Makusik 'Ameslarien banda' estreinatuko du bihar

Animazio birtualarekin egindako txotxongiloak sortu dituzte saiorako. Modu didaktiko batean, haurrek egoera desberdinei aurre egiten ikasiko dute. Xabi Paia da saioaren gidoilari nagusia. Zuzendari lanetan Juanjo Elordi aritu da.

Makusi plataformako 'Ameslarien banda' saioa. MAKUSI
Makusi plataformako 'Ameslarien banda' saioa. MAKUSI
urtzi urkizu
2025eko maiatzaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurreko ostiralean, Makusi plataformakMari sorgin ehiztari telesaila estreinatu zuen. Aste honetan, berriz, animazio birtualarekin landutako saio bat abiatuko du haurrentzat: Ameslarien banda. Hamar atal izango ditu lehen denboraldiak, bakoitza bospasei minutukoa. Panpina batzuek ikasgai oinarrizkoak emango dituzte, kantuz eta hitzez. 2 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzendua dago.

Xabi Paia da saioaren gidoilari nagusia. Hark azaldu duenez, EITB Lab laborategiaren dei bat jaso zuen esanez proiektu berritzaile bat zutela esku artean. Proposamenari baiezkoa eman, eta pertsonaiak sortzeari ekin zion: «Noski, Baizera eta Auskalo hiru iratxo dira; Ametsen ontzian zerua nabigatzen dute gauero, eta euren lana lo dauden umetxoen ametsak zaintzea da. Umetxo batek arazoren bat badu amets batean, Ametsen ontziaren alarmak jotzen du. Orduan, Ameslarien bandako kideak lo dagoen ume horren etxe gaineko hodeietara hurbiltzen dira, ametsak hodeien gainean gertatzen baitira, eta umearen ametsean sartu eta egoera konpondu egiten dute». Ametsen ontzira itzuli aurretik, abesti bat kantatuko dute, atal horretan ikasi beharreko gaia musikaren bidez gogoratzeko modu dibertigarri eta dantzagarrian.

Pertsonaiak bereziak direla nabarmendu du Paiak: «Noski iratxo lila eta alaia da, ausarta eta edalontzia beti erdi beteta ikusten duten horietakoa; Baizera iratxo laranja eta marmartia da, beldurtia, baina zuhurtziaz jokatzen duena; eta Auskalo iratxo urdin eta hitz-motela da, nondik aterako den ezin aurreikus daitekeena». Azken hori Txiribitoni egindako omenaldia da, neurri batean.

Saioaren lanketa hiru ardatzen gainean egin dutela azaldu du, bestalde, Paiak: «Pedagogia, berrikuntza eta erakargarritasuna. Lehenik eta behin, pertsonaiak, irudiak, istorioak eta saileko elementu guztiak, oro har, hezkidetza, aniztasun eta didaktika irizpideen arabera definitu dira. Bigarrenik, agerikoa da lana berritzailea dela aldez eta moldez. Azkenik, irudi eta egoera erakargarriak sortzea etengabeko helburua da, ikastea ez ezik gozatzea ere etxeko ikusle txikienen eskura jartzeko».

Denbora errealean filmatzen

Saioko animazio birtuala lantzen Mikel Hernando eta haren lantaldea aritu da. «Raised by Monsters ekoiztetxean real time teknologiaren alde egin dugu apustu. Hau da, bideojokoen motorrak erabiltzen ditugu entretenimenduko beste eduki batzuk sortzeko: telesailetarako, marrazki bizidunetarako...». Gaineratu du Makusiko saio berriko txotxongiloak etorkizunean zuzeneko ekitaldi edo emanaldi batzuetan erabili ahalko direla.

«Eszenatokiak aurretik hiru dimentsioan sortuak daude, eta, horien gainean, gidoiekin eta ahotsekin, txotxongiloen ekintzak grabatzen dira»

MIKEL HERNANDOAnimazioa denbora errealean filmatzeaz arduratu da

Errealitate birtualeko sistema bat erabiltzen dute, Unreal Engine 5, eta hori txotxongiloekin lotua dago. «Horiek denbora errealean kontrolatzen ditugu. Eszenatokiak aurretik hiru dimentsioan sortuak daude, eta, horien gainean, gidoiekin eta ahotsekin, txotxongiloen ekintzak grabatzen dira». Telebistako errealizazioa gaineratzen zaio prozesu horri. «Animazio tradizionalean planoz plano joan behar da. Baina kasu honetan eszena osorik filmatzen da, eta prozesua bizkortu egiten da».

Ameslarien banda egiteko, sei hilabeteko lanean aritu dira. «Paiak eta Nerea Urbizuk sortu dituzten kantek lagundu egin dute azken emaitzan. Eta bisualki emaitza ere oso ona dela iruditzen zait», gaineratu du Hernandok.

Etorkizunean atal berriak iritsiko direla iruditzen zaio Hernandori. «Zailena hasierako sormen prozesua izaten da. Baina eszenatokiak eta pertsonaiak ditugunez, etorkizunean errazagoa izan daiteke atalak egitea. Gainera, Ameslarien banda-ko pertsonaiak erabili ahalko dira beste modu batean; adibidez, neska-mutikoak eta txotxongiloak saio berean sartuz».

«Lantaldean erraz ikusiko genuke bigarren denboraldi bat non gurasoek eta eskolek aukera izango luketen Ameslarien Bandak konpondu behar dituen ametsetako gaiak edo arazoak proposatzeko»

XABI PAIA'Ameslarien banda' saioaren gidoilaria

Saioko ahotsak Iker Bengotxeak, Aintzane Crujeirasek eta Izaskun Zurutuzak jarri dituzte. Atalen zuzendaritza, berriz, Juanjo Elordik egin du; esperientzia luzea du Elordik animazioaren munduan.

Musikan eta kanten arloan Nerea Urbizuk egin duen lana ere goraipatu du Paiak: «Ameslarien Bandan hasiera-hasieratik egin dituen ekarpenak bikainak izan dira. Lan egiteko prozedura erraza izan da: nik letrak egin, eta hark musika jartzen zien, atal bakoitzean ahalegin berezia eginez gaira egokitzeko».

Hernando bezala, Paia baikorra da denboraldi berriak egiteari begira. «Lantaldean erraz ikusiko genuke bigarren denboraldi bat non gurasoek eta eskolek aukera izango luketen Ameslarien Bandak konpondu behar dituen ametsetako gaiak edo arazoak proposatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.