'Mad Men' telesailaren amaierako atalak emango dituzte Canal+en

Gaur hasiko da zazpigarren denboraldia AEBetan.Ordainezko katean bihartik emango dute

1960ko hamarkadako estetika nabarmentzen da Mad Men telesailean. Irudian, aktore protagonistak. BERRIA.
urtzi urkizu
2015eko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Hamabost Emmy, sei AFI Awards, lau Urrezko Globo eta bi Bafta irabazi eta gero, Ameriketako Estatu Batuetako Mad Men telesailari amaiera ematea erabaki dute. AMC katearen zazpigarren eta azkeneko denboraldia gaur hasiko dira ematen AEBetan. Hego Euskal Herria, bihartik aurrera ikusi ahalko da Canal+ ordainezko katean, jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpidatziekin. Hilaren 18tik aurrera, berriz, telesailaren azkeneko zazpi atalak euskarazko azpidatziekin ikusi ahalko dira Dual bertsioan; baita katalanezko azpidatziekin eta gaztelaniara bikoiztuta ere.

The End of an Era (Aro baten amaiera) izenburua jarri diote azkeneko atalen sortari. 1969. urtean dago girotuta. Hain zuzen ere, telesailaren zazpi denboraldietan 1960ko hamarkadako AEBen erretratua egin dute New Yorkeko publizitate agentzia baten gorabeheren bitartez. Don Draper da pertsonaia protagonista —John Hamm aktoreak jokatzen du rola—, Sterling Cooper agentziako zuzendaria. Azkeneko ataletan, Draperren bizitza misterio bat da. Izan ere, bere burua suntsitzeko prozesu batean murgilduta dago publizitate arloko sortzailea. Badaki iraganari aurre egin behar diola, etorkizuna salbatu nahi badu. Pertsonaiak anaia batekin eta emaztearekin izandako harremanak garrantzi nabarmena izan dute zenbait denboralditan. Bestetik, Drapperrek Koreako Gerran beste soldadu baten nortasuna faltsutu zuen, gerratik atera ahal izateko. Gizarte arloko hainbat gai jorratzen dituzte telesailean: sexismoa, feminismoa, sexu jazarpena lan arloan, alkoholismoa, homofobia, arrazismoa eta adulterioa.

'The Sopranos'-en gidoilaria

AEBetako eta nazioarteko kritikak Mad Men-en faktura eta estiloa goraipatu dute, telesailaren zuzendaritza eta benetakotasun historikoa nabarmenduz. Gidoien sakontasuna ere aipatu dute kritikari gehienek. Gidoi gehienen egilea Matthew Weiner da. Ez da hasiberria Weiner ikus-entzunezkoen munduan, sekulako arrakasta lortu baitzuen The Sopranos-en gidoilari eta ekoizle eragile moduan. Mad Men-en Weinerrek lau lankide hauek izan ditu ekoizpenean: Scott Hornbacher, Andre Jacquemetton, Maria Jacquemetton eta Janet Leahy.

2007ko uztailean emititzen hasi zen drama amaitzear da. Baina haren arrastoa ez da berehalakoan desagertuko. 2013an, TV Guide aldizkari espezializatuak inoizko seigarren drama onentzat jo zuen. Writers Guild Asociation elkarteak historiako 101 telesail onenen sailkapenean zazpigarren tokian jarri zuen.

Telesailaren musika ere asko goraipatu dute han eta hemen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.