Perrexilari perrexila jarrita

ETB1eko 'Joseba Argiñano Sukalerrian' saioa astean behin grabatzen dute, Donostian. Atal bakoitzean gonbidatu bat dute, eta giro onean kozinatu eta hitz egin ohi dute.

Joseba Argiñano gozogile eta sukaldaria, ETB1eko saioaren grabaketa batean, atzo. JAGOBA MANTEROLA/ FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2021eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Parte Zaharreko jatetxe baten ondoko sotora sartu, ate zuri bat zabaldu eta eskailera batzuk jaitsita, han bertan dago Joseba Argiñano Sukalerrian saioaren platoa: Donostiako jatetxe baten ondoko sotoan. Asteazkenetan, bost usain desberdin izaten dira han, bost atal grabatzen baitituzte egun horretan. Herri desberdinetatik iristen dira lantaldeko kide guztiak, furgoneta batean. Eta atal bakoitzerako, gonbidatu bat. ETB1ek astelehenetik ostiralera ematen du sukaldaritza saioa, 13:10ean.

Gonbidatuetako bat Arbizutik (Nafarroa) iritsi da. Ainara Goikoetxea Embutidos Arbizuko arduraduna da. Txistorra eraman du, lantaldeko kideen gozamenerako. Joseba Argiñanok gnocchiak egiteko teknika erakutsi dio. Solasean ari dira: komentatu dute nola gaur egun Nafarroako herritarrek ezin duten Gipuzkoako hondartzetara joan, eta Gipuzkoakoek ezin duten Nafarroara «onddotara» joan. Saskibaloian, saski txiki batekin jokatu duteharrikoa nork egin.

Ana Goitia saioko erredaktorea arduratzen da gonbidatuak aukeratzeaz: «Gogoa duen edonor etor daiteke». Kultur arloko sortzaileak, kirolariak eta herritar anonimoak tartekatzen dituzte programan. Argiñanok zera esan du: «Gonbidatu batzuk urduri etortzen dira; ez daude ohituta telebistarekin. Lehen blokean, urduri egoten dira; bigarrenean, lasaiago; eta hirugarrenean, laugarrena eskatzen dute». Grabaketa txukun joan da Goikoetxearentzat: «Oso esperientzia polita izan da. Etxetik beste zerbait ematen du, baina oso gertukoa iruditu zait tokia. Jendea animatuko nuke saiora etortzera».

Barry Manley umoregile eta irakasle irlandarrari ez dago bi aldiz esan beharrik halako toki batera joateko. Gitarrarekin joan da, benetako pasadizoren bat hamaika txantxarekin tartekatzera. «Puntu ahula» patatak zuritzea duela dio, eta horretan ari da: taularen gainean patata zuritzen.

Enara Olabarria saioaren zuzendaria detaile guztiekin erne dago: kamerek zer grabatu, Argiñanok ondo hitz egin ote duen... «Geldi!», esan du halako batean, asaldatuta, kamerak ez baitizkio goitik irudiak hartu irlandar erako eltzekariari. Garagardo beltza bota diote haragi erregosiari, Irlandako ukitu berezia. Argiñanok kozinatzeko lezio apur batzuk erakutsi dizkio Manleyri, eta Manleyk gaelikoz hitz batzuk irakatsi dizkio gozogileari.

Aurkezleari tanto batzuk erori zaizkio jantzian. Zuzendariak berehala hartu du jaka berri bat. «Bestela, ez da itxura».

Hurrengo atalaren gonbidatua Donostiako Egia auzoko Garraxi jatetxetik iritsi da. Grabaketa eguna luzea izaten duten arren, denek aitortu dute «giro ederrean» ari direla. Argiñanok argi du: «Hori oso garrantzitsua da. Nola sentitzen zaren, horixe islatzen da telebistan: hori ikusten du jendeak. Pozik ari gara lanean, eta hori transmititu egiten da».

Ikusle datuekin ere pozik dira. Azkeneko hiru hilabeteetan, %3,5eko ikusle kuota du programak —katearen batezbestekoaren ia bikoitza—. Lantaldean datu bitxi bat aipatu dute: saioaren ikus-entzuleen %18k ez dakite euskaraz. Goitiak Instagramen jartzen ditu programako errezetak, eta harrituta dago euskaraz ez dakien jende askok idazten diolako.

Uda arte, ziur

Ekaineko azken astean hasi zuen ibilbidea Argiñanoren programak —aldi berean, Txoriene ematen dute oraindik, 15:15ean—. Argiñanok aipatu du ondo konpontzen dela Zigor Iturrietarekin, eta nahiko luke euskarazko saioarekin luzaroan jarraitu. «ETBk beste gauza batzuk sartu nahi dizkit, gaztelaniaz ere bai. Baina nire esentzia kozinatzea eta euskaraz aritzea da, eta ez dezatela suntsitu orain hasi dugun proiektu polit hau».

Olabarriak balantze «ona» egin du: «Pixkanaka gure tokia topatu dugu. Gero eta jende gehiagok ikusten gaitu. Ea ETBk berritzen gaituen». Uda arte, behintzat, badakite jarraituko dutela saioa egiten. Erreportajeak ere tartekatzen dituzte platoko errezetekin. «Lehen sektorean aritzen den jendeari ikusgaitasuna eman nahi diogu», gaineratu du saioko zuzendariak.

Osagai batek, halaber, ez du inoiz huts egiten. Aurkezleak perrexila jarri dio platerari. «Perrexil birrindu berria, aitak bezala». Karlos Argiñanok ordu berean du saioa, baina haren emazteak semearena ikusten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.