Lula otsoak ama eta aita galdu ditu. Bere familia, otso taldea. Orain, elurretan galduta, beste etxe baten bila dabil. Jakintsu zaharraren babesean, lagun berriak egin eta ezusteko abenturak izango ditu. Lula otsoa soinuzko fikzio lanaren lehen atala entzungai da jada hainbat audio plataformatan; Ulu Media ekoiztetxeak eta Gure Irratiak elkarrekin abiarazitakoa da egitasmoa, Iruñeko Sudurgorri estudioarekin batera. Neska-mutikoentzako fikziozko sail bat izango da, hamar atalez osatua —astean atal bat sareratuko dute—.
Ulu Media ekoiztetxeko kideek nabarmendu dute haurrentzako pantailarik gabeko aisialdiak «berebiziko garrantzia» hartu duela azken boladan. Aisialdi horren parte dira entzuteko ipuinak, soinuzko fikzio lanak eta audio liburuak. Xabier Etxeberria Ulu Mediako eta Lula otsoa egitasmoko gidoilariak nabarmendu du aspalditik zeukatela begiz jota haurrentzako fikzio bat egitea audio formatuan: «Bogan jarri dira audio bidezko istorioak». Duela bi urte hasi ziren proiektua lantzen, eta gaur aurkeztu dute, Baionan. Etxeberriak azaldu duenez, «ilusio eta mimo handiz» landu dute proiektua. «Estrategikotzat jo genuen gure ekoizpen propioak lantzea, eta espero dugu Lula otsoa beste lan askoren arteko lehena izatea». Oier Aranzabal aritu da zuzendari lanetan. Soinu diseinua Maria Perezena da. Eta gidoilari taldean, Xabier eta Martin Etxeberriarekin batera, Aranzabal bera eta Vanesa Rodriguez ibili dira.
Elur jausi batekin hasten da istorioa. Lulak, familia galdu ostean, zuhaitz erraldoi bat topatuko du. Han, lagun izango direnak agertuko zaizkio: Bizar ahuntza, Perru perruketa, Marta lepahoria eta beste batzuk. Pertsonaia bakoitzak euskalki batean hitz egiten du. Horrek egiten du berezi fikzio lana. Hizkera aniztasunak, alegia, Gure Irratiko Olatz Idoatek aipatu duenez. «Lulak eta jakintsu zaharrak lapurteraz egiten dute; Martak, bizkaieraz: Perru perruketak, zubereraz; eta Bizar ahuntzak, nafarreraz». Pertsonaia horiei ahotsa jartzen aritu dira Maryse Urruti, Amaia Hennebutte, Kepa Errasti, Maika Etxekopar eta Eva Azpilikueta.Â
Iker Bengotxea aktore zuzendari eta Sudurgorri estudioko kidea arduratu da grabaketetan aktoreekin lan egiteaz. «Oso malguak izan gara. Erronka handia zen zenbait euskalki elkarrekin jartzea, eta aktoreak oso eskuzabalak izan dira». Aktoreek ere ekarpenak egin dituzte.
Sonu banda Maite Larburu musikariak egin du. Lula otsoa abestia ere harena da.
Euskaraz estreinatu dute fikzio lana. Baina Euroeskualdearen laguntza izan du egitasmoak, eta, beraz, Marie Hegi Euroeskualdeko ordezkariak iragarri du okzitanieraz, frantsesez eta gaztelaniaz ere ekoitziko dutela audiozko fikzio lana. Gaineratu duenez, Lula otsoa-ren unibertsoak beste «proiektu eratorri» batzuk ere izango ditu.
‘Argiz(h)ari’ saioa bihar goizean hasiko da
Marie Hirigoien eta Pantxix Bidarten eskutik, Gure Irratiak Argiz(h)ari izeneko emankizuna estreinatuko du bihar, 07:15ean. XX. mendeko soinu artxibategietan murgilduko dira. Batetik, Claudie Marcel-Duboisek eta Maguy Pichonnet-Andral Herrok Arte eta Tradizioen Frantziako Museoaren izenean egindako bilketara jo dute; Donibane Garazin, Saran (Lapurdi) eta Arrangoitzen (Lapurdi) grabaketa batzuk egin zituzten 1947an. Kantak, bertsoak, ipuinak eta oihuak bildu ziren horietan, besteak beste. Ordu hartako artxibo zaharrak berreskuratu dituzte.
Â