'Munduko ipuinen xokoa' sortu du Radiokultura irratiak

Euskaraz zein frantsesez entzun daitezke hainbat herrialdetako ipuinak. Hogei urte bete berri ditu Radiokultura Internet bidezko irratiak.

Radiokulturaren Ipuin Kutxa. RADIOKULTURA
Radiokulturaren Ipuin Kutxa. RADIOKULTURA
urtzi urkizu
2025eko azaroaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azaroaren 15ean, hogeigarren urteurrena ospatu zuen Radiokultura Internet bidezko irratiak,  Hazparnen (Lapurdi). Baina ez dabiltza ospakizun hutsean. Eduki bete lan badute, eta askotariko berrikuntzak ari dira martxan jartzen azkeneko asteetan.

Radiokulturaren eskaintza ezagutarazteko erakusleiho eta sarbide nagusia irratiaren webgunea da, eta hori berritu egin dute. «Azken hogei urteetan erregularki eguneratu ditugu webaren diseinua, erabilgarritasuna eta ezaugarriak, erabiltzaileen ohituren bilakaerara egokitzeko», azaldu du Mikel Etxebarria irratiko koordinatzaileak. Nahiz eta webgunearen azken bertsioak bi urte baino ez zituen, berriro diseinatu dute. Eta aldaketa hauek ditu web berriak: hasierako orrialdean hobekuntza grafikoak eta ergonomikoak; buletinaren harpidetza egiteko aukera eta sare sozial berrietarako estekak; eta Radiokulturaren azken proiektuak entzuleekin partekatzeko orrialde gehigarri bat.

Etxebarriak nabarmendu du Radiokultura proiektuaren helburuak lehengo berak direla: «Euskal eta frantses unibertsoen arteko elkargune bat izatea, euskara sustatzea eta kalitate handiko programazio interaktiboa eskaintzea».

Xede horri jarraituz, Radiokulturak Munduko ipuinen xokoa jarri du martxan. «Euskaraz eta frantsesez grabaturiko ipuin laburrek hutsune handi bat beteko dute». Hamar minutu baino laburragoak dira, eta musikaz lagunduta sareratu dituzte. Euskal Herriko, Eskoziako, Finlandiako, Armeniako eta beste herrialde batzuetako ipuinen irakurketa egin dute, bi hizkuntzatan. «Ipuin horiek jakin-mina sortzen dute, irudimena elikatzen dute, eta hizkuntzarekiko maitasuna pizten dute», adierazi du Etxebarriak. «Haurrentzat, gurasoentzat eta ipuinen magian sinesten duen edonorentzat dira».

Bozgorailu berezi bat ere sortu dute Radiokultura irratikoek: Ipuin Kutxa. Aipaturiko ipuinak entzun ahalko dira tresna horretan. Dena den, proiektua diruz laguntzeko eta Ipuin Kutxak banatzeko, kanpaina bat abiarazi dute. Radiokulturaren egitasmoa laguntzeko ere bada kanpaina.

Finantzaketa zailtasunak

Radiokultura irratiaren programazioa aberasten ari dira, bestalde, irrati nobela berriekin. Guacamolearen Gerra eta Gasnaren Borroka izan dira bi irrati nobela berrienak. «Entzuleen harrera ona ikusita, urtean bi edo hiru irrati nobela berrirekin jarraitzeko asmoa dugu», dio Etxebarriak.

EBA Egiazko Berdintasunaren Alde elkartearekin elkarlanean, berriz, elkarrizketa sorta bat ematen hasiak dira. Emakumeek politikarekiko duten engaiamenduaren aldeko kanpainaren barruan sortu dute sorta hori, eta berdintasun batzordeetan parte hartzen duten emakume hautetsiekin ari dira elkarrizketak egiten.

Baina lan horiek aurrera eraman ahal izateko, sosak behar ditu Internet bidezko irrati elebidunak. Eta Etxebarriak aitortu du «finantzaketa zailtasunak» dituztela. «Azken hiru urteetako kontabilitate txostenek agerian utzi dute finantzaketa publikoaren murrizketa, eta horrek arriskuan jarri du irratiaren etorkizuna». 2023an, 12.000 euroko defizita izan zuten; iaz, 10.000 eurokoa; eta aurten, zazpi mila euroko defizita espero dute. «Defizit horri aurre egiteko eta etorkizunean proiektu berritzaileekin segitzeko, Ipuin Kutxak ekoiztea erabaki dugu».

Bozgorailu txiki bat da Ipuin Kutxa. Eta merkatuan berria dela nabarmendu du Etxebarriak. «Hutsune bat betetzen ari gara, gaur egun merkatuan ez baitago euskara barne hartzen duen tresnarik. Gailu eramangarri horrek robot txiki baten antza du, eta hamalau ipuin original izango ditu hasieran», zazpi euskaraz eta beste zazpi frantsesez. Bereziki 3-12 urte arteko neska-mutikoei zuzendua dago. Helloasso plataformako kanpaina horretan parte hartzen dutenek Radiokulturaren Ipuin Kutxa bat jasoko dute opari, 30 euroko ekarpen baten trukean. Eskola oporraldi bakoitzean, lau istorio berri gaineratuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.