'Merli' ETB1era iritsiko da bihar

Katalunian arrakasta handia du telesailak. 2011tik ETBk ez zuen telesailik euskarara bikoizten

Kataluniako TV3eko Merli telesailaren aktore protagonistak. ETBk hiru denboraldiak emango ditu. ETB.
urtzi urkizu
2018ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
ETB1ek Kataluniako Merli telesaila emango du bihartik aurrera, euskarara bikoiztuta (21:05). Eduard Cortes zinemagileak zuzentzen duen telesaila hirugarren eta azkeneko denboraldian da Katalunian, eta, hain justu, datorren astelehenean emango du TV3ek amaierako atala. Agertoki nagusia institutu bat da, eta atal bakoitza, filosofo baten ingurukoa. Merli Bergeron Filosofia irakaslea da protagonista —Francesc Orella aktoreak jokatzen du—, eta ikasle nerabeei XXI. mendeko Aristotelesen jarraitzaile bihurtzeko gonbidapena egiten die. Inguratzen dituen mundua zalantzan jarri, eta hausnarketa sakonak egiteko parada eskainiko die. Bestetik, protagonistaren seme Bruno institutuan ari da ikasten, eta aita-semeen arteko harremana ez da oso ona. Elkarrekin bizi dira, Brunoren ama Italiara joan baita bizitzera. Institutuko eskolei dagokienez, aldekoak eta kontrakoak izango ditu Filosofia irakasleak.

Sei urte luze joan dira ETB1ek azkeneko telesailak euskarara bikoiztuta eman zituenetik. 2011. urtean, Fringe, Chuck eta Vampire Diaries telesailak eman zituzten euskarazko katean.

ETBk adierazi du «ahalegin berezia» egin duela Merli-ren euskarazko bikoizketan, telesailaren jatorrizko erakargarri guztiak gordetzeko. «Batetik, ahotsak oso ondo aukeratu dituzte, eta oso interpretazio onak lortu dira. Mixer bikoizketa etxearen eskutik, esperientzia handiko aktoreek hartu dute parte», adierazi du Asier Larrinaga EITBren Euskara Zerbitzuko buruak. Irakasle protagonistarena Iñaki Beraetxe aktoreak egin du. «Bestetik, hizkuntza aldetik, jatorrizko testuan zegoen guztia euskaraz ematen saiatu gara; adibidez, Merliren hizkera gordin eta biraozalea, gazteen arteko hizketa, institutu giroko hizkera eta, protagonista filosofia irakasle denez, filosofiako klaseko azalpenak», azaldu du Larrinagak.

Halaber, gazteen hizkuntzara hurbiltzeko, ardura berezia jarri du ETBk. «Lehendik bageneuzkan hitz eta esamoldeak bilduta, baina, horrez gainera, beste bilketa bat egin dugu gazteek kalean darabilten euskaran, sare sozialetan eta Interneteko gazte foroetan arakatuz, eta esamolde berriak ere sortu ditugu», gaineratu du Larrinagak.

Netflixen ere ikusgai dago

Euskaraz ikusi ahalko da TV3eko telesaila ETBn. Urtzi Urrutikoetxea ETBko kazetariaren iritziz, interesgarria litzateke dualean ematea: «Lehen audio kanalean euskarazko bikoizketa, eta bigarren audio kanalean katalanezko jatorrizkoa euskarazko azpidatziekin». Kazetariaren arabera, salbuespena da Merli. «Izan ere, mundu guztiak, euskaldunok barne, kontsumitzen dugun fikzioa ez daukagu gure hizkuntzan». Netflix plataformak ere berriki jarri du telesail katalana bere katalogoan. Eta Urrutikoetxeak kritikatu du Euskal Herrian apenas egin dela presiorik Netflixen edukiak euskaraz egon daitezen. «Euskalgintzatik oso gutxi bultzatu da hori, eta nabari da utzikeria». Kazetariaren arabera, euskara aisialdiak hartu behar du eta aisialdiaren erdia pantailaren aurrean ematen dute herritarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.