Palestina (1958-1989), Suediako telebistaren begietan

Filmin plataforman jarri dute Goran Hugo Olssonen 'Israel Palestine on Swedish Television 1958-1989' lana. Suediako telebista publikoak hiru hamarkadatan jasotako irudiak bildu dituzte hiru ordu eta erdiko lan horretan.

Yasser Arafat 'Israel Palestine on Swedish Television 1958–1989' dokumentalean. FILMIN
Yasser Arafat 'Israel Palestine on Swedish Television 1958–1989' dokumentalean. FILMIN
urtzi urkizu
2025eko uztailaren 29a
11:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Veneziako zinema jaialdian estreinatu zuten iaz, lehiaz kanpo, Goran Hugo Olsson zinemagilearen Israel Palestine on Swedish Television1958-1989 dokumentala. Funtsean, artxiboko irudiz eta erreportajez betetako lan luze bat da, hiru ordu eta erdikoa, eta Suediako SVT telebista publikoak hiru hamarkadatan Ekialde Hurbilean egindako kazetaritza lana biltzen du. Hego Euskal Herrian ikusgai dago dokumentala, jatorrizko bertsioan, Filmin ordainpeko plataforman —Atlantida jaialdiko bilduman—.

Nazioarteko aditu askoren arabera, bakana izan zen SVT kateak Palestinan XX. mendeko urte horietan egin zuen lana eta gatazkaren jarraipena. Telebistako berriemaileak Palestinan izan ziren, han bizi izandako auziak filmatzen. Hugo Olssonen lan luzean, askotariko irudi, erreportaje labur eta elkarrizketak daude. Lehen urtekoetan, kasurako, ongi azaltzen da nola sortu zuten kolono juduek Israelgo estatua. Yasser Arafat Palestinako Aginte Nazionaleko presidentea da erreportaje horietako protagonista —2004an hil zen; ikerketen arabera, israeldarrek hil zuten, pozoituta—. Abba Eban Israelgo Atzerri ministroarekin egindako elkarrizketa bat ere ageri da.

'Israel Palestine on Swedish Television 1958–1989' dokumentala
'Israel Palestine on Swedish Television 1958–1989' dokumentala artxibo irudietan oinarrituta dago. FILMIN

Arabiera, hebreera, ingelesa eta suediera entzuten dira dokumentalean. Olssonek nabarmendu du inoiz egin duen lanik «mingarriena» dela. «Baina sekulakoa izan zen artxiboko material horrekin lan egitea. Irudiak benetan ederrak dira, pertsonaia oso-oso interesgarriak azaltzen dira, giza lekukotza askorekin batera». Zuzendariak aipatu du errespetuz aritu direla irudiak hartu zituztenak eta parte hartzaileak tratatzeko orduan. «Bakea eta elkar ulertzea sustatzen ere ahalegindu gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.