'Noticias de Alava'-k kazetari bati jazarri diola salatu du ELAk

Sindikatuak eskatu du egunkariko zuzendari nagusia kargutik kentzeko.

'Noticias de Alava' egunkariko langileen protesta, gaur. ELA
'Noticias de Alava' egunkariko langileen protesta, gaur. ELA
urtzi urkizu
2025eko maiatzaren 9a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

ELA sindikatuak salatu du Noticias de Alava egunkariko langile batek jazarpena jasan duela zuzendaritzaren partetik. «Egunkariko bi zuzendarik jazarpen eta errepresalia egoera larria eragin diote langile bati», salatu du sindikatuak. Gaur egun, langile horri gaixo baimena eman diote «gertatutakoagatik». Horiek horrela, sindikatuak taldeko zuzendaritzari eskatu dio «neurri egokiak» hartzeko horrelakorik berriro gerta ez dadin; bide beretik, zuzendari nagusia kargutik kentzeko eskatu du.

Sindikatuak azaldu duenez, egunkariko zuzendari nagusiak, argitaletxeko zuzendariarekin batera, «eraso eta presio gaitzesgarriak» egin zizkion ELAko ordezkariari bilera batean, maiatzaren 6an. Lankideek adierazi dutenez, «oihuak eta manera txarrak» agerikoak izan ziren.

Kaltetuak, bilera horretan jarraitzeari uko egin, eta bileratik alde egin nahi zuela esan zuen, baina arduradunek berean jarraitu zuten, sindikatuak kontatu duenez.

Egunkariko langile batzordeak Gasteizko Udalean agerraldia egin eta ordu gutxira gertatu zen hura. «Langileek agerraldian azaldu zuten lan egoera kaskarra dutela. Alderdi politikoei eskatu zieten handitu dezatela legea betetzen ez duten enpresei ematen dieten diru publikoaren gaineko kontrola», azaldu du ELAk. Sindikatuak gogorarazi du urteak daramatzatela salatzen Noticias taldeko egunkari horrek ez duela betetzen aplikatu beharreko lan hitzarmena.

BERRIAk ez du lortu Noticias de Alava-ko zuzendaritzarekin hitz egiterik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.