Bideojokoak

'Metroid Prime 4', 'Marvel: Cosmic Invasion', 'Skate Story' eta 'Elden Ring Nightreign'-en espantsioa, urteari amaiera emateko

Abenduko estreinaldien agendak ustekabe politak dakartza plataforma guztietarako.

Abenduko bideojokoen estreinaldietako batzuk. GAME ERAUNTSIA
Abenduko bideojokoen estreinaldietako batzuk. GAME ERAUNTSIA
Lander Unzueta Lekerikabeaskoa - Game Erauntsia
2025eko abenduaren 1a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtea bukatzear bada ere, bideojokoen erauntsi ederra bizi beharra dago oraindik. Estudio handienek aspalditik desiratutako obrak ekarriko dituzte, baina indientzako lekua ere egon badago, ohi bezala.

Metroid da hilabeteko izar nagusia: 2017ko E3 azokan iragarri zuen Nintendok, eta, hainbat buelta eman ondoren, azkenik iritsiko da erabiltzaileen artera. Tartean, titulu handien zenbait port eta bertsio berri —Assassin’s Creed, Flight Simulator eta Warhammer 40K, besteak beste—, Marvel argitaletxeko superheroien beste joko bat eta, adi, Terminator filmetan oinarritutako retro titulua ere ikusi ahal izango dira.

Marvel: Cosmic Invasion

 

  • Argitaratze data: 2025-12-01.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Tribute Games / Dotemu.
  • Generoa: Akzioa, beat 'em up.
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Switch 2, Switch eta Xbox Series.

Iron Man, Captain America, Otsokume, Spider-Man, Ekaitz eta Venom ukabilkadak banatzen ibiliko dira beat ‘em up klasikoak omentzera datorren Cosmic Invasion-en. Bakarka zein beste jokalari batzuekin —tokikoak edo online multijokalariak—, Marvel komikietako heroi eta bilau ezagunak ikusi ahal izango dira.

Aski ezaguna da Tribute Games garatzaileak genero horretan daukan trebezia, Ninja Dortoken Shredder’s Revenge ikaragarriari dela-eta, eta Marvelen jokoarekin bide beretik jarraituko dutela dirudi: oraindik eskuragarri dagoen demoa benetan dibertigarria da, eta agerian utzi du jokagarritasun sakona duela.

Assassin’s Creed Shadows

 

  • Argitaratze data: 2025-12-02.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Ubisoft Quebec / Ubisoft.
  • Generoa: Akzioa, abentura.
  • Plataformak: Switch 2 (aurretik PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan).

Martxoan plataforma nagusietan estreinatu ondoren, Assassin’s Creed sagaren azken atal arrakastatsua Switch 2 berrira dator. Japoniara eramango du erabiltzailea oraingoan, bi protagonista berriren eskutik.

Alde batetik, Naoe ninja kontrolatu ahalko du jokalariak, hiltzaileen ohiko mekanikak eta ezaugarriak islatuz. Bestetik, Yasuke atzerritarrak —pertsonaia historikoan oinarrituta dago— samurai elementuak bereganatuko ditu, borrokak eta akzioa izanik bere ardatzak.

Gailu hibridoan erakutsiko duen errendimendua ikusteko dago. Fisikoan erosi arren, giltza digitala da Switch 2an eskuratuko dena; alegia, jokoa deskargatzea ezinbestekoa da, kartutxoa kode digitalarekin baino ez baitator.

Red Dead Redemption

 

  • Argitaratze data: 2025-12-02.
  • Garatzailea: Double Eleven, Cast Iron Games eta Rockstar Games.
  • Generoa: Akzioa, abentura.
  • Plataformak: PS5, Xbox Series, Switch 2, Android eta iOS (aurretik PS3, Xbox 360, PS4, Xbox One, Switch eta PC plataformetan).

Rockstarrekoek Red Dead Redemption originalarekin jarraitzen dute: John Marston cowboyaren abentura plataforma berrietan ikusiko da oraingoan.

Kontsolen kasuan, 4K bereizmena, segundoko 60 fotogramen tasa, HDR eta beste zenbait hobekuntza grafiko aipatu dira; Switch 2ra begira jarrita, bereizmena ez dute zehaztu, baina Joy-Con aginteak sagu gisa erabiltzeko aukera gehitu dute.

