Saio berri baten aurreneko eta oraingoz atal bakarra emango du gaur ETB1ek, 22:20ean: Nomada express. Abentura kirola ardatz hartuta, Nafarroako Erronkari ibarra ezagutuko du Estitxu Fernandezek. Bidaian, Pedro Miguel Etxenike zientzialaria izango du gonbidatu. Abentura kirola egiteak dakartzan arrisku dosiaz bultzatuta, Euskal Herriko txoko sekretuetan barna ibiltzeko asmoa dute Nomada express-ekoek.
Furgoneta batean sartuta hasiko du gaurko abentura Fernandezek, eta Erronkarira eramango ditu ikusleak. Kulturaren, historiaren, etnografiaren eta abenturaren bitartez, Erronkariko alderdi ezezagunena ezagutaraziko dute, hainbat kirol eginez.
Horrez gain, Erronkarin bizi den jendearen izaera eta bizimodua hobeto ezagutuko ditu ikusleak. Izan ere, erronkariarra izateak ez du bakarrik jatorria adierazten; izana ere adierazten du: ogibide, egoera eta izaera biltzen ditu bere baitan.
Bideografic ekoizpen etxeak egin du saioa. Lehen programaren ikusle datuaren arabera erabakiko du ETBko zuzendaritzak atal gehiago egin edo ez. Hala adierazi diote ekoizpen etxeari.
Fernandez, ETBko kiroletan
Abendutik, Arratsaldero saioa amaitu zenetik, Estitxu Fernandez langabezian egon da. Berriki, ordea, oposizioak atera ditu ETBko kirol sailean. Egunotan ETB1eko Gaur egun albistegian ari da kirol berriak ematen.
Komunikazioa
'Nomada express' saioa gaur gauean ETB1en
Estitxu Fernandez Erronkariko txoko ederrenetan ibiliko da, Pedro Miguel Etxenikeren laguntzaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu