Netflix Euskaraz herri mugimendua 2021eko otsailaren 16an jarri zuten martxan Bizkaiko hainbat euskaltzalek, sinadura bilketa baten bitartez. Netflix plataformari eskatzen zioten edukiak euskaraz emateko. Ez zuen nolanahiko harrera jaso: 13.800 herritarren sinadurak lortu zituzten. Taldeko militanteek argi dute lanean jarraitu beharra dagoela, eta aurrerantzean ere euskararen eta euskarazko kulturaren alde lan egiteko konpromisoa berretsi dute. Baina haien taldeak ez du jarraituko. Bere ibilbidea amaitutzat eman du Netflix Euskaraz-ek, agiri baten bitartez.
Taldeak gogoratu du agerraldi garrantzitsu bat egin zutela 2021eko apirilaren 17an Durangon (Bizkaia), eta orduko hartan euskalgintzako eta ikus-entzunezkoen arloko eragile askoren babesa jaso zutela. Erakundeei deia egin zieten, ikus-entzunezkoetan, eskumena daukaten esparruetan, euskararen presentzia legez bermatzeko.
«Urte hauetan, aktibazioan eta kontzientziazioan asko egin dugu aurrera; ez, ordea, euskal erakundeen politika publikoetan», dio talde euskaltzaleak. «Lau urteotan Eusko Jaurlaritzak ez du gaiari heltzeko inolako borondaterik adierazi. Ez du pausorik txikiena egin Netflix, Prime Video edo Disney Plus eta antzeko plataformetan euskarazko eskaintza duina bermatzeko».
Netflix Euskaraz-en arabera, egungo kontsumo ohiturei eta erronkei ez erantzuteak «izugarrizko kaltea» eragiten dio hizkuntzari. Gainera, taldeak salatu du Jaurlaritza ez dela legea betetzen ari: «Ez da Espainiako Komunikazioaren Lege Orokorrak ezartzen dizkion betebeharrak betetzen ari. Lege horrek dio ikus-entzunezko lan bat diru publikoz berezko hizkuntzan bikoiztuta badago, tokian tokiko erakunde publikoa dela bikoiztutako bertsio hori streaming plataformetara bidaltzearen eta gaiari jarraipena egitearen arduraduna». Egoeraren larritasunaz ohartarazi du taldeak: «Euskararen normalizazioaren aurkako praktika publikoen zerrendan bat gehiago da. Benetako aukera genuen hizkuntzaren normalizazioan jauzi handi bat egiteko. Euskarak aukera zuen lau haizeetara zabaltzeko, eta plataformen eremuan, hein batean, gainerako hizkuntzen pare egoteko». Baina ez da halakorik gertatu.
Kritikak EITBri
Netflix Euskaraz-ek argi du eztabaida ez dela publikoaren eta pribatuaren artekoa: «Euskararen normalizazioan aurrera egiteko, politika publikoek zeregina ez da soilik eremu publikoan eragitea. Erakundeek eremu publikoan zein pribatuan euskararen eta euskarazko lanen presentzia bermatzearen alde egin behar dute». Argi dute desegin berri den taldekoek: «Euskara ikus-entzunezkoetan normalizatuko bada, euskarazko hamarnaka dozena lan merkaturatu eta zabaldu direlako izango da. Ez bestela». Gaineratu dutenez, plataformen erabiltzaile diren euskaldunen hizkuntza eskubideak jokoan egoteaz gain, «estrategikoa» da hizkuntzarentzat.

EITBren inguruan hausnarketa batzuk ere egin ditu Netflix Euskaraz-ek: «Ongietorriak dira Primeran eta Makusi plataformak. Baina EITBk, aurrekontu oparoak emanda eta kalitatezko eskaintza erakargarria osatuta, frogatu beharko du abangoardia dela euskararen biziberritzean». Izan ere, militante euskaltzaleek uste dute EITBri dagokiola gizarteko geruza zaurgarrienei, telebista konbentzionalean zein eskari bidezkoan, «euskarazko sarbide unibertsal eta doakoa bermatzea». Dena dela, EITBren proiektua osorik aztertuta, Netflix Euskaraz-ekoak ezkorrak dira: «Ez dugu aldaketarako eta baikortasunerako zantzurik ikusten: erdara lege da EITBn».
Hain zuzen ere, talde euskaltzaleak kritika gehiago egin dizkie Jaurlaritzari eta EITBri: «Ematen du Jaurlaritzako eta EITBko arduradunek nahi dutela EITB izatea euskarazko zerbitzua ematen duen operadore bakarra. Badirudi nahi dutela EITBk izatea euskarazko eskaintzaren kontrol esklusiboa». Hori hautsi beharra dagoela uste du Netflix Euskaraz-ek: «EITBren monopolio izateari uzten dion egunean, euskarak ikus-entzunezkoetan jauzi erraldoi bat egingo du euskararen normalizaziorantz».
Herritarrei deia
«Hizkuntza diglosia estrukturala» dagoela salatu du, era berean, Netflix Euskaraz-ek: «Jaurlaritzak euskara eta euskarazko kultura bigarren mailakotzat jotzen ditu, EITBn eta EITBz harago». Taldearen aburuz, diru publikoa «lehentasunez» gaztelerazko kulturari, ikus-entzunezkoei eta hedabideei ematen zaie. «Gaztelerazko kateak sustatu dira, eta haiei eman zaie prestigioa, eta euskal hiztunak EITBren gaztelerazko programetara bideratu dira».
Netflix Euskaraz-ek gogorarazi du euskarazko kulturgintza osoa kexu dela. «Kulturgintzan, sorkuntzan, itzulpengintzan eta bikoizketan urteetan euskaratik eta euskaraz aritu izan diren artista eta profesionalak kexu dira Eusko Jaurlaritzak eta EITBk ez dituelako zaindu. Indarrean izan diren politikek eta lan egiteko moldeek prekarizaziora eta lana abandonatzera bultzatzen dituzte».
Gauzak horrela, taldea bere horretan desegin egingo den arren, Netflix Euskaraz-ek deia egin die herritarrei, aktiba eta mobiliza daitezen. «Ekin diezaiogun gogoz euskarazko kulturgintzaren alde, euskarazko kulturarik gabe etorkizunik eta esperantzarik gabeko komunitatea baikara».