La1k 'La Frontera' telesaila emango du larunbatetik aurrera

Parisen atentatu bat egin nahi duen ETAko talde disidente baten ingurukoak kontatzen ditu fikzioak. Amazon Prime Video plataforman ekainetik dago ikusgai.

Javier Rey aktorea, 'La Frontera' telesailean. RTVE
Javier Rey aktorea, 'La Frontera' telesailean. RTVE
urtzi urkizu
2025eko azaroaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Testuinguru historiko jakin batean osatu zuten La Frontera telesailaren istorioa: 1986ko azaroaren 5ean, Sokoa operazioa aurrera eraman zuten Espainiako eta Frantziako poliziek Hendaiako (Lapurdi) Sokoa enpresan; ETAren agiri ugari aurkitu zituzten bertan. Bestalde, Frantziako Gobernua hasia zen mugan etakideak entregatzen Espainiari. Beste alde batetik, «Frantziak Espainia presionatzen du, ETArekin negoziatu dezan», TVEren informazioaren arabera. Txomin Iturbe ETAko buruzagia 1987ko otsailean hil zen, Aljerian, Espainiako Gobernuak eta ETAk negoziazioak hasiak zituztenean.

Hori da fikzioaren testuingurua. Baina pantailan beste zerbait islatzen da: ETAn, talde txiki batek bere kontura ekintzak egitea deliberatu du, ETAko zuzendaritzari kasurik egin gabe, eta Parisen atentatu bat egiteko prestaketak hasiko ditu. Guardia zibil bat bere kabuz ariko da ikerketa lanak egiten, bestalde. Thriller polizial bat dela dio RTVEk, tartean maitasun istorio bat duena.

Amazon Prime Video plataformak eta TVEk koproduzitu zuten telesaila. La1 katean ekainaren 13an ziren estreinatzekoak, baina atzeratu egin zuten estreinaldia, eta, azkenean, larunbatetik aurrera emango dute. Amazon Prime Videora ekaineko egun hartan iritsi zen; orduz geroztik ikusgai da, ordainpeko zerbitzuan.

Aktore protagonistak Itsaso Arana eta Javier Rey dira. Taldean dira, halaber, Vincent Perez, Amaia Aberasturi, Goize Blanco, Pepe Lorente, Asier Hernandez eta Mikel Losada.

Filmaketak Gipuzkoako Errenteria eta Hondarribia herrietan egin dituzte, baita Donostian eta Lapurdiko zenbait tokitan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.