrera atera. Zer alde dago ETB4 izatearen eta ETBKSat egokitzearen artean?

Iaz azterketa bat egin nuen kirol kate bat egiteko; gaikako kate bat, alegia. Zuzendaritzak pentsatu zuen oztopoa dirua zela, nahiz proiektu xumea izan. ETB Sat, berriz, ez da gaikako kate bat, bi emanaldi dituelako: bata Espainia eta Europarako, ETB1 eta ETB2ko saioekin, eta bestea Euskal Autonomia Erkidegorako. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako programazioan kirola gehitu eta pauso bat ematea proposatu genuen guk. Denboraldi honetan, ETB Saten 24 orduetatik 16 beteko dira kirolekin. Beste orduetan albistegiak eta saio batzuen errepikapenak daude. Daukagun tresna bat erabiliko dugu, gure eskaintza zabaldu eta eskubideak hobeto kudeatzeko. Gainera, kostuak ez dira gehitu.

ETBKSateko futbol saio gehienetan gaztelania da nagusi. Zergatik egin duzue hautu hori?

ETB Sat sortzez kate elebiduna da. Guk saiatu behar dugu produktu modu erakargarrienak jartzen. Transmisioak euskaraz mantentzea eta programak gazteleraz egitea erabaki dugu. Badira saio batzuk, hala ere, euskaraz daudenak.

Bigarren Mailan ez dago euskal talderik. Ba al dute interesik partida horiek euskal ikuslearentzat?

Bigarren Maila ez da bakarrik erosten; Lehen Mailako laburpenekin batera erosten da. Hori erosi zenean, baziren euskal taldeak Bigarren Mailan. Kontratua denboraldi honetan amaituko da, eta ikusiko dugu ondoren produktua nola jartzen duten salgai. Bigarren B Maila ere ematen ari gara iaztik, euskal talde asko daudelako, baina lehiek ez dute Bigarren Mailakoek baino ikusle gehiago.

Athleticek Europako Ligan jokatuko dituen partidak ezingo al dira ETBn ikusi?

Ez. Beste batzuen esku daude eskubideak. Hau merkatu gordina da eta gu telebista txikia gara. Ahalik eta genero onena erosten saiatu bai, baina ez gara denera iristen. Mediaset eta Prisako kateetan ikusiko dira aurten Europako Ligako partidak.

Emakumeen kirolak nolako lekua izango du ETB1 eta ETB Sat kateetan?

Saio batzuetan izango du lekua emakumeen kirolak, eta emanaldi garrantzitsuak ere egingo ditugu. Uste dugu ez dela txoko berezi bat sortu behar emakumeen kirolarekin. Emakumea telebistan ikusi behar dugu, emankizuna garrantzitsua denean. Adibidez, aurten Bera Bera eskubaloi taldearen Europako partidak emateko aukera badugu, horretan saiatuko gara. Aurten 40 emanalditik gora egin ditugu emakumeen kirol jarduerekin. Uste dugu emakumeen kirolaren garapenerako irudi ona emateko baliatu behar ditugula emanaldiak.

Espainiako Ligako talde batzuk telebista eskubideen banaketa orekatuago izatea eskatzen ari dira, Real Madrilek eta Bartzelonak askoz gehiago eramaten baitute besteek baino. Zer iritzi duzu gai horretaz?

Klubei ahaztu egin zaie gauzak epe ertain eta luzera planteatzea, eta gaurko etekinean pentsatzen dute. Azken urteetako garapena bide horretatik joan delako dago egoera modu honetan, klubak eta telebistak hortik joan direlako. Ziaboga bat egin behar badute, egin dezatela.

Irratiei ezarri nahi dieten kanonaz zer pentsatzen duzu?

Kontu korapilatsua da, interes asko daudelako. Trataera ezberdina izan behar dute irrati txikiek eta Madrilgo kate handiek. Hala ere, gauzak poliki-poliki bere onera joango dira. Irratiek tokian-tokian egundoko laguntza ematen diote futbolari, eta hori taldeek badakite. Galbahe bat edo beste jarri beharko da, irrati mota bakoitzaren arabera. Eta, azkenean, adostasun batzuetara iritsi beharko dute Ligak eta irratiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.