Pilotako buruz buruko finalak %20,8ko ikusle kuota izan du

Euskaldunen artean %34,5ko kuota lortu zuen lehiak. ETBk hamahiru kamera erabili zituen

Aitor Elordi pilotaria, igandean, finala irabazi ostean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
urtzi urkizu
2023ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Ikusmin handia piztu zuen igandean Aitor Elordiren eta Jokin Altunaren arteko buruz buruko finalak. Milaka herritarrek ikusi zuten pilota partida ETB1en, eta ikusle datu handia izan zuen emanaldiak: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %20,8ko ikusle kuota lortu zuen lehiak —euskaldunen artean, %34,5ekoa—.

Partida osorik ikusi zutenen ehunekoa da hori. Baina, beste alde batetik, 172.000 herritarrek ikusi zuten uneren batean Elordiren eta Altunaren arteko finala.

Emanaldirako, hamahiru kamera erabili zituen Euskal Telebistak. Berrikuntza nagusia Kablecam izeneko kamera izan zen. Pilotalekuaren goialdean kokatu zuten, eta frontisetik errebotera arteko irudiak eta harmailetakoak eskaintzen ditu kablearekin batetik bestera mugituta. Gernikako (Bizkaia) Jai Alai Winter Series Txapelketan erabili zuten aurreneko aldiz. Era berean, frontisean bi kamera robotizatu jarri zituzten: Txokocam deritzona txokoko irudiak eskaintzeko, eta Marracam izenekoa pilota jokalekutik atera ote den erakusteko —epaileentzat ere baliagarria—.

Altunak iazko azaroan jokatu zuen beste final batek are ikusle datu handiagoak izan zituen: Joseba Ezkurdiaren eta Altunaren Lau eta Erdiko Txapelketako finalak %24,5eko ikusle kuota izan zuen —%38,3koa euskaldunen artean—. 322.000 herritarrek bat egin zuten tarteren batean emanaldiarekin.

ETB1ek, %2,2ko kuota

Maiatzean, ETB1 katearen batez besteko ikusle kuota %2,2 izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aurreko bi urteetan ere kuota hori izan du euskarazko kateak. Edonola ere, kirol emanaldi batzuek lortu dituzte ikusle daturik onentsuenak: batetik, maiatzeko lehen asteburuan Osasunak Espainiako Kopako finala jokatu zuen, eta ETB1en %8,7ko kuota bereganatu zuen —La1n, %37koa—. Nafarroan are handiagoak izan ziren datuak:%12ko kuota ETB1en, eta %48,1ekoa TVEn. Bestetik, buruz buruko pilota txapelketako finalerdiak eman ditu ETB1ek, eta horiek ere datu onak izan dituzte. Italiako Giroak, arratsaldez, %3,2ko kuota izan du.

ETB2 kateak, bestalde, %8,9ko ikusle kuota izan du maiatzean. El conquistador del Caribe saioa da kate horretan daturik onenak lortzen dituena. Teleberri albistegiak, berriz, %18,1eko batez besteko kuota izan du joan den hilean.

Haurrentzako ETB3 kateak %0,2ko ikusle kuota izan du. Eta ETB4 kateak, %0,8koa. Katalunian, TV3 katea da gehien ikusi dena maiatzean: %13,9ko kuota. Eta Galizian, TVGk %11,3koa eskuratu du.

Euskal Herrian pilota emanaldiak arreta piztu duen moduan, joan den asteburuan Katalunian futbol partida batek erakarri ditu ikus-