Irailean hasi zen Asier Odriozola kazetaria (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1968) ETB1eko Azpimarra saioa aurkezten, Maddalen Iriarterekin. Informazio tartea indartzearen aldeko apustua egin zuen ETBk sasoi honetarako. Helburu batzuk jarri zizkion saioari, telebista kateetan informazioaren eta entretenimenduaren arteko muga lausotzen ari den garai honetan.
Aldaketa handia izan zen zuretzat irailean, Azpimarra aurkezten hasi zinenean?
Bai. Oso albistegi giroan ibili naiz 16 urtean: lehenengo bostak, berriemaile Madrilen; gero, beste bost Gaur Egun [ETB1] aurkezten, eta azkeneko seiak Teleberri [ETB2] aurkezten. Klabea oso diferentea da, nahiz eta bietan aktualitatearen inguruan lan egin. Orain beste maila bateko elkarrizketak egiten ditugu, beste patxada batekoak. Gaiak sakonago aztertzeko eta tratatzeko aukera daukagu... Sueltoago ere bai. Albistegi batean kamera bati eta besteari begira zaude, zurrun samar eta lotuta. Honetan, askeago zabiltza. Oso ni neu sentitzen ari naiz saioan, eta hori atsegina da.
Saioari beste hamabost minutu ematea erabaki zuen ETBk. Apustu arriskutsua. Luze ala motz egiten zaizue?
Uste genuen osatzen zailagoa izango zela, baina batzuetan motz geratu izan zaigu, eta inoiz eskatu behar izan dugu luzatzeko, egunean bertan, ikusita zenbat jende genuen deituta. Ez da oso ohikoa izan, baina gonbidatuekiko errespetuarengatik egin dugu, behar zuten denbora eman ahal izateko. Erraz samar ari gara osatzen, beraz. Esan beharra dago gero eta jende gehiago moldatzen dela ondo euskaraz; sumatzen da jende askok euskaraz ikasi duela unibertsitatean, eta edozein gai lantzeko euskaldunak daudela. Horrek mesede handia egiten digu saioa egiterakoan.
Asmoetako bat «eduki espezializatuagoak» lantzea zenuten. Telebistan ahal da horrenbeste sakondu?
Behin, lanera autobusean nindoala, bidaiari batek esan zidan: «Barkatu, baina zuen saioa ikusten dut, eta iruditzen zait batzuetan sakonegi aritzen zaretela. Jendeak nahiago izaten du zerbait arinago ikusi lanetik etxeratu ondoren». Behar beste sakontzen dugula esango nuke.
Azken orduko albisteak sartu nahi zenituzten. Kostatzen ari al zaizue telebistako makina astuna horretarako mugiaraztea?
Borondate erabatekoa dugu horretarako, eta berriren bat dagoenean, gutxienez aipatu egiten dugu. Gehiago lantzea ez da erraza, ez dugulako, esaterako, kamerak albiste lekura berehala mugitzeko ahalmena. Baina zuzenean ari garenez, esku artean dugun informazioa ematen dugu, eta ikusleak badaki, behintzat, zerbait gertatzen ari dela.
Lortu duzue tokiko komunikabideekin nahi zenuten sarea sortzea?
Oso esperientzia polita jarri dugu martxan: saio hasieran, hamabost bat minutuz, bi kazetarik egunerokotik ateratako pare bat gai aipatzen dizkigute. Lekuan lekuko kazetariak dira, eta ikuspuntu ezberdinak ekartzen dizkigute, albistegi nazionaletan landuko ez liratekeen gertaerak, Euskal Herrian horren deigarriak ez direlako, baina bailara batean sona izan dutenak. Normalean iristen ez garen lekuetara heltzen gara horrela.Oso jende ona etorri zaigu saiora.
Orain, modan dago informazioa eta entretenimendua nahastea. Non jarri nahi duzue muga?
Gure saioa hor dabil, baina oraindik informazio aldeak du pisu handiagoa. Gure esku egon daiteke hori orekatzea, baina ez gara ausartzen erabateko festarako pausoa ematen. Azpimarra-k badu magazin tonua edo. Sueltoago eta gona motzean ibiltzen gara ostiraletan, egunak aukera ematen duelako horretarako. Badugu, oraindik ere, entretenimendu aldera jotzeko tartea, bai saioak eta baita ETB1ek ere, oro har.
Ikusten al duzu zeure burua entretenimendu hutsa egiten?
Eskaini izan didate entretenimendu saio bat, baina albistegietatik natorrenez, ez dut salto handiegirik eman nahi izan. Nahiago dut oraindik eremu honetan ibili, eta, beharbada, etorkizunean salto are handiagoa eman, entretenimendu hutsera. Litekeena da. Oraingoz, hemen geratuko naiz, tartean: ez erabat serio, ez erabat olgetan.
Asier Odriozola. ETBko aurkezlea
«Oso ni neu sentitzen ari naiz 'Azpimarra'-n»
Albistegiak aurkezten urte asko egin ondoren, arinago dabil azken boladan Asier Odriozola, ETB1eko arratsaldeetan. Gaiak sakon lantzea errazagoa zaie orain, gero eta aditu euskaldun gehiago dagoelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu