Orain arteko daturik onenak lortu ditu 2020. urtean Netflix plataformak. Nahiz eta merkatura lehiakide berriak iritsi diren, eta lehiakide batzuen indarra handia den, aurtengo urtea ere etekin ekonomikoz betea izan dezake streaming bidezko zerbitzu horrek. Joan den urtean, beste 36,5 milioi harpidetza lortu zituen Netflixek, eta, hortaz, 203,7 milioi harpidetza ditu gaur egun.
Harpidedun horien banaketa geografikoan, AEBetakoek pisu handiagoa zuten duela urte batzuk, baina azkenaldian beste kontinente batzuetan ari dira bezero berri gehien erakartzen. Egun, 73,9 milioi harpidedun dira Ipar Amerikakoak; 66,7 milioi Europakoak, Ekialde Hurbilekoak eta Afrikakoak; 37,5 milioi Latinoamerikakoak; eta 25,5 milioi Asia-Ozeano Barea eremukoak.
Netflixek datuak argitara eman eta berehala, enpresak burtsan dituen akzioek gorantz egin dute: %10 baino gehiago.
Kontuan hartzeko moduko datua da Netflixek 2020an 2.272 milioi euroren irabaziak izan zituela —aurreko urtean baino %47,9 gehiago—. Pandemiak eta herrialde askotan izan duten derrigorrezko konfinamenduak eragina izan dute plataformaren harpidedunen gorakadan. Urteko azken hiruhilekoa ez zen hain ona izan, eta, aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, %31 gutxitu zitzaizkion irabaziak. 446 milioi euro irabazi zituen enpresak urritik abendura, eta 8,5 milioi harpidedun gehiago hasi ziren zerbitzua erabiltzen. 2021erako iragarpenak ere onak dira: urtarriletik martxora irabaziak handitzea espero dute, eta beste sei milioi harpidedun egitea epe horretan.
Dauzkan harpidetzak mantendu eta berriak egiteko asmoz, Netflixek iragarri du aurten 71 pelikula propio estreinatuko dituela. Hartara, urteko aste guztietan egongo da Netflix Originals deiturako pelikula bat. Kopuruan, behintzat, bere lehiakideak gaindituko ditu. Telesailei dagokienez, mundu osoan arrakasta lortu duten fikzio batzuen atal berriak iritsiko dira: La casa de papel-en bosgarren eta azkeneko denboraldia; Ozark-en laugarren eta azkenekoa; The Witcher-en bigarrena; Stranger Things-en laugarrena; Atypical-en azkenekoa; eta Elite-ren laugarrena, besteak beste. Plataformak 500 ekoizpen ditu postprodukzio fasean.
Zenbait telesailen datuak ere eman ditu: The Witcher izan da estreinatu eta hurrengo lau asteetan ikus-entzule gehien izan duena (76 milioi); Frantziako Lupin telesailak, halaber, sekulako arrakasta lortu du, eta espero da 70 milioi ikus-entzule izatea bere lehen lau asteetan; Bridgerton telesailak 63 milioi ikusle bereganatu ditu, eta asteon iragarri dute bigarren denboraldia grabatuko dutela; eta The Queen's Gambit-ek 62 milioi ikusle erakarri ditu.
Netflixek 203,7 milioi harpidedun ditu, eta gorantz doa
2020. urtean, beste 36,5 milioi harpidetza bereganatu ditu plataformak. 2019arekin alderatuz, %47,9 handitu dira enpresaren irabaziak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu