Komunikazioa

Parte hartzeko aukera handiagoa izango da aurrerantzean 'Berria.info'-n

Edizio jarraituko albiste guztietan egin ahal izango dira ekarpenak, 'Berriketan.info'-rekin; 'Hitza.info'-etan ere bai

Berria.info-n ez ezik, Hitza.info-etan ere Berriketan.info-ren bidez egingo dira astelehenetik iruzkinak. BERRIA.
Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Datorren astelehenetik aurrera, Berria.info-n parte hartzeko eta ekarpenak egiteko aukera handiagoa izango dute irakurleek: edizio jarraituko albiste den-denetan edukiko dute iruzkinak idatzi eta iritzia emateko aukera. Orain arte, albiste kopuru mugatu batean baino ez zen aukera hori, eta gunearen kudeatzaileek erabakitzen zuten zein albistetan egon zitekeen interesgunea.

Astelehenean martxan jarriko den iruzkinetarako sistemarekin, Berriketan.info sare sozialaren bidez egin beharko dira ekarpenak; hau da, iruzkinak egin nahi dituen irakurleak Berriketan.info-n erregistratu beharko du, eta, horren ondoren, nahi duen albistean izango du ekarpena egiteko modua. Hots, irakurleek erabakiko dute zein den beren interesgunea. Dagoeneko irakurle askok emana dute izena Berriketan.info sare sozialean, eta albiste zehatz batzuei lotuta ez bada ere, beren ekarpenak egiteko baliatzen dute —atzo 780 kide zituen Berriketan.info sare sozialak—.

Eztabaida zuzena helburu

Hitza.info-ren eremuko guneetan, hau da, herri eta eskualdeetako albistegi digitaletan, lehendik ere bazegoen albiste guztietan iruzkinak egiteko aukera, baina haietan ere aurrerantzean Berriketan.info-ren bidez egin beharko dira.

Izan ere, BERRIA Taldeko komunikabideen helburua beti izan da irakurleen parte hartzea bultzatzea eta haien ekarpena jasotzea; nolabaiteko elkarrizketa bat sortzea. Horregatik sortu ziren inkesta eta eztabaidaguneak, iruzkinak egiteko aukera eta Berriketan.info sare soziala. Baina parte hartzea ez ezik, eztabaida zuzena bultzatu nahi izan da, anonimotasunean babestutako zabarkeriarik gabekoa.

Hain justu, horregatik zen mugatua Berria.info-n ekarpenak egiteko aukera: iruzkinak moderatu egiten zirelako, eta, ondorioz, guneko arduradunentzat kudea ezina zelako albiste guztietara zabaltzea. Ekarpenak Berriketan.info-ren bidez egin behar izateak, ordea, autoerregulazioa ekarriko du, Berria.info-ra, batetik, eta Hitza.info-ren eremuko guneetara, bestetik.

Era berean, Berriketan.info sare soziala bera indartzen lagun dezake iruzkinetarako sistema berriak: izango dira albisteak iruzkintzen hasi eta pixkanaka sarean bertan bestelako ekarpenak egingo dituzten irakurleak, eta BERRIAko zein Hitzetako kazetariekin elkarrizketan gaur-gaurko gaien eraikuntzan beren alea jarriko dutenak.

Sakelakoetara egokituta

Nolanahi ere, ez da hori Berria.info eta Hitza.info webguneen inguruan datozen egunetan izango den berritasun bakarra. Batetik, Berria.info-ren sakelakoetarako egokitzapena martxan izango da hilaren 30ean, eta, horrenbestez, errazagoa izango da gailu txikien bidez gune horretan ibiltzea.

Bestetik, herrietako eta eskualdeetako Hitza.info webguneen bilgune den Hitza.info gune nagusia ere abian da. Gune horretan, Hitza txikiagoen ekarpenak biltzen dira, baina, horrez gain, baita proiektuari buruzko informazioa eta tokian tokiko albistegi digitalen direktorioa ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.