Bideojokoak

Nintendo Switch 2: kontsola hibridoaren ametsari jarraipena emanez

Gaur merkaturatuko dute Nintendoren gailu berria. Switch originalaren oinarri berberei eutsita, are gehiago eskaini nahi die bideojokoen zaleei.

Nintendo Switch 2 gailua.
Nintendo Switch 2 gailua.
Lander Unzueta Lekerikabeaskoa - Game Erauntsia
2025eko ekainaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nintendo Switch kontsola arrakastatsuaren oinordekoa iritsi da. Switch 2 izena du, eta formatu hibridoari eusten dio, baita aurrekoaren gakoei eta funtzionalitateei ere.

Prezioaren gaia ahalik eta lasterren argitzea komeni da: 469,99 eurotan jarri dute salgai, eta Mario Kart World berriarekin batera erosiz gero, 509,99 eurotan.

Kontsola eramangarria eta mahaigainekoa da Switch 2 modeloa. Alboetan aginteak dituen tableta bat bada ere itxuraz, dock izeneko periferikoari esker telebistara edo bestelako pantailetara ere konekta daiteke, eta, beraz, erraz moldatzeko modua ematen die jokalariei; gainera, dakarren idulkiari esker, edozein tokitan jar daiteke kontsola.

Planteamendu berbera izanik, zer alde ditu aurreko kontsolarekin alderatuta? Hasteko, tamaina. Switch 2 kontsolaren pantaila 7,9 hazbetekoa da —originalarena, 6,2 hazbetekoa zen; eta OLED bertsioarena, 7koa—: bere horretan, 1080p bereizmena du pantailak, eta segundoko 120 irudiko tasa. Pantaila LCD motakoa da, OLED pantaila beste baterako utzita, baina HDR euskarria dauka. Dock ofizialera konektatuta, ordea, 4K bereizmeneraino iristen da Switch 2 modeloa, eta segundoko 60 fotogramako tasa du.

(ID_15026808) (/EZEZAGUNA) switch_2azala
Nintendo Switch 2 gailua sustatzeko azala.


Joy-con aginteetan ere aldaketa nabarmenak izango dira. Magnetikoki konektatzen dira kontsolara —ondo eutsiko diote,  Nintendokoen arabera—, eta ordenagailuen sagu modura erabil daitezke; gainera, giroskopioarekin batera, modua ematen du hainbat funtzionalitate baliatzeko. Arduradunek azaldu dutenez, hala palankak nola SL eta SR botoiak handitu dituzte, eta, hala, joy-con originalen inguruko kexei erantzun diete.

Biltegiratzea ere areagotuko da modelo berrian: 256 gigabyteko memoria eman diote Switcharen oinordekoari; originalak 32 gigabyteko biltegiratzea zeukan.

Aginteetan C botoia egongo da orain. «Komunitate botoia» dela esan daiteke: modua emango du ahots eta bideo bidezko txata erabiltzeko, jokoa partekatzeko, eta askoz gehiagorako. Kontsolaren mikrofonoa hitz egiteko erabil daiteke, eta bideoak zabaltzeko aukera ere badago, kameraren bitartez.

Biltegiratzea ere areagotuko da Nintendo Switch 2 gailuan: 256 gigabyteko memoria eman diote Switcharen oinordekoari; originalak 32 gigabyteko biltegiratzea zeukan

Game Share izeneko ezaugarriaren bitartez, sarera eramango ditu jokalari bat baino gehiago aritzeko pentsatutako bideojokoak; hortaz, joko bakarra beharko da hala etxeko nola kanpoko lagunekin batera aritzeko.

Errendimendua ere areagotuko da; izan ere, Nvidia enpresak Switch 2 modelorako bereziki sortutako txipari esker aukera izango da kalitate handiagoko bideojokoak mugitzeko. Metroid Prime 4: Beyond, esaterako, segundoko 120 irudiko tasan mugi dezake kontsolak. Cyberpunk 2077 ez da potentzia handiagoko kontsoletan eta PCan bezain ongi ikusiko, baina ez da lorpen makala gailu eramangarri batek mundu irekiko munstro horri eustea.

Bideojokoen zaparrada

Kontsola berri bat ez da ezer bideojoko erakargarririk gabe, noski. Erabiltzaileak pozik egon daitezen, Nintendok katalogo sendoa prestatu du estreinaldirako, etxeko tituluz eta beste hainbat jokoz osatua.

Oraingoz, ez da egongo Mario iturginaren plataforma jokorik, ezta The Legend of Zelda-ren abentura berririk. Japoniarrek ez dituzte behar arreta bereganatzeko: erabateko protagonista, inolako zalantzarik gabe, Mario Kart World da.

