'Mantangorri'-ren webgunea martxan da gaurtik aurrera

Paperean argitaratzen diren edukiak eskuragarri egongo dira. Ipuinak bideo formatuan ere bai

Haurrei zuzendutako Mantangorri gehigarriko edukiak sarean ere topatu ahalko dira hemendik aurrera, Berria.eus/mantangorri webgunean. BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko irailaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Larunbatero dute zita Euskal Herriko neska-mutikoek BERRIArekin, egun horretan argitaratzen baita Mantangorri gehigarria. Hemendik aurrera, paperean ez ezik, mundu digitalean ere sareratuko dira Mantangorri-ko edukiak, eta haurrek edonoiz gozatu ahalko dute haiekin. Gaur bertan jarriko dute martxan Berria.eus/mantangorri webgunea. Paperean argitaratzen diren eduki guztiak topatu ahalko dira webgune horretan, eta izango dira bestelakoak ere.

Hasierako orrialdean ikusiko dira atal nagusiak: gaiak, ipuinak, denbora-pasak, Belardoren komikia, azoka eta bestelakoak. Horien gainean klik eginda murgilduko dira irakurleak edukietan; hartaz, gehigarrian argitaratu ohi diren erreportaje eta elkarrizketa interesgarriak webean irakurri ahalko dira. Tartean izango dira posterretako elkarrizketak eta liburuen idazleekin egiten diren elkarrizketak ere.

Webgunean egongo dira, gainera, Anne Baskaranek, Sandra Garaioak eta Karmele Gorroñok gehigarriarentzat egiten dituzten ilustrazio ederrak.

Ikus-entzunezkoak

Berritasunak ere egongo dira Mantangorri-ren eskaintzan. Webgune berriak hainbat ipuin kontalariren bideoak izango ditu, neska-mutikoek horiek nahieran ikusi eta entzun ahal izateko.

Bestalde, paperezko edizioan bi astean behin argitaratzen diren ipuinak topatu ahalko dira webgunean: Patxi Zubizarretaren Sigi saga sagu, Maddi Zubeldiaren Lo Galdu, eta azkeneko orrialdean argitaratu ohi diren istorioak ere bai.

Belardok, Iñaki Martiarena Mattin marrazkilariaren pertsonaiak, Mantangorri gehigarriaren azkeneko orrialdea umorez kutsatu ohi du. Eta webgunean ere Belardo belar meta maitatuaren abenturak topatu ahalko dira gaurtik aurrera.

Kaiet Bengoetxeak egiten dituen denbora-pasak, bestalde, deskargatzeko moduan egongo dira, inprimatu eta ariketak egiteko. Aukera erabilgarria izango da hori familia askorentzat, ikastetxeentzat eta denbora-pasekin gozatu nahi duten guztientzat.

Hori guztia gutxi balitz bezala, Berria.eus/mantangorri webgunean Irrien Lagunak taldekoek proposatzen dituzten eskulanak, esperimentuak eta bitxikeriak egongo dira eskuragarri.

BERRIAren eta Mantangorri-ren hogei urte hauetan egindako atal esanguratsuak ere sarean izango dira: jolasak, errezetak, esperimentuak... Guztiak klik batean eskura, eta doan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.