Errenteriako, Oiartzungo, Lezoko eta Pasaiako (Gipuzkoa) talde ekintzaile eta euskaltzale batek Oarso Telebista jarri zuen martxan 1996. urtean. Euskarazko kate bat Oiartzualdea eskualdeko herritarrentzat. Zazpi urte iraun zuen herri egitasmoak, 2003an itxi egin behar izan baitzuen finantzaketa arazoen eraginez. Baina urte horietan askotariko saio, elkarrizketa, albistegi eta erreportajeak eman zituzten. Euskaraz guztiak. Telebista haren ikus-entzunezkoen funts historikoa digitalizatu dute eskualdeko udalek, Oarsoaldea Garapen Agentziak eta Mikel Mendizabalek gordea zuten funtsa baliatuz.
Zinta analogikoetan —VHSn eta Betacamen— gordeta zeuden lehen irudiak, eta digitalizatzeko lana Mikel eta Gexan Mendizabal aita-semeek egin dute. Oarsoaldea Garapen Agentziak nabarmendu du eskualdeko historia eta memoria berreskuratzeko bidean «aurrerapauso garrantzitsua» eman dela: «Eskualdeko ikus-entzunezko ondare aberats bat babestea eta etorkizunerako iraunaraztea lortu da».
Izaera komunitarioko tokiko telebista proiektua izan zen Oarso Telebista. Mikel Mendizabalen iritziz, 1996tik 2003ra Gipuzkoan izan zen «herri telebista indartsuenetakoa». Mendizabalek uste du telebista hark «sekulako garrantzia» izan zuela, «garai haiek bereziak izan baitziren eskualdearen historian: garai gatazkatsuak». Gaineratu du Oarso Telebistak zalantzan jartzen zituela mezu ofizialak. «Edo, behintzat, beste ikuspegi batetik planteatzen zuen aktualitatea. Beraz, gure herriko historia irakurtzeko bestelako modu bat da, oso-oso aberatsa».
Udalen eskura
Oarsoaldea Garapen Agentziaren laguntza tekniko eta logistikoarekin, formatu digitalean berreskuratu dituzte Oarso Telebistaren artxiboko irudiak. Ondare hori Errenteriako, Oiartzungo, Lezoko eta Pasaiako udalen eskura jartzeko bidean daude. Agentziak nabarmendu duen moduan, «etorkizuneko belaunaldiek ere Oiartzualdeko historia ikusi eta ezagut dezaten». Honako mezua ere zabaldu du eskualdeko garapen agentziak: «Tokiko hizkuntzaren eta memoriaren ikuspuntutik egindako lanak garrantzi handia du».
«Sekulako aldea dago artxiboa zintetan egon ala digitalizatuta. Erabilera pilo bat errazten da. Kontsultarako material oso aberasgarria izango da»
MIKEL MENDIZABAL Artxiboa digitalizatzeaz arduratu den bideogilea
Oarsoaldea Garapen Agentziaren ordezkarien arabera, 400 ordu baino gehiagoko artxibo digitala osatu dute. 1996tik 2003ra Oarso Telebistaren kamerek hartutako irudiak dira guztiak.
Mendizabalek ere balioa eman dio emandako pausoari: «Sekulako aldea dago irudiak zintetan egon ala digitalizatuta. Erabilera pilo bat errazten da. Hortaz, kontsultarako material oso aberasgarria izango da». Nabarmendu du, era berean, euskararentzat herri telebista «indartsua eta kalitatezkoa» izan zela Oarso Telebista. «Euskara maila oso ona zuen telebista hark. Nabarmentzekoa da esatarien profesionaltasuna, baita teknikari eta kamerariena ere. Eta, orain, eskualdean izan den hedabide garrantzitsu bat berreskuratzea lortu dugu».
1996tik 2003ra gertaera asko izan ziren Euskal Herrian. Baita Oiartzualdean ere. «Eta Oarso Telebistaren irudiak euskal gizartearen isla dira. Zazpi urte haietan, gertatutakoa egunez egun jaso zuen eskualdeko telebistak, eguneroko emanaldiekin. Gaietan sakondu egiten zuten, gainera». Politika eta gizarte arlokoak ziren gaiak, baita kirol eta kultur arlokoak ere.
Oarsoaldea Garapen Agentziak adierazi duenez, artxiboko materiala formatu analogikoetan zegoen gordea eta galtzeko arriskua zegoen. Egin duten lan horri esker, ordea, orain ez du galtzeko arriskurik. Mendizabalek egin izan ditu bestelako lan batzuk ere ikus-entzunezkoen zaintza eta digitalizazioari dagokionez. Lan horren garrantzia agerikoa da. «Memoria kolektiboa ez bada gordetzen eta partekatzen, galtzeko arriskuan dago».