Netflixeko euskarazko azpidatzietan oker sistematikoak antzeman dituzte

Josu Barambones aztertzaile eta itzultzaileak ikertu du gaia. Ebatzi du askotariko akatsak daudela

Monster: The Jeffrey Dahmer Story telesailaren bigarren atala. NETFLIX.
iraia vieira gil
2023ko azaroaren 14a
00:00
Entzun

Azken urteotan asko handitu da ikus-entzunezko edukiak eskaintzen dituzten streaming plataformen kontsumoa. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen artean, %34,5 dira harpidedun; Nafarroan, are gehiago: %57,1. Espainiako Kultura Ministerioak emandako datuak dira, eta bat egiten dute UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak abiatutako ikerketa baten emaitzekin. Azken horren arabera, Netfix da gazteek gehien erabiltzen duten plataforma. Hain zuzen ere, horregatik aukeratu du plataforma hori Josu Barambones aztertzaile eta itzultzaileak euskarazko azpidatzien kalitatea ikertzeko.

Anatomy of Scandal, Monster: The Jeffrey Dahmer Story, Kaleidoscope eta Wednesday sailak eta The Pale Blue Eye filma izan ditu aztergai. Netflixeko euskarazko azpidatzien segmentazioa eta hizkuntza-kalitatea dokumentuan salatu duenez, plataformako azpidatziek askotariko akatsak dituzte. «Arazoa sistematikoa da, bost itzultzaileak gaizki aritu baitira. Nabarmena da ez dela berrikusketarik egiten». Barambonesek berak streaming plataformetako ikus-entzunezkoak euskarazko azpidatziekin ikusi dituenean, «zapore mingotsarekin» bukatu du.
[wall]
Ortografia, ortotipografia, gramatika, deklinabide edota ergatibo arazoak dituzte euskarazko testuek, eta hori konpontzeko irtenbide bakarra dagoela uste du aztertzaileak: «Lana ikuskatuko duten zuzentzaileak behar dira». Alabaina, ez du konfiantzarik Netflixekoengan. «Beldur naiz, Netflixen kasuan, katebegi horrek herren egiten duela».

Ikerketa lanerako, Euskaltzaindiak euskara batuan ondo aritzeko emanak dituen irizpideak hartu ditu oinarri, eta azpimarratu du ez dela aritu «euskara perfektu eta makulagabe» baten bila. Euskarazko edukiak behar bezala gozatzeko aukera emango duten azpidatziak besterik ez ditu eskatzen. «Kalitatea ziurtatze aldera eta kalitate arauari jarraikiz, beharrezkoa da itzulpen prozesuaren emaitza itzultzailearenak ez diren beste begi batzuek berrikustea, emaitza albait bikainena izan dadin».

Euskarazko audioak, gora

Espainiako Gobernuak iaz ezarri zuen ikus-entzunezkoen lege berria. Komunikazio zerbitzuetako hizkuntza aniztasuna bermatu eta erkidegoetako hizkuntza ofizialetako edukiak katalogoetan sartu nahi zituen. Euskarari dagokionez, Netflixeko eskaintza handitu egin da. Aurtengo urtarrilean, euskarazko audioa zuten hamabost eduki eta azpidatziak zituzten 83 zeuden Netflixen; orain, berriz, euskarazko audioa duten 24 eta azpidatziak dituzten 147.

«Loraldiarekin pozik» dago ikertzailea, baina arazo bat antzeman du: «Kalitatea bermatzen ez bada, ikusleek ez dituzte euskarazko azpidatziak ikusiko, eta aukeran nahiago izango dute ingelesezko edo gaztelerazko azpidatziak aktibatu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.