EITB taldearen Makusi plataformak eta klubak jai handia ospatuko du larunbatean Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia), bigarren pabiloian. 11:00etatik 17:00etara iraungo du jaialdiak, eta askotariko ekitaldiak izango dira haurrentzat eta gaztetxoentzat. Sarrera doakoa izango da.
Besteak beste, ikuskizunak, puzgarriak, ludotekak, margotzeko txokoak, psikomotrizitate guneak, tailerrak, eskulanak eta food truck-ak egongo dira 10.000 metro karratuko eremuan.
Ikuskizunen artean, Potx eta Lotx pailazoen tartea izango da: antzerkia eta dantza uztartzeaz gain, haurrak lehian jarriko dituzte erronka dibertigarriekin. Loa eta Laia pertsonaien atal berrien estreinaldiarekin batera, zuzeneko ikuskizun bat estreinatuko dute BECen.
Hori guztia gutxi balitz bezala, Go!azen telesailaren hamabigarren denboraldiaren lehen atalaren aurrestreinaldia egingo dute Makusi jaian —Donostiako Zinemaldian ere egin zituzten bi estreinaldi Belodromoan; eta beste bat Urbil merkataritza gunean—. Bizkaia Arenan proiektatuko dute atal hori. Horretara joan nahi duenak sarrera eskuratu beharko du aurretik.
Urrian zehar, Go!azen telesailaren inguruko eduki berezi eta esklusiboak sareratuko dituzte Makusi plataforman. Azaroaren erdialdean estreinatuko dute denboraldi berria, Makusin eta ETB1 katean.