Komunikazioa

Oihuak utzi, eta musikari helduko dio Julian Iantzik 'Kantuan' saio berrian

3Koma ekoizpen etxeak sortu du ikuskizun musikala, eta gaur estreinatuko dute, ETB1 katean, 21:25ean

Julian Iantzik Kantuan saioa aurkeztuko du orain ETB1en. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
ETB1ek Kantuan musika saioa estreinatuko du gaur, 21:25ean. Kantuan egitea eta musikan aritzea gustuko duten ikusle guztientzat da. Horretarako, Julian Iantziren eskutik, Euskal Herrian arrakasta handia izan duten kantak ekarriko dituzte gogora.

Saio bakoitzean, sei kantarik hartuko dute parte eta estilo bat izango da nagusi. Parte hartzaileak ez dira kantari profesionalak, baina beren ahots ederra erakusteko aukera izango dute. «Leiho bat zabaldu nahi diegu Euskal Herrian kantuan ari direnei», azaldu du Itxaso Atutxak, programako zuzendariak. Estreinako saioan honako kantariak igoko dira oholtza gainera: Dounia Zolati (Iruñea), Idoia Uralde (Villabona), Eider Roza (Donostia), Juanpa Agirre (Etxarri Aranatz), Leire Tejada (Basauri) eta Iñigo Perurena (Tolosa). Tartean gaztetxoei egingo diete lekua. Gaur, Arrasateko Elene Maidagan 10 urteko neskak kantatuko du abesti bat, frantsesez. Estreinako saioan entzungo diren kantak, berriz, honako abeslari eta taldeenak dira: James Brown, Madonna, Itoiz eta Queen. Bigarren programan, berriz, euskal musika izango da protagonista, Gatibu, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Oskorri eta Ken Zazpiren kantekin.

Era berean, Euskal Herriko pertsona ezagunak hartuko dituzte platoan. Lehenengo programan Manu Maritxalar izango da gonbidatua. «Gure gonbidatuek iritzia emango dute. Kritika konstruktiboa egin dezaten eskatuko diegu. Baina Risto Mejiderik ez da egongo», iragarri du Julian Iantzik. Programaren amaieran kanta onena zein den aukeratu beharko dute gonbidatuek. Baina ez da lehiaketarik egongo. «Hori bai, hautaproba bat egin genuen eta hamalau lagun aukeratu genituen ikuskizun honetarako», dio Atutxak.

Bigarren saioko gonbidatuak Goenkale-ko aktore Maria Cruishanck eta Loreto Mauleon izango dira. Gonbidatuak ere kantuan ariko dira, programako abeslarien laguntzarekin.

Euskal Herriko musika talde eta bakarlarientzat ere izango da lekua ETBko saio berrian. Astero musika talde batek bere azken kantak joko ditu. Horrez gain, Iantzi eta haren gonbidatuekin solasean ariko dira. Gatibu taldea izango da platoan gaur gauean, eta datorren larunbatean, The Sparteens.

Hasteko, sei edo zortzi saio

Atutxak iragarri du «sei edo zortzi programa» egingo dituztela aurreneko denboraldian. «Ikusle datuen arabera, gehiago egiteko aukera izango da».

Hainbat estilo entzuteko aukera izango da Kantuan saioan, lehiaketen presiorik gabe: rantxerak, baladak, habanerak, pop-rock doinuak, dance estiloko kanta arrakastatsuenak, eta abar.

Joselu Blanco ETBko programazio buruak adierazi duenez, helburua oso saio entretenigarria egitea da. «Gogora ekarri nahi ditugu euskaldunoi gehien gustatzen zaizkigun kantak, genero guztietakoak. ETBren tradizioan musika saio asko egon dira: Katukale, Euskal kanturik onena, Izar Bila, Oh Happy Day... Tradizio hori berreskuratu nahi dugu».

Julian Iantzik erregistroz aldatu beharko du Kantuan aurkezteko, azken bolada luzean ETB2ko abentura reality-etan aritu baita: «Ternua baino harago badago bizitza. Haizearen, hotzaren eta kapitainen oihuen falta dut. Orain, oihuak musika bihurtu dira, eta belarriak gozatuko ditut». Iantzik aitortu du Kantuan berarentzat erronka bat dela. «Ondo jantzita eta orraztuta agertuko naiz, eta giro ona alaiki jartzen saiatuko naiz». Aurreratu dute Iantzi ere kantuan jarriko dutela saioren batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.