Gurasoak Argentinakoak ditu, baina Espainiako hiriburuan doktoretza egitera joanak ziren, eta han jaio zen «kasualitatez» Paloma Navarro (Madril, 1987). Argentinako hegoaldean hazi zen, ostera. Buenos Airesen egin zituen kazetaritza ikasketak. «25 urterekin Madrilera jo nuen, non jaio nintzen ezagutzera». Han egin zituen zinema ikasketak. «Horiek dira nire bi pasioak: kazetaritza eta zinema».
Zinema jaialdi bat sortu zenuen Madrilen. Nolatan?
Emakumeen film laburren jaialdi bat da, ez-fikziozko lanak dituena oinarri: Bendita Tú. Emakumeak eta disidentziak dira oinarria. Film laburrak pantailetara iristeko zailtasunak izaten dira. Argi dago ikusle gutxi joaten direla film laburrak ikustera. Era berean, underground den guztia programatzen saiatzen naiz. Jaialdi handietan normalean ez dauden izenak bilatzen ditut. Eta, gainera, fikzioa ez den formatu bat erakusten dut. Bederatzigarren urtez egin dugu aurten jaialdia.
Noiz hurbildu zinen podcasten eta audioaren mundura?
Vice hedabidean aritu nintzen lanean, editore koordinatzaile gisa. Podcast batzuk egiten hasi nintzen, emakumeen istorioak ezagutarazteko; horietan elkarrizketak eta migrazio istorioak ziren gehienak. Halako batean, Vice itxi egin zuten.
Zer ate zabaldu zitzaizun orduan?
Sonoro Media Mexikoko ekoiztetxearen dei bat jaso nuen. Esan zidaten Argentinan bazela istorio bat, fikziozkoa ez zen istorio bat, eta kazetaritza guztiz inplikatuta zegoela. Hor sartu nintzen bete-betean Skyvan: los vuelos de la muerte podcastaren lanean.
«Gorputzak bizirik, anestesiatuta, lotuta, biluzik, hegazkinetatik Rio de la Platara botatzeko ideia benetan makabroa eta morbosoa da. Inork ez du ulertzen desagertze sistema hori nola bururatu zitzaien zapaltzaileei»
Argentinako diktadurako istorio hori ezaguna zenuen?
Argentinako azken diktadura militarraren historia beti egon zen presente nire etxean, baita lagunekin izandako elkarrizketetan ere. Kontua da heriotzaren hegaldi deitutakoa gai korapilatsua dela. Hobi komun ugari daude Argentina osoan, eta gaur egun ere atxilotze zentro klandestinoak aurkitzen jarraitzen dute. Baina, edonola ere, gorputzak bizirik, anestesiatuta, lotuta, biluzik, hegazkinetatik Rio de la Platara botatzeko ideia benetan makabroa eta morbosoa da. Inork ez du ulertzen desagertze sistema hori nola bururatu zitzaien zapaltzaileei.
Baina gorpuak agertu ziren.
Ez zuten inoiz pentsatu mareak haien kontra egingo zuenik, eta gorpuak Uruguaiko kostalderaino eramango zituenik. Han lehen gorpuak agertzen hasi ziren, eta heriotzaren hegaldien inguruko lehen hipotesiak sortu ziren. Miriam Lewin kazetariak sekulako lana egin zuen pilotuak aurkitu eta epailearen aurrera eramateko. Podcastaren istorioa horri buruzkoa da: Miriam Lewinek egin zuen ikerketa lanari buruzkoa.
Podcasta finalista da Gabo sarietan. Leonardo Sbaraglia aktorearen ahotsak badu bere pisua. Nola izan zen harekin lan egitea?
Kasualitatez, haren antzezlan bat ikustera joan nintzen, eta bertan heriotzaren hegaldiez hitz egiten zuen. Gogoan nuen Sbaraglia sarri mintzatzen zela komunikabideetan giza eskubideen aldeko militantziaren alde. Argentinako historiarekin eta herrialdearen historia politikoarekin oso konprometituta dagoen pertsona da. Podcastaren proiektu honetarako deitu genionean, asko gustatu zitzaion. Erronka handia izan zen, ez baitzuen soilik ahotsarekin halako lanik egin. Egun batzuk eman genituen estudio batean sartuta, praktikatzen, gidoiak irakurtzen, non bere ahotsarekin bakarrik istorio bat transmititzen erabat inplikatu behar zuen. Eta hor bururatu zitzaigun aktorea bera gidoietan sartzea; istorioaren parte gisa, bere historia pertsonala ere agertuz.

Chupacabrasen istorioaren podcasta etorri zen gero, ezta?
Bai, Mexikoko istorio berezi bat. 1994ko krisi ekonomikoa estaltzeko asmatutako ke laino moduko bat izan zen hura. 1990eko hamarkadako Mexikoren egoera politiko eta ekonomikoa ondo ezagutu behar izan nuen, eta, horregatik, askotan joan nintzen Mexikora. Esperientzia indartsua izan zen. Mexikoko merkatua handia da, bestalde, eta ondo funtzionatu zuen.
Donostian bizi zara orain, behin-behinean. Argentinako egoerak badu eraginik horretan?
Bikotekidea Elias Kerejeta zinema eskolan ikasteko hautatu zutenean, harekin etortzea erabaki nuen. Argentinako egoera oso zaila da, bai politikoki, bai ekonomikoki. Egoera oso itogarria da.
Javier Milei delako presidentea?
Hala da, bai. Demokraziaren erakunde historikoetan, unibertsitate publikoetan, giza eskubideen aldeko erakundeetan, sistema zientifikoarekin eta komunikabideetan egoera ez da batere samurra. Mileik etengabe mehatxatzen ditu, eta haien existentzia kolokan da. Kulturaren mundua ziurgabetasun handiko garai batean da. Aurrekontu txikiek, ingurunea eraisteak eta laguntzak murrizteak zuzenean eragin diete zinemari, antzerkiari eta kultur proiektu independenteei. Zorionez, erresistentzia eta antolaketa gaitasun aldetik, kultur langileak eta artistak indartsu dabiltza esparru horiei eusten. Mileiren gobernua oso oldarkor ari da kazetariekiko eta gobernuarekiko kritikoak diren hedabideen aurka.
Donostian egoteak pozten zaitu, baina bada beste arrazoi txikiren bat poz horretarako, ezta?
Bai, nire arbasoak ere euskaldunak ziren. Euskal Herriko kultura sekulakoa iruditzen zait. Gauza batzuk ez ditut oraindik ondo ulertzen. Baina pixkanaka...