Sakelakoen kasuan, ukipen pantailentzako euskarria edukiko du, nola ez, mundu irekiko western horrek. Saltoki digital nagusietan saltzeaz gain, Netflix plataformaren harpidetzan eskainiko da Red Dead Redemption.

Let It Die: Inferno

 

  • Argitaratze data: 2025-12-04.
  • Garatzailea / Argitaletxea: SuperTrick Games / GungHo Online Entertainment.
  • Generoa: Akzioa, roguelike.
  • Plataformak: PC eta PS5.

Hilabeteko proposamen bitxiena da. Let It Die jokoaren jarraipena da Inferno, baita 2023an itxi zuten Deathverse: Let It Die-ren bertsio eraberritua ere.

Roguelike honek aukera ematen du beste jokalari baten aurka zein ingurunearen aurka aritzeko; hau da, PvPvE formatua hartzen du. Partida bakoitzean eraldatuko den infernu koloretsuan barneratu beharko da jokalaria, Herioren misioak betetzeko, bidean altxorrak eta bestelakoak eskuratuta.

Elden Ring Nightreign: The Forsaken Hollows

 

  • Argitaratze data: 2025-12-04.
  • Garatzailea / Argitaletxea: FromSoftware / Bandai Namco.
  • Generoa: Akzioa, roguelike.
  • Plataformak: PC, PS5 eta Xbox Series.

Elden Ring-en unibertsoan girotutako abentura kooperatiboak lehen espantsio handia jasoko du The Forsaken Hollows-ekin. Nightreign originalaren aldean, bi Nightfarer protagonista berri izango ditu, baita lur aldakorra (Shifting Earth) ere, eta horrek arerioak, armak, ekipamendua, sekretuak eta bestelakoak gehituko dizkio jokoari.

FromSoftwaren ibilbideari erreparatu izan diotenek aspaldiko zaldunaren aurka egingo dute berriro, besteak beste: Dark Souls originaleko Artorias itzuliko da buruzagi berrien artean.

Metroid Prime 4: Beyond

 

  • Argitaratze data: 2025-12-04.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Retro Studios / Nintendo.
  • Generoa: Abentura, akzioa.
  • Plataformak: Switch 2 eta Switch.

Samus Aran espazioko ehiztaria Nintendoren kontsoletara dator berriro. Arestian aipatu modura, aspaldi iragarritako Metroid Prime 4 tituluarekin lurreratuko da Switch eta Switch 2 gailuetan.

GameCube eta Wii kontsoletan jokatutako trilogiaren oinarriak berreskuratuko dituzte Retrokoek: lehen pertsonaren ikuspegia, esploratzeko planeta zabala, guneak irekiko dituzten abilezia eta mugimendu bereziak eta eskaneatzeko gako ugari, elementu horiek guztiak agertuko zaizkio Samusi. Berritasunen artean, botere psikikoak eta gune irekietan gidatzeko motorra nabarmendu beharra dago.

Switch 2 bertsioak hobetutako atal grafikoa, errendimendu aukerak (4K/60 fps edo 1080p/120fps pantailara konektatuta), murriztutako karga denborak eta Joy-Con aginteak sagu gisa erabiltzeko parada ekarriko ditu.

Octopath Traveler 0

 

  • Argitaratze data: 2025-12-04.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Square Enix.
  • Generoa: JRPG.
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Switch 2, Switch eta Xbox Series.

HD-2D estetikaren iraultza ekarri zuen Octopath Traveler JRPG sagaren atal berria ere iritsiko da abenduan. Gailu mugikorretarako Octopath Traveler: Champions of the Continent tituluko ideiak eta premisa hartzen ditu OT 0-k; hala ere, bertako gacha elementuak alboratu, eta eraberritutako gidoia aurkeztuko du.

Erabiltzaileak pertsonaiak sortuko ditu editorearekin istorio sakona duen JRPG erraldoi honetan barneratzerakoan. Txandakako borrokak, esplorazioa eta hizketaldi luzeak dira nagusi; oraingoan, baina, protagonistaren jaioterria berreraikitzen eta kudeatzen ere ariko da erabiltzailea.

Skate Story

 

  • Argitaratze data: 2025-12-08.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Sam Eng / Devolver Digital.
  • Generoa: Abentura.
  • Plataformak: PC, PS5 eta Switch 2.

Monopatin gainera igota, infernua —ederra, bitxia bezain misteriotsua— zeharkatzera eramango du erabiltzailea Sam Eng sortzailearen tituluak. Kristalezko deabru bilakatuta, ilargia irenstea izango du xede protagonistak, aske izateko bide bakarra baita.

Atal grafiko benetan berezia, Blood Cultures eta John Fio musikagileen soinu banda ikaragarria, eta istorio onirikoa eta harritzekoa eskaintzen ditu Skate Story-k; tartean, trikimailuak eta skate gaineko une ikusgarriak biziko ditu erabiltzaileak, proba anitzak gainditu ahala. 2025eko indie altxorra izateko aukera guztiak dauzka.

Microsoft Flight Simulator 2024

 

  • Argitaratze data: 2025-12-08.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Asobo Studio / Xbox Game Studios.
  • Generoa: Simulazioa.
  • Plataformak: PS5 (aurretik PC eta Xbox Series plataformetan).

Microsoften esklusibarik ezagunenetakoa PlayStationera dator. Microsoft Flight Simulator 2024-k hegazkinen aginteen aurrean jarriko du erabiltzailea, zeruak nahi bezala gurutzatzeko eta munduko edozein txoko esploratzeko.

PS5eko bertsioak ezaugarri berriak ekarriko ditu, gainera: DualSense agintearen kolpekari moldagarriek, giroskopio kontrolek, pertsonalizatzeko touchpad-ak eta aireko trafikoaren kontroleko zerbitzuaren komunikazioak entzuteko bozgorailuak funtzionatuko dute MSFrekin.

PS VR2 entzungailuekin batera funtzionatuko du errealitate birtualean jokatzeko, baina aukera doako eguneratzearekin iritsiko da 2026an.

Unbeatable

 

  • Argitaratze data: 2025-12-09.
  • Garatzailea / Argitaletxea: D-Cell Games / Playstack.
  • Generoa: Abentura narratiboa / erritmo jokoa.
  • Plataformak: PC, PS5 eta Xbox Series.

Pasa den hilabetean aipatutako indie jokoa da Unbeatable. Azaroaren 6an estreinatu behar zuten, baina kontsoletan merkaturatzeko baimenetan izandako arazoengatik, eta hilabete horretako bideojokoen estreinaldi handiengatik, abendura atzeratzeko erabakia hartu zuten Playstack argitaletxekoek.

Besteak beste Guitar Hero eta Rhythm Heaven jokoen moduko erritmo jokoa da D-Cell Gamesek garatutakoa. Beat protagonistarekin boterearen aurka egingo du erabiltzaileak, musikarekin batera.

Warhammer 40,000: Rogue Trader

 

  • Argitaratze data: 2025-12-11.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Owlcat Games.
  • Generoa: cRPG.
  • Plataformak: Switch 2 (aurretik PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan).

40K unibertso ezagunean oinarritutako bideojokorik onenetakoa izatera iritsi da Rogue Trader; orain, Nintendoko erabiltzaileek ere probatzeko aukera edukiko dute.

RPG abentura klasikoa da Owlcatena: espazioko Koronus Expanse gunea zeharkatuko du erabiltzaileak, zenbait pertsonaiaz osatutako taldearekin. Erabakiak eta txandakako borroka taktikoak dira ardatza: Pathfinder sagan ibilitakoek ondo ezagutuko dituzte Warhammerren joko honetan aurki daitezkeenak.

Orain jarraipena egiten ari dira, gainera; Warhammer 40,000: Dark Heresy «laster» estreinatuko dute.

Terminator 2D: No Fate

 

  • Argitaratze data: 2025-12-12.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Bitmap Bureau / Reef Entertainment.
  • Generoa: Akzioa.
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Switch 2, Switch, Xbox Series eta Xbox One.

Iraganera —eta etorkizunera— bidaiatuko du erabiltzaileak Terminator robotaren bideojokoarekin. Retro estiloko 2D abentura da: bigarren filmeko eszenak berriz bizitzeko aukera emateaz gain, etorkizun apokaliptikoan girotutako mailak ere izango ditu.

Dozenaka arma hartuta, lasterka, jauzika eta tiroka ariko da erabiltzailea. Sarah Connorren zoroetxeko ihesaldia, ubidean motorra hartuta kamioiaren aurkako «duelua», Cyberdyne-n egoitzako tiroketa... une gogoangarri ugari berregin dituzte Bitmapeko garatzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.