Udaberria hastearekin batera, Mikel eta Laboa podcasta loratu da Naiz irratian, Mikel Laboa artistaren audio bidezko biografia bat. Julian Diaz Alonsok egin du podcasta, eta hamabost atalez dago osatuta. Denak daude entzungai. Oroimenak: Mikel Laboaren biografia bat liburua du oinarri podcastak; hain zuzen, Marisol Bastidak idatzi zuen, Laboaren alargunak.
Podcastaren izena ere ez da ausazkoa, ez baita Laboa artistaren ibilbidea soilik jorratzen, baita Mikel pertsonaren bizitza ere. Donostian 1934an jaio eta 2008an hildako gizon haren biografia jorratzeko bidaia bat da podcasta, Mikelengandik Laboarengana eta Laboarengandik Mikelengana doana.
Musika, noski, ez du falta. Mikel Laboak egin eta abestutako kantuz jantzita dago podcasta, eta haren obra ulertzeko ezinbestekoak diren beste hainbatez ere bai. Ximun Haranek bildutako euskal kantu zaharrak nabarmentzen dira, adibidez; errepertorio hori gabe ezin baita ulertu euskal kantagintza berriaren jaiotza. Ez Dok Amairu taldea osatu zuten beste ahotsek ere badute lekua: Xabier Letek, Lurdes Iriondok, Benito Lertxundik, Artze anaiek... Eta Laboarentzat erreferente izan ziren beste batzuek ere bai: Atahualpa Yupanquik, Georges Brassensek, Lluis Llachek eta Raimonek, besteak beste.
Laboaren bizitzan mugarri izandako urteei helduta hasten da kapitulu bakoitza. Lehena 1936an abiatzen da, urte hartan hasitako gerrak eragina izan baitzuen Laboak gerora egin zuen sorkuntza lanean. Bigarren atalak 26 urte egiten du aurrera, eta 1962ra jotzen du: Laboak euskaraz eman zuen lehen kantaldiaren urtera. Beste bi atal eskaini dizkiote 1960ko hamarkadari, euskal kantagintza berria sortu zen aldiari: bere lehen diskoa atera zuen, Ez Dok Amairu mamitzen hasi ziren... Eta psikiatrian espezializatu zen; hori izan zuen ofizio urte luzez.
1970eko hamarkada hain oparoa izan zuen, ezen sei atal eman baitizkiote aldi horretan bizi izan zuena kontatzeari: kantaldiak loratu egin ziren Euskal Herrian eta atzerrian, Ikimilikiliklik ikuskaria nabarmendu zen, Komunikazio-inkomunikazioa Lekeitioa 5 estreinatu zuen, Txoria txori grabatu... Badago zer kontatua, alajaina. 1978tik 1984ko jauzia egingo ditu hamaikagarren atalak, aldi horretan eten egin baitzuen bere ibilbidea. Handik aurrera izandako ibilbide oparoa jasotzen dute gainerako kapituluek.
Eskaintza zabala
Berritasun gehiagorekin hasi du udaberria Naiz irratiak. Memoria historikoa hizpidera ekarriko dute astelehenero, 18:00etan, Oroimenaren Geltokia saioan. Maria Laespada historialariak gidatuko du saioa, eta Euskal Herriko historia garaikidean nabarmentzen diren gertakizunak eta pertsonak ekarriko ditu uhinetara.
Alde horretatik, eskaintza zabala du memoria historikoan jantzi nahi duen entzuleak, entzungai baitaude Peli Lekuonak gidatutako Hemen gertatu zen saioa, eta Ion Telleria kazetariak Burgosko prozesuaz eta Txiki eta Otaegiren hilketaz eginikoak ere.
Denerako lekua dago Naiz irratian, eta datozen hilabeteetan umorea ere ez da faltako. Kasurako, Bi eta piku saioa estreinatuko dute Iñaki eta Mikel Iriartek; asteartero emango dute, 18:00etan. Saio hartaz zera esan dute Naiz irratikoek: «Zergatik Bi eta piku? Ba, egileen arabera zertaz hitz egin ez zekitenean zertaz hitz egin ahal zuten aritu zirelako pentsatzen eta emaitza pikuak izan omen ziren. Posible ote da ordubete pikuen inguruan hitz egiten aritzea? Baietz dirudi...».
Halaber, Punpairez ematen ari dira ostegunero, 18:00etan. Orain arteko gonbidatuak Ane Elordi, Janire Atxurra, Xabier Euzkitze, Iñigo Aranburu, Ana Goitia eta Iker Iribarren izan dira, besteak beste.
Gainera, Leku baten bila bideopodcastak segituko dio bere bideari. Iraia Cambrak gidatzen du, eta musika munduan emakumeek dituzten bizipenak aditzera ematen ditu. Azken kafea saioari, berriz, bidea bukatu zaio. Atzo eman zuten heriotzari buruzko podcast horren azken saioa.