Telesailak

'Millennial' bat Z belaunaldiaren lurraldean

Lorena Iglesiasek eta Andrea Jaurrietak sortutako ‘Millennial Mal’ telesailaren protagonista Judith da, langabezian dagoen 42 urteko liburuzain bat. Oker burokratiko baten ondorioz, unibertsitatera itzuli beharko du, eta han bere adina ezkutatu.

'Millennial Mal' telesailaren fotograma bat. FILMIN
'Millennial Mal' telesailaren fotograma bat. FILMIN
gaizka izagirre
2026ko ekainaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ohikoa da bizitzako une jakin batzuetara berandu iritsi izanaren sentipena izatea. Ingurura begiratu, eta norberak oraindik bilatzen duena lehenago lortu dutenak agertzen dira: amestutako lana, harreman egonkorra, norabide argi bat. Baina bizitzak ez dio egutegi unibertsal bati men egiten. Esperientzia, erabaki eta estropezu bakoitzak bere bidea marrazten du, eta bide horrek ez ditu beti besteen erritmoak errespetatzen.

Hausnarketa hori sortuko zaio, ziurrenik, ikusleari Millennial Mal telesaila ikusi ostean, bereziki Judith (Lorena Iglesias) pertsonaia ezagutzean. Unibertsitateko gaztez mukuru dagoen festa batean agertzen denetik bertatik, Judith ez da oharkabean pasatuko: aldi berean barrea, enpatia eta arbuioa pizten dituen presentzia deseroso baina magnetikoa da. Gaur egungo munduari begiratuko dio, Z belaunaldiari zehazki, garaiz kanpo iritsitako bidaiari batek mapa zahar bat eskuetan hartzen duen moduan.

Langabezian dagoen 42 urteko liburuzain bat da Judith. Akats burokratiko baten ondorioz, jasotzen duen beka kobratzeko, unibertsitatera itzuli beharko du. Campusaren kode berrietan harrapatuta —jaiak, outfit-ak, cringe-aren beldur etengabea...—, eta bere adina ezkutatzeko ahaleginean, bi ikaskideren laguntzaz itxura aldaketa egingo du. Hasieran maskara hutsa dirudiena, ordea, pixkanaka haren nortasun berriaren parte bihurtuko da; fikzioa bera sinetsi ere egingo du azkenerako.

Lorena Iglesiasekin batera, telesailean arituko dira Isa Calderon umoregilea —fikzioan debuta egingo du—, eta Vito Sanz, Victoria Oliver eta Paula Gala aktoreak. Presentzia apalagoarekin, ia cameo modura, baina ikusle askori ezagun egingo zaizkion euskal aurpegiak ere agertuko dira: Ben Yart, Flankofonki eta Ane Sagues; agerraldi laburrak, baina oso dibertigarriak.

Gainerako pertsonaiak estereotipo ezagunen gainean eraikita daude, baina begirada berritu eta ironiko batekin. Erreferentziak agerikoak dira: Freaky Friday, Mean Girls, 10 Things I Hate About You eta institutuko eta unibertsitateko antzeko komediak. Hala ere, telesailak autoparodiaren kutsua eransten die, eta emakumeek idatzitako komedia tradizioari egindako maitasun gutun moduko bat da emaitza. Testuinguru horretatik sortzen dira beste hainbat gai ere: feminismoa, patriarkatua, lagun taldeen dinamikak, ikaskideen arteko lehia edota pertenentziaren beharra.

Arrisku formalik gabe

Formari dagokionez, naturalismoaren eta unibertsitateko komedia klasikoaren arteko oreka bilatuko du. Ez du arrisku formal handirik hartzen, baina bere sinpletasunean eraginkorra da, kontakizunari arnasa emanez eta protagonisten arteko harremanei lekua eginez.

40 urtera iritsita egonkortasun promes asko ez zirela inoiz benetakoak izan ohartzen den emakume baten eskutik, krisi ekonomiko eta laboralak kateatu dituen belaunaldi baten erretratu arin eta dibertigarria osatu dute sortzaileek.

Telesailak belaunaldien arteko klixeak eta egoera esajeratuak baliatzen ditu umorea egiteko, baina horien azpian bada bestelako begirada bat ere: nortasunari buruzkoa, zahartzeari buruzkoa eta bizitza espero zen bidetik aldentzean nork bere burua berrasmatzeko duen beharraz mintzo dena.

Horregatik, Millennial Mal ez da soilik belaunaldien arteko talka bati buruzko komedia bat; galduta sentitu arren oraindik garaiz izan daitekeela gogorarazten duen istorio bat ere bada.

'MILLENnIAL MAL'

  • Sortzaileak. Lorena Iglesias eta Andrea Jaurrieta.
  • Herrialdea. Espainia.
  • Urtea. 2026.
  • Aktoreak. Lorena Iglesias, Victoria Oliver, Paula Gala eta Vito Sanz.
  • Non ikusi. Filmin.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 25 minutu.
  • Generoa. Komedia, drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA