Pantailatik kantari

Kantari aplikazioak hamar urte bete ditu aurten. Hainbat kantu taldek euren kantu jiretan erabiltzen dituzten liburuxkak eta abestiak biltzen ditu, besteak beste. 40.000 deskarga baino gehiago izan ditu.

Bilbo Kantari egitasmoko kide bat, Aste Nagusian kantuan, liburuxka batekin. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Bilbo
2022ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Aste Nagusiko azken-aurreko eguna da Bilbon. Familia bat gerturatu da Pilota kalean bilduta dagoen taldera. Bilbo Kantari egitasmoko kideak dira. Badaramatzate ordu batzuk kantuan, eta ilun dago, 22:00ak dira. Familiako kideek ezagutzen dituzte doinuak, aitonak zinta zaharretan grabatuta zeuzkanak dira, baina ez dakizkite hitzak. Kantuan egin nahi eta ezin. Ez dute liburuxkarik, baina harrituta daude albokoei begira. Gazte zein heldu, sakelakoa eskuetan dutela ari dira kantuan. Hondo gorri bat ageri da argituta guztietan: Kantari aplikazioa da.

Eta ez da berria, baina berrituz joan da, etenik gabe. Hamar urte bete ditu aurten Kantari aplikazioak. Galder Segurola ingeniari informatiko bilbotarrak sortu zuen, 2012an. «Konpartsakidea naiz, eta lagunekin sarritan gerturatzen nintzen Bilbo Kantari egitasmora. Guretzat oso polita zen halako zerbait deskubritzea. Konturatu ginen, ordea, liburuxka eraman egin behar zela, paperezkoa zela, enbarazu egiten zuela, galdu egiten zela, eta eguna ilundu egiten zela», azaldu du Segurolak.

Gogoan du Androiderako sortutako bertsio «zaharkitua eta primarioa» izan zela aurreneko hura: «Sortzen nuen lehen aplikazioa zen». Aurrera egin du, geroztik. Android zein IOS gailuetarako dago egokituta, webgunea ere badauka (Kantari.eus), eta «erreferentziazko» aplikazio bihurtu da kantu talde askorentzat. «Praktikoa eta erabiltzeko erraza da. Gazteek zein helduek erabiltzen dute. IOS gailuetan ez daukagu kopuru zehatza, baina Android gailuetan 40.000 deskarga egin dira orain arte. Androideko horiek badute kontzeptu bat erabiltzaile aktiboak izenekoa. Horren arabera, oraintxe, 11.000 lagunek daramate aplikazioa poltsikoan. Ez nuen inondik inora ere halakorik espero», dio Segurolak.

Aplikazioa erraz deskargatzen da, eta erraz erabili. Kantu taldeen liburuxkak daude zerrenda batean —Plentzia Kantagune eta Zarautz Kantuan izan dira euren liburuxkak aplikazioan sartu dituzten azkenak—, eta badago aukera abesti guztiak zerrenda berean ikusteko eta bilatzeko ere —ia 500 abesti daude guztira—. Bilaketak egin litezke egileka, abestika eta letraka. Abesti bakoitza ireki, eta letra dator osorik. Hitzen eta musikaren egileen izenak ere jartzen ditu —dituztenen kasuan, behintzat—, eta abesti bakoitzaren amaieran bideo-karaoke bat ere bai —Gabi de la Maza euskara irakaslearen eta Txantxangorria Youtubeko euskal karaokearen sortzailearen laguntza izan dute horretarako—.

Musu truk da aplikazioa, eta boluntarioa da Segurola eta haren kolaboratzaileen lana. «Honek badu gastu bat, eta aplikazioa martxan jartzeko behar da azpiegitura bat ere. Jendeak esan izan dit zergatik ez dudan publizitaterik jartzen eta gastuak berdindu... Nik badut nire lana, eta gustura nago han. Kantari da nire seme kutuna».

Aplikazio horretan zentralizatu dute, apika, kantu jiren inguran Euskal Herrian dagoen mugimendua. Bilketa lan mardul bat dago egina. «Kantu talderen batek esan izan dit nahi dutela beraiek halako aplikazio bat eta prest daudela ordaintzeko. Esan izan diet aplikazio berean liburuxka guztiak batzea askoz hobea eta eraginkorragoa dela. Bakoitzak berea sartzen du, baina gero guztiak agertzen dira batera».

Hurrengo hobekuntza? Aplikazioan kantu taldeen agenda bat sortzea, egun horretan abestuko dituzten abestiekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.