Telesailak

Maskulinitatearen azpian usteltzen den zauria

Richard Gadd, ‘Baby Reindeer’ arrakastatsuaren sortzailea, ‘Half Man’ telesailarekin itzuli da telebistara. Aurreko lanean bezala, proposamen deseroso, bortitz eta polemiko bat dakar, inor epel uzten ez duten horietakoa.

'Half Man' telesailaren fotograma bat. HBO MAX
'Half Man' telesailaren fotograma bat. HBO MAX
gaizka izagirre
2026ko maiatzaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Half Man-en lehen minutuak gaur egunean girotuta daude, Niallen (Jamie Bell) eta Albyren (Charlie De Melo) ezkontza ospakizunean. Baina ospakizuna bat-batean zapuztuko da Ruben azaltzen denean, Niallen anaiordea: gizon bortitz, probokatzaile eta zauritu bat da. Haren presentzia nahikoa izango da giroa pozoitzeko. Orduantxe ulertuko du ikusleak ezkontza ez dela hasiera bat, baizik eta aspaldidanik irekitako zauri baten berragerpena. Horregatik egingo du narrazioak atzera, 1989. urtera.

Han ezagutuko du ikusleak bien nerabezaroa. Niall 15 urteko nerabe isila da, eskolako korridoreetan ia ikusezin bihurtu den mutil horietakoa, bullying-ak egunero apur bat gehiago txikitzen duena. Ruben, berriz, amaren bikotekidearen semea da: adingabeentzako atxiloketa zentrotik atera berria. Niallen etxera iritsiko da bizitzera, eta biak gela berean lo egitera behartuta egongo dira. Une horretatik aurrera, telesailak ez du harreman soil bat kontatuko; bi pertsonaren artean sortzen den mendekotasun ilun eta suntsitzaile baten anatomia erakutsiko du.

Bien arteko lotura ez da erabat definituko: anaiakidetasunaren, boterearen eta gorrotoaren artean kulunkan bizi da etengabe. Afektua eta mina nahastuko dira, zaintza eta indarkeria bezala. Rubenek maskulinitate bortitz eta autosuntsitzailea gorpuztuko du. Niallek, berriz, emozioen errepresioa eta desiraren beldurra: sentitzen duena aitortzeko gai ez den norbait da.

Egitura narratiboa bi aro nagusitan banatuko da. Lehen hiru ataletan gaztaroa erakutsiko dute —institutua, unibertsitatea, nortasuna eratzen hasi baina oraindik guztiz hautsi ez den garaia—. Azken hiru atalek, ordea, helduarora eramango dute ikuslea, eta han pertsonaiek ezin dute gehiago ihes egin: urteetan pilatutako zauri emozional guztien aurrean biluzik agertuko dira.

Telesailaren eszenaratzea itogarria da, ia fisikoa. Kamera pertsonaien aurpegietara itsasten da, arnasa kentzeraino. Eztabaidak eztanda moduan iristen dira, eta indarkeria sentsazioa etengabea da. Hasieran, telesailak indar ikaragarria du, ikuslea harrapatu eta deseroso sentiarazten du etengabe. Baina atalek aurrera egin ahala, intentsitate horrek bere buruaren pisuarekin talka egiten du. Bigarren erdian, eredu emozionalak gehiegi errepikatzen dira, eta hasierako kolpeak indarra galtzen hasten dira.

Kontraesanen argi-ilunetan

Hor dago, agian, telesailaren kontraesanik handiena. Arazoa ez da erakusten duen gordintasuna, baizik eta atsedenik ez emateko duen obsesioa. Sekuentzia askok antzezpen erakustaldi baten itxura dute: eztanda emozional handiak, oihuak, negar hautsiak eta tentsio etengabea, inpaktu emozionalen bilduma bat. Eta hor sortzen da galderarik deserosoena: benetan ari al da gizonen indarkeria eta maskulinitate toxikoa aztertzen, ala sufrimendu horren morboan gehiegi murgiltzen da?

Zaila da Half Man burutik kentzea. Bortitza da, iluna eta deserosoa; zauri bat bezala geratzen da barruan. Batzuetan gehiegikerian eta errepikapenean erortzen bada ere, badu zerbait hipnotikoa.

'Half man'

  • Sortzailea. Richard Gadd. 
  • Herrialdea. Erresuma Batua.
  • Urtea. 2026.
  • Aktoreak. Richard Gadd, Jamie Bell, Mitchell Robertson eta Stuart Campbell.
  • Non ikusi. HBO Max.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
  • Generoa. Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA