Aitziber Garmendia. Aktorea

«Modu pertsonalean ariko naiz, ez kazetari gisa»

ETB1ek 'Batek daki' saioa estreinatuko du gaur, 22:15ean. Garmendia izango da gidaria, zalantza existentzialei erantzuna umorez aurkitzeko bidean. Lau atal grabatuko dituzte.

urtzi urkizu
2016ko apirilaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
ETBrako makina bat saiotan egin du lan Aitziber Garmendiak (Zaldibia, Gipuzkoa, 1982). Antzerkirako ere hainbat lanetan murgilduta dago. Ez dago geldi egoteko.

Bizitzako zalantza existentzialen inguruan ariko zara gaurtik aurrera Batek daki saio berrian. Nola eta zer estilotan?

Estiloa umoretik bideratuta izango da; umore nahiko gazia, gainera. Bakarrizketa bat izango da programaren bizkarrezurra. Autobus markesina batean nago zain, eta hor hasiko naiz gai bakoitzaren inguruko gogoetak plazaratzen. Ondoren, gaiaren inguruko ikuspegi ezberdinak txertatuko ditugu hainbat gonbidaturekin. Bakarrizketa batekin ere bukatuko dugu.

Elkarrizketak non egingo dizkiezu aipatu dituzun gonbidatuei?

Bakoitzaren girora joango gara. Adibidez, egunotan artzain bat elkarrizketatu dugu, eta bere eremura joan gara.

Gai serio guztiei atera ahal zaie umorea?

Bai. Dena den, saiatu gara umorea erraz sar daitekeen gaiak izatea saiokoak. Ez gara egoera oso dramatikoetan sartu.

ETBk iragarri duenez, amatasunaz ariko zarete gaur estreinako atalean. Aitatasunaz ere hitz egingo al duzue?

Bai, haurrak izango dira protagonista. Amatasuna eta aitatasuna aipatuko ditugu, biak ala biak.

Galderak eta galderak egiten ibiliko zara. Kazetari ofizioa hartuko al duzu azkenerako?

Ez, ez nuke nahi, gainera. Ez da hori helburua. Programan modu pertsonalean eta ezjakintasunez ariko gara, baina ez kazetari edo erreportari gisa. Aktore lana dago hemen gehiago.

Aurreko denboraldian Zuek hor saioan aritu zinen. Ez al da falta horrelako saioren bat ETBn?

Pena handia eman zidan saioa bukatu zenean. ETBn beste aukera bat ematen zuen. Dena den, ez dakit zer den ETBn falta dena. Ez dut neure burua gai ikusten azterketa serio bat egiteko.

Antzerki lan batzuetan bazabiltza. Zer moduz doaz?

Ondo, gustura nabil, lan askorekin. Astelehenean Udako gau baten ametsa entseatzen hasiko gara, ekainean Donostiako Kristinaenea parkean estreinatuko duguna. Ilusio handiarekin gabiltza. Bestetik, ETBkoa amaitu, eta maiatzetik aurrera Iker Galarza eta biok Madrilera joango gara, Ondoko hilobiko tipoa komedia gaztelaniaz eskaintzera. Astebururo ariko gara Txalo konpainiaren lan hori antzezten, ekainaren 12ra arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.