Mundu ireki baten barruan lasterketetan parte hartzeko aukera izatea da berrikuntzarik handiena ibilbide luzeko saga horren azken atalean: perretxikoen erresuman eta haren inguruetan ariko da erabiltzailea, beste 23 gidariren aurkako lasterketa zoroetan. Bideojokoak erabateko arrakasta izatea espero da; izan ere, Mario Kart Nintendoren frankiziarik sonatuenetakoa bilakatu da, MK 8 Deluxe atalak 68,20 milioi salmenta gaindituta.

Nahiz eta estreinaldirako ez diren prest egongo, Nintendok hainbat bideojoko handi dauzka esku artean: 'Donkey Kong Bananza', esaterako, uztailaren 17an estreinatuko dute Switch 2 gailurako

Beste enpresa batzuek gogotsu hartu dute gailu berria, Play Station 5, Xbox Series edo PC plataforma indartsuagoetan azken urteotan argitaratutako jokoak Switch 2rako egokituta. Kontsola merkaturatuko den egunean, joko hauetan jokatzeko aukera izango da, besteak beste: Cyberpunk 2077: Ultimate Edition, Hogwarts Legacy, Yakuza 0, Deltarune, Street Fighter 6, Split Fiction, Hitman World of Assassination, Sid Meier’s Civilization VII eta Suikoden I&II HD Remaster.

Bestalde, nahiz eta estreinaldirako ez diren prest egongo, Nintendok hainbat bideojoko handi dauzka esku artean: Donkey Kong Bananza uztailaren 17an estreinatuko dute Switch 2 gailurako; Pokémon Legends: Z-A urriaren 26an ikusi ahal izango da, bai kontsola berrian eta bai aurrekoan ere; plataforma bietara iritsiko da Metroid Prime 4: Beyond desiratua ere, aurten; amaitzeko, iragarri dute Hyrule Warriors: Age of Imprisonment eskuragai egongo dela urte bukaerarako, eta badirudi Kirby Air Riders ere 2025ean iritsiko dela.

(ID_15026807) (/EZEZAGUNA) switch22
Nintendo Switch-eko bideojoko bat.

Etorkizunera begira, joko esklusibo interesgarriak eskainiko ditu Nintendok. Industriako estudioen artean gehien estimatzen direnetako bat garatzen ari den proiektua da nabarmenena, ziurrenik: Japoniako From Software etxearen The Duskbloods, jokalari batentzako baino gehiagorentzako abentura. From Softwarekoak dira Dark Souls edo Elden Ring —hori ere Switch 2ra dator— ikaragarrien sortzaileak.

Jada meme bilakatua den bat ere merkaturatuko dute, noizbait... Hollow Knight: Silksong itxurosoa. Team Cherry taldearen joko hori da Nintendoren kontsoletan indarra hartu duten indie jokoen eszenako adibiderik ezagunenetakoa, eta obra independenteek sekulako pisua edukiko dute kontsola berrian ere.

Arestian aipatu da kontsolaren prezioaren afera, baina gehitu behar da bideojokoen prezioak eztabaida sutsua sortu duela azkenaldian bideojokoen zaleen artean. Duela urte batzuk, 60 euro balio zuten jokorik handienek —AAA tituluek—; azkenaldian, baina, 70 edo 80 euro ere balio dituzte, eta prezio horretan jarriko dituzte Switch 2rako joko gehienak ere.

Bideojokoen prezioak eztabaida sutsua sortu du bideojokoen zaleen artean. Duela urte batzuk, 60 euro balio zuten jokorik handienek —AAA tituluek—; azkenaldian, baina, 70 edo 80 euro ere balio dituzte

Nintendok beste jauzi bat egin du, ordea, estreinaldirik desiratuenarekin: Mario Kart World formatu fisikoan erosi nahi izanez gero, 90 euro —89,99 euro, zehazki— ordaindu beharko dira. Edizio digitala, berriz, 80 eurotan eskura daiteke. Kontsolarekin batera erosiz gero, berriz, 40 euroren truke eskura baitaiteke.

Argi dago probak egiten ari direla prezioa igotzeak zer harrera duen ikusteko. Jokalariak kexua adierazi dute sareetan; dena den, espero da bideojokoaren salmentak ikaragarriak izatea, eta, aurreikuspenak betetzen badira, kexek ez dute baliorik edukiko. Are gehiago, gainerako enpresek ere aitzakia ezin hobea daukate bide berbera hartu eta prezioak are gehiago garestitzeko.

Beste polemikatxo bat: fisikoki erositako zenbait bideojokok ez dute kartutxorik izango. Horren ordez, jokoa digitalki deskargatzeko kodea (Game Key-Card) jasoko du erabiltzaileak kaxa barruan. Gorrotagarria da edizio fisikoen maitaleentzat.

Bateragarria joko zaharragoekin

Erositako bideojokoak berrerabiltzea da Switch 2aren beste gakoetako bat. Switch originaleko ia bideojoko guztietan —15.000 jokotan baino gehiagotan— jokatu ahalko da gailu berrian. Zenbaitek akatsak omen dituzte, edo ez dute funtzionatzen: hainbat zerrenda prestatu dituzte webgune ofizialean.

Horrez gain, erabiltzaileak eguneratzeak jasoko ditu Nintendoko bideojoko zaharrak hobetzeko. Batzuk doakoak izango dira, eta bereizmena edo segundoko fotogramen tasa (fps) handiagoak izango dira. Beste hainbatetan ordainpeko gaurkotzeak ikusi ahal izango dira, jokoaren arabera eduki batzuk edo beste batzuk txertatuta: Super Mario Party Jamboree-k minijokoak eta modalitateak jasoko ditu, esaterako, eta Kirby and the Forgotten Land-ek kanpaina berria abiatuko du espantsio bati esker.

Nintendoren klasikoak gehitu behar zaizkie horiei guztiei. Nintendo Switch Online harpidetza zerbitzuaren barruan, NES, Game Boy, SNES, Sega Mega Drive, Nintendo 64 eta Game Boy Advance kontsoletako jokoen katalogo zabala dago. Switch 2ak, gainera, aukera emango du beste gailu baten jokoetan aritzeko: Nintendo Game Cube mitikoaren katalogoa jasoko du, The Legend of Zelda: Wind Waker, SoulCalibur II eta F-Zero GX titulu maitatuekin hasita.

Nintendoren pizkundea oztopatu gabe

Nintendoren ibilbidean, sortzeko eta eraldatzeko gogoa izan da nagusi. Jokatzean zerbait berria probatzea edo sentitzea: horren erakusgarri dira Nintendo Wii kontsolaren aginte berezia, Nintendo DSaren bi pantailak eta 3DS oinordekoaren hiru dimentsioko pantaila, besteak beste. Aspaldiko partez, baina, gailu berrian ez da agertuko ezaugarri edo trikimailu bitxirik.

Ez da harritzekoa, 2017. urtean merkaturatutako Switch originala Nintendoren pizkundearen gakoa izan baita. Azken finantza txostenean jakinarazi dute 152,12 milioi Switch salduak zituztela aurtengo martxoa bukatu aurretik; gaur egun, gehien saltzen diren bideokontsoletan hirugarrena da —eta espero dute zerga urtea bukatzen denerako bigarrena izatea, Nintendo DSa gaindituta—. Itzulera ikaragarria izan da, are gehiago kontuan hartuta aurreko kontsola, Nintendo Wii U-a, porrot hutsa izan zela.

Hori horrela, Switch 2arekin ez dira arriskatu, eta aurreko belaunaldian horren ondo funtzionatu zuen formula bera baliatu nahi izan dute. Erabaki aproposa dela dirudi, konpetentziak ere antzera egin nahi baitu: zurrumurruen arabera, Play Station eta Xbox kontsola eramangarriak prestatzen dabiltza. Ordenagailuen munduan, eskuko PCak indarra hartzen ari dira; tartean da Valve-k sortutako Steam Deck interesgarria buru duen gailu sorta zabala ere.

Udako aurkezpenak

Bideojokoen festa hasi besterik ez da egin. Switch 2a heldu berri bada ere, ekaina hilabete garrantzitsua izaten da bideojokoen zaleentzat; izan ere, udako bideojokoen aurkezpenak eta ekitaldi handi gehienak egunotan izango dira.

Los Angelesko E3 (Electronic Entertainment Expo) azoka ezaguna jada ez da existitzen, baina haren inguruan egiten zituzten ekinaldiek eta iragarpenek bizirik diraute. Orain, Summer Game Fest delakoaren babespean antolatzen dituzte gehienak: aurkezpen nagusia bihar ikusi ahalko da, 23:00etan hasita, Youtube eta Twitch plataformetan. Horren ostean, bestelako ekitaldi independenteak izango dira.

(ID_15026809) (/EZEZAGUNA) switch23
Bideojoko bat telebistan.

Microsoft-ek antolatzen duen Xbox Game Showcase izaten da egunotako ekitaldirik garrantzitsuenetako bat. Ekainaren 8an hasiko da, igandean, 19:00etan. Ekitaldi horrek barne hartzen ditu Xbox Game Studios markako garatzaileek sortutako bideojoko handiak, baina beste enpresen eta eragile independenteen obra ugari ere ikusi ohi dira. Gainera, Xboxek multiplataformaren alde egin du guztiz: hortaz, Nintendorentzako zein PlayStationentzako tituluak ere izango dira tartean.

Wholesome Direct, Women-Led Games, Mix Summer Games Showcase, PC Gaming Show... asko dira ikusgai izango diren emanaldiak. Nintendo Switch 2 kontsolarentzako berritasun ugari aurkeztuko dituzte, baita beste plataformei lotutako iragarpenak egin ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.