Monkey D. Luffy gaztea da abenturen protagonista nagusia, piraten errege izan nahi duen kapitaina. Iñaki Godoy Mexikoko aktoreak jokatuko du rol hori telesail berrian. ETBk marrazkiak euskarara bikoiztuta eman zituenean, berriz, Xabier Alkiza bikoiztaileak jarri zion ahotsa Luffyri. Euskarazko 154 atal eman zituen ETBk. Kataluniako TV3 kateak 500 eman zituen katalanez —FORTAk eskubideak zituen—, eta, orain, berriro hartu dute katalanek.
Alkizak nabarmendu du marrazki bizidunak «oso arrakastatsuak» direla munduko herrialde askotan. «Izan dira, eta hala dira oraindik». Baina ezin dira gehiago euskaraz ikusi. Alkizak zera dio: «Kontua da guri kimatu egin zigutela arbola, erdi-erditik». Triste mintzo da Bieuseko bikoiztailea One Piece-ren atal eta film berriak ezingo direlako euskaraz ikusi. «Euskararekin beti penetan, eta, pena baino gehiago, lotsa da, bere garaian eskura egon baitzen».
Abuztuko estreinaldiari begira, Alkizari iruditzen zaio telesail berria «gehigarri moduko bat» izango dela. «Kalitatez egina badago eta ikusgarria baldin bada, eta itxuraz hala da, zaleak izango ditu». One Piece-ren zale batzuk horren zain egongo dira, baina, bikoiztailearen irudikoz, ez denak. «Pentsatzen dut mangaren eta animearen zaleek gehiago eusten diotela formatu originalari. Horren zale dira, grinaz».
Maeda eta Owens sortzaile
Netflixek estreinatuko duen telesailaren sortzaile eta ekoizle eragileak Matt Owens eta Steven Maeda dira. Ekoizleen artean, berriz, Marty Adelstein, Becky Clements eta Oda bera daude. Horrenbestez, badu ekoizpenak marrazki originalen sortzailearen bermea.
Aktoreen artean, Godoy protagonistarekin batera, Emily Rudd, Jacob Romero eta Taz Skylar daude. Rol txikiagoetan ageri dira Vincent Regan, Ilia Isorelys Paulino, Morgan Davies eta Aidan Scott.
Marrazkien abiapuntuarekin hasiko da istorioa: Monkey D. Luffy abenturazaleak askatasun grina du, eta bidaia arriskutsu bat hasiko du altxor baten bila joateko. Itsasoan piratarik bizkorrena izaten saiatuko da.
Zer Non Ikusi egitasmoaren iturriek jakin dutenez, Netflixeko telesail berria euskarazko azpidatziekin ikusteko aukera egongo da.