«Elkarrizketa zintzoa eta hausnarketa sakona sustatuko dituen esperimentu soziologiko berritzailea». Horrela definitu du ETBk El otro lado de la mesa saioa. ETB2 kateak bihar estreinatuko du programa hori, 22:35ean. Lehen denboraldia zortzi atalez osatua dago.
Xabier Garcia Ramsden kazetariak aurkeztuko du ETB2ko saio berria. Gai berari buruzko iritzi erabat kontrajarriak dituzten eta elkar ezagutzen ez duten bi pertsona batera eseriko dira afaltzera. Elkarren arteko elkarrizketan, eztabaida piztuko da; batzuetan, bat egingo dute; beste batzuetan, berriz, urruneko jarrera izango dute, baina batzuk hunkitu ere egingo direla iragarri du Euskal Telebistak.
Afarian, bi solaskideek eztabaidagai izango dituzten gaiez gain, galdera zuzenak ere egingo dizkiete, itzulingururik gabeak eta ez beti erosoak. Besteak beste, honako gai hauez hitz egingo dute lehen ataletan: haurdunaldi subrogatua, abortua, eutanasia eta ezkontza ez-monogamoa.
Atal bakoitzean, Garcia Ramsdenek Amagoia Eizagirre psikologoaren laguntza izango du, topaketa bakoitzean gertatzen diren dinamika emozional eta komunikatiboak aztertu eta testuinguruan kokatzeko.
Odei Esnaola ETB2ko arratsaldeetan
ETB2 kateak astegun arratsaldeetan Euskadi Quédate magazina emango du bihartik hasita. Odei Esnaola kazetariak aurkeztuko du programa hori; Esnaola aurreko denboraldietan ETB1eko goizetan aritu da, Egun On saioan. Bestalde, ETB2ko arratsaldeetan aritu ohi zen Leire Torre eguerdietan ariko da Xabier Lapitzekin batera, En Jake saioan.