Munduko Futbol Kopako gizonen kategoriako 54 partida emango ditu M6 kateak, eta 33 lehia La1k

Lehia guztiak (104) ikusi nahi dituenak ordainpeko hainbat aukera izango ditu. Uztailaren 19ko finala La1 katean ikusi ahalko da Hego Euskal Herrian, eta M6 katean Ipar Euskal Herrian.

Mexiko Hiriko Azteca estadioa. Han hasiko da gaur Munduko Kopa. TOMAS PEREZ / EFE
Mexiko Hiriko Azteca estadioa. Han hasiko da gaur Munduko Kopa. TOMAS PEREZ / EFE
urtzi urkizu
2026ko ekainaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mexikon, Kanadan eta AEBetan jokatuko dute futboleko gizonezkoen Munduko Kopa 48 herrialdek, gaur hasi eta uztailaren 19ra bitartean. Telebistaz, irekian, Frantziako M6 kateak eta Espainiako La1k emango dituzte partida ugari: Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, M6 kate pribatuan 54 partida ikusi ahalko dira. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, berriz, La1 kateak 33 partida emango ditu zuzenean. Futbol txapelketari hasiera emateko lehia Mexikok eta Hegoafrikak jokatuko dute, gaur, Mexiko Hiriko Azteca estadioan, eta 21:00etan emango dute aipatutako bi telebista kate horiek. Hasiera ekitaldiaren emankizuna lehenago hasiko da, 19:30ean.

Partidak Amerikan jokatuko direla aintzat hartuta, ordutegiak aldakorrak izango dira: 18:00etan edo 19:00etan emango dituzte partida batzuk, 21:00etan besteak, eta izango dira 01:00etan eta 02:00etan jokatuko direnak ere. Bihar, La1 eta M6 kateek Kanada-Bosnia lehia emango dute, 21:00etan. Telebista konbentzionaleko bi kate horietan ikusi ahalko dira final-laurdenetako partida guztiak eta finalerdiak. Baita uztailaren 19an New Yorken (AEB) jokatuko den finala ere. Era berean, kate horien Interneteko doako zerbitzuetan ere —RTVE Play eta M6+— ere ikusi ahalko dira partidak doan.

Ordainpekoen eskaintza

Edonola ere, inoiz baino futbol partida gehiago jokatuko dira aurten Munduko Kopan: 104. Eta guzti-guztiak ikusi nahi dituztenek ordainpeko zerbitzu bat izan beharko dute kontratatua. Hego Euskal Herrian, DAZN, Movistar Plus eta Orange TV ordainpeko telebistek emango dituzte partida guztiak. Era berean, Internet eta telebistako beste operadore batzuk kontratatuak dituztenek DAZN Mundial ordainpeko eskaintza berezitua pagatu ahalko dute lehiak ikusteko. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, beIN Sports ordainpeko operadoreak emango ditu partida guztiak.

OROIMENEZKO BAT HIL DITUZTEN KAZETARIEN omenez

Giza eskubideen aldeko eta kazetarien hainbat elkartek tona bateko oroimenezko bat jarri dute Mexiko Hirian, Erreformaren etorbidean, herrialde horretan hil dituzten kazetariak gogoratzeko. Desagertuta dauden kazetari mexikarrak ere oroitu dituzte monumentuan. Elkarteek jakinarazi dutenez, azkeneko 25 urteetan 150 kazetari baino gehiago hil dituzte Mexikon. «Oroimenezko honek eremu publikoa urratzen du, gobernuari baimena eskatu gabe, eta protesta gisa tresna ona izan daiteke», esan du Jorge Verastegik, egitasmoaren sustatzaileen ordezkari gisa. Propio jarri dute oroimenezkoa Munduko Kopa hasi aurreko egunetan, Mexiko Hirian milioika bisitari izango direla aintzat hartuta.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE