Komunikazioa. Ana Urrutia. ETBko aurkezlea

«Pentsatu izan dut: noraino eraman behar naute espektakulua bilatzeko?»

Hurrengo asteazkenean itzuliko da 'Implicada' saioa ETB2ra. Urrutiak aurreratu du atal berriak «ikusgarriak» direla. Muturreko egoerak azalean sufrituko ditu aurkezleak.

Adrian Garcia.
2014ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
ETBko aurpegi ezaguna da Ana Urrutia (Bilbo, 1972). Hamalau urte hauetan, eguraldiaren iragarpena eman du, meteorologiari lotutako beste hainbat erreportajez gainera. Implicada saioa egitea «erronka berezia» izan da harentzat. Atsedenalditxo bat hartu ostean, datorren asteazkenean, hilaren 30ean, atal berriak emango dituzte.

Non ibiliko zara saioaren bigarren aldi honetan?

Lehen atalean gazte giroa ezagutuko dugu; parrandan aterako naiz gazteekin, nire alabaren lagunekin. Edaten eta erretzen dutena ikusi ahalko dugu. Gauean inplikatuko naiz. Bitxia izango da Eguraldia-ren aurkezlea mozkortzen eta porroari ke bat ematenikustea.

Beste zenbat saio ikusi ahalko dira?

Beste bi gehiago, oraingoz. Geroz eta inplikazio handiagoa eskatzen didate. Bigarrenean, pultsometroa jarri, eta hainbat ekintza eginaraziko dizkidate nire muga non dagoen ikusteko. Izkingileekin ibiliko naiz, eta bi zinema espezialisten eskuetan jarriko naute: auto bati arrastaka ibiliko naiz, su emango didate... Pentsatu izan dut: audientzia eta espektakulua bilatzeko, noraino eraman behar naute? Jose Luis Kortarekin arraunean ere ibiliko naiz. Nire mugaren ertzean ikusiko naute ikus-entzuleek. Docu-reality bat da; ez dago ezer prestatuta.

Hirugarren atalean ere mugaraino eramango al zaituzte?

Donostiako Astelena jatetxeko sukaldean ibiliko naiz Ander Gonzalezekin. Jatetxe bateko sukaldeko presioa zenbaterainokoa den ikusiko da: denak garrasika, platerak azkar ateratzen... Azkenean, behea jotzen dut. Gero, hamabigarren pisuko konponketetan jarri ninduten lanean, nahiz eta zorabioa izan.

Orain arte egin duzunarekin alderatuz, aldaketa handia da Implicada.

Erregistro aldaketa handia da. Naturaltasun eta bat-batekotasun handia eskatu dit. Platoa utzi eta kalera atera behar izan dut, jendearekin harremanetan jarri.

Nola sentitu zara erregistro aldaketa horretan?

Ondo sentitu naiz. Saioa ikusi dutenek, aurkezle bat baino gehiago, Ana ikusi dute: nolakoa den Ana, nola erantzuten duen hainbat errealitateren aurrean. Ez dago gidoirik. Gauzak gertatzen diren ahala grabatzen ditugu.

Bolada zailak izan dituzu. Erosoagoa da Eguraldia aurkeztea?

Bai, ez du zerikusirik. Asko ikasi dut; jende interesgarria ezagutu dut, eta lagunak egin ditut. Aurreiritzi asko kendu ditut burutik; erronka pertsonala eta profesionala da. Bolada zailak igaro behar izan ditut saioan, baina esperientzia onak ere izan ditut.

Askok kritikatu zuten erotismoari buruzko saioan emakumea objektu gisa erakutsi zenutela.

Pole-dance dantza egin dezakezu, eta horrek ez du esan nahi striper bat zarenik. Gustatzen zaizuna egiten baduzu inori errespetua galdu gabe, ez da ezer gertatzen. Saio horretan ez genuen erakutsi emakumea objektu gisa. Sasoian egoteko ariketa ona da pole-dance-a, eta jende askok ikasten du. Aurkezle ezaguna zara. Saioak arrakasta izango al luke zu gabe?

Aurkezlea saioaren zati garrantzitsua da, baina beste batekin ere ongi funtzionatuko luke. Ni ezaguna izateak beste kutsu bat ematen dio. Jendeak ezagutzen nauenez, jakin-mina du ni ezohiko egoera batean ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.