Aitor Bilbao. Tor magoa

«Makila magikoarekin lana eskatuko nuke denentzat»

Urtarrilean hasi zen 'Sorgintxulo' haurrentzako saioa. Zuriñe Hidalgorekin batera aurkezten du Bilbaok goizero ETB1en, eta eguneko beste tarte batzuetan ETB3n.

urtzi urkizu
2015eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Magoa ez, baina «kuxkuxeroa» zuen aitona. Eta haren trukoei esker piztu zitzaion magiaren zaletasuna Aitor Bilbaori (Getxo, Bizkaia, 1982).

Zer moduz doa Sorgintxulo-ren lehen denboraldia?

Nahiko gustura gaude. Ez dakigu datorren ikasturtean zer gertatuko den, baina gu pozik gaude egindako lanarekin. ETBn ere, dirudienez, pozik daude. Kontratua ekainera arte da, oraingoz. Ez dakit zein izan den ikusle datuen eskakizuna.

Betizu-k hutsune handia utzi zuen bere garaian, eta askok eskatzen zuten haurrentzako barne ekoizpeneko saio bat. Betizu jairen batean parte hartu zenuen, ezta?

Bai, bi urtez egin nituen magia emanaldiak Betizu jaian, Bilboko Kasilda parkean [2007an eta 2008an]. Garai hartan ez nuen irudikatzen haurrentzako saio bat aurkeztuko nuenik.

Zuriñe Hidalgo beste aurkezleak estilo ezberdina du.

Bai, baina primeran konpondu gara hasieratik. Nahiz eta estilo ezberdinak izan, berdin ulertzen dugu haurren mundua. Zuriñe Hidalgo irakaskuntzatik dator. Nik urte luzez egin dut magia haurrentzat, eta gustura nabil.

Gorritxo pertsonaia birtualarekin nola aritzen zarete?

Truko bat dago. Berak egon behar duen lekuan monitore bat dago, eta monitore horretan agertzen da Gorritxo. Beraz, pertsonaia entzuten dugu, eta bere keinuak ere ikusten ditugu.

Baleukok egiten du saioa. ETBko zuzendaria urte luzez aritu zen ekoizpen etxe horretan. Horrek erraztu egiten al du bidea?

Ondo babestuta sentitzen gara, baina ez dut beste esperientzia askorik telebistan hori baloratzeko.

Kalean neska-mutikoek ezagutzen zaituzte?

Bai, gero eta gehiago. Aurreko batean taberna batean nintzen, eta haur talde bat gerturatu zitzaidan. Bakoitzak bere litxarreriak eman zizkidan handik gutxira.

Ingeniaritza industriala ikasi zenuen. Ikasketa horiek baliagarriak al dira magiarako?

Edozein ikasketak laguntzen dute. Ikuspegi zientifiko-tekniko bat dut, eta ziur nago ingeniaritza ikasketek eragin ona dutela.

ETB1en Magoak saioan parte hartu zenuen, baina bi atal baino ez zituzten eman. Zergatik ez ziren atal gehiago iritsi?

Ez dakit zein izan zen ez jarraitzeko arrazoia; ez ziguten azalpenik eman, soilik egindako lana gustatu zitzaiela. Kaleko jendearekin egin genuen programa hura hainbat magok, Bilbon eta Donostian. Oso polita zen. Pena izan zen ez jarraitzea. Bestetik, magoen artean oso ondo konpontzen gara.

Magia truko batekin gizarteko zerbait konpontzeko aukera bazenu zer egingo zenuke?

Oraingo honetan langabeziaren arazoa konponduko nuke. Egoera txarra da. Jendeak lan egiteko aukerarik ez badu, gizarteak ez dauka gora egiterik. Makilatxo magikoarekin lana eskatuko nuke denentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.