Abenduaren 4tik 8ra, gau eta egun Durangon izan da Berta Lopez (Bilbo, 1983), ETBrako erreportaje berezi bat grabatzen. ETB3 katerako aritzen den Zirriborro TVko lagunekin lan egin du Lopezek, gidoilari eta aurkezle.
Kazetari ikuspegitik nolakoak izan dira Durangoko Azokako bost egunak?
Bizi-biziak, oso-oso biziak. Egunero musikari eta idazle ugari daude elkarrizketatzeko, eta kazetari batentzat oso plaza interesgarria da. Han aurkitzen dituzu denak batera, eta kazetariekin hitz egiteko prest. Alde horretatik, oso interesgarria izan da egunotan euskal kulturgintzan partaide diren pertsonekin hamar minutu behintzat egotea.
Gauez ere ibili al zara?
Bai, baina askoz gutxiago. Goizeko hamarretan elkartzen ginen lantaldekook, eta batez ere egunez ibili gara Durangon. Esne Beltzak Plateruenan eman zuen kontzertuan izan ginen, bai. Plateruenan egiten diren ekintzak azokaren beste parte bat dira, eta bertako giroa erreportajean islatzea ere erakargarria zen guretzat.
Gaur ikusiko den saioak zer estilo eta zer formatu du?
Erreportaje bat dela esan dezakegu. Eguneroko bat izango da, lehenengo pertsonan kontatua. Ni naiz erreportajearen haria-edo, eta zenbait sortzailerekin jarriko naiz harremanetan. Durangoko Azokako langileekin ere izan gara.
Euskarazko komunikabideetako kazetari asko izan ohi dira lanean Durangoko Azokan. Horietako batzuekin egoteko aukera izan al duzu?
Azkeneko egunean, Azoka Telebista egiten duten kazetari eta teknikariekin izan ginen, eta kontatu ziguten nolako bizipena den telebista hori egitea. Niretzat, aurreneko aldia da azokak irauten duen bost egunetan bertan nagoena, baina haiek hiru urte daramate esperientzia horrekin. Polita izan da haiekin harremana izatea. Elkarrizketak egiterakoan, bestalde, beste kazetariekin laguntasun handia izan dela esan dezaket.
Durangoko Azoka garrantzitsua da euskarazko komunikabideentzat. Erdal komunikabideen bitartez erdal komunitatera ere iristen dela iruditzen al zaizu?
Izan dudan esperientziagatik, esango nuke bertara joaten den jende gehiena euskalduna dela. Baina kale inkestak egin eta soslai erdaldunak aurkitu ditugu; esate baterako, haurrak ikastolara bidaltzen dituzten guraso erdaldunak. Gutxinaka, gero eta gehiago dira egun-pasa Durangora joaten diren guraso erdaldunak.
Gaur ETB1en emango den erreportajearen tankerako bat gaztelaniaz ematea ez al litzateke interesgarria izango?
Bai. Egia da euskal munduari buruz, normalean, euskarazko telebistan emititzen dela. Kexatzen gara erdaldunek ez dutelako sentsibilitaterik euskararekin, baina agian interesgarria izango litzateke euskal kulturgintzako ekimenak erdaldun publikoari helaraztea. ETB2rako zerbait egitea ondo legoke.
Gaur ETB1en eman ostean, erreportajea EITB Nahieran geldituko da.
Bai, artxiboan geldituko da, eta polita da hori. Lan neketsua izan da, grabaketa erritmo bizi-bizikoa, baina datorren urtean itzultzeko gogoz gelditu naiz.
Komunikazioa. Berta Lopez. Kazetaria
«Ondo legoke euskal kulturgintza erdal ikusleei ere helaraztea»
'Bost egunetan Azokan' saio berezia emango du gaur ETB1ek, 21:30ean. Berta Lopezek lehen pertsonan kontatuko du egunotan Durangon ikusitakoa, sortzaileen laguntzarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu