Komunikazioa. Asier Hormaza. Aktorea

«Orain arte ETBn egin direnenen artean, bereziena da 'DBH' telesaila»

Ingeles irakasle berria iritsi da 'DBH' telesailera. Asier Hormazak Markelena egiten du, umore zorrotzeko gizon batena.

Adrian Garcia.
2013ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Otsailaren hasieran DBH-ko lan taldeari batu eta gero, dagoeneko ETBko umorezko telesaileko lan girora ohitu da Asier Hormaza (Getxo, Bizkaia,1970). Markel ingeleseko irakaslearena egiten du. Euskal Herriko lehenengo homosexual dibortziatu gisa aurkeztu dute pertsonaia. Beste irakasleak onetik ateratzeko gaitasun berezia du.

Zer moduz joan dira lehen grabaketa saioak?

Oso ondo. Lehenagotik grabaketak hasiak ziren, baina berehala hartu dut martxa.

Nolakoa da zure pertsonaia?

Ingelesezko irakaslea da, homosexuala. Hala ere, horrek ez du gidoia mugatzen, pertsonaia ez dago horren menpe. Jokoa ematen du, baina gehienbat hurbilean dituen pertsonaien izaera berezia dela eta. Pertsonaia guztiak bat egiterakoan oso egoera bereziak sortzen dira DBH-ko institutuan.

Zein da Markelen izaera?

Hasteko, telesail honetan inor ez da normala. Jantzi samarra da, jakituna. Oso berezia da bere iritzietan, eta oso xehetasun zalea. Lehenengo ataletan besteengatik desberdintzen saiatzen da, baina azken finean, haiek bezalakoa da. Bere burua beste maila batean ikusten du, baina gainontzekoak bezain erotuta dago. Telesail honetan, pertsonaia guztiak jasotzen dute, batetik edo bestetik.

«Euskal Herrian dibortziatu den lehenengo gay» gisa aurkeztu duzue Markel.

Oraingoz ez da horren aipamenik egin. Gidoigileek pertsonaiari nolabaiteko berezitasun bat eman eta izaera osatu dute. Horrekin jokatzeko erabiliko dute.

Homosexuala da Markel. Nola jorratzen da gai hori telesailean?

Gidoiak ez dira horren gainean oinarritzen egoera barregarriak sortzeko. Pertsonaia eta berak izan ditzakeen ikuspuntuak aberastea ekartzen du horrek. Gay normala da, ez du horrelako keinu handirik. Ez ditu telebistan normalean ikusten ditugun gayek dituzten jarrerak. Gay izatea bitxikeria bat besterik ez da, beste egoera batzuk sortzeko abiapuntua.

Ingeleseko irakaslea izaki, ingelesa errepasatu behar izan al duzu?

Ez. Bere ingelesezko jakituria oraindik ez du erakutsi. Datorren asteetan izango du horretarako aukera. Ingelesezko irakaslea da, baina edozein irakasgaitakoa izan zitekeen.

Primerako lantaldea duzu. Zer moduz konpontzen zara rete?

Egia esan, oso ondo. Aspaldidanik ezagutzen dugu elkar, eta askotan lan egin dugu elkarrekin. Lagunartean aritzen gara, eta horrek jarduna asko errazten du. Sormen aldetik ere asko laguntzen du lagunak izateak.

Zerk erakarri zintuen proiektutik?

Proiektua bera oso polita da. Orain arte ETBn egin diren telesailen artean bereziena da. Lantaldeak ere erakarri ninduen. Bi ardatz horiek izan dira baietz esateko arrazoiak.

Beste irakasleen artean zein eginkizun izango du Markelek?

Telesailean denok dituzte tirabirak elkarren artean. Gatazkak daude beti irakasleen artean. Astebete lehenago gidoia ikusi arte ez dakizu zer gerta daitekeen. Gidoigileek oso espazio irekia dute, eta edozer gerta daiteke institutu horretan.

Kamera finkoarekin grabatzen duzue. Zer eragin du horrek zuen lanean?

Zailtasun berezi bat dakar. Sekuentziak osorik eta bat-batean egin behar dira. Azken esaldian akatsen bat eginez gero, hasierara jo behar da berriro. Hainbat kamera daudenean, eten eta puntu batetik aurrera egin daiteke. Beste planoen laguntzarik ez dugu gauzak irudikatu eta pertsonaien egoera ikusteko.

Nola prestatzen dituzu pertsonaiak?

Xehetasunak eta ñabardurak lantzea asko gustatzen zait pertsonaiak prestatzeko orduan; ñabardura horiek banan-banan gehituz osotasun bat eskaintzea. Testuetan nahiko datu egoten dira pertsonaiari buruz, eta hortik abiatuz, norberak uste dituenak gehitzen dizkio itxura emanez joateko.

Aktore lanean denetatik egin duzu jada; telebista, zinema, antzerkia... Zein duzu nahiago?

Lagunekin lan egitea da gehien gustatzen zaidana, telebistan, zineman eta antzerkian. Hiru erregistro desberdin dira, ezingo nuke bat aukeratu.

Zer da lanbidetik gehien gustatzen zaizuna?

Ikuslearengan sortzen duzu emozioa da gehien gusatzen zaidana. Ikusleak hori biziaraztea, hori da garrantzitsuena, eta hori da nik lanean jasotzen dudan saririk handiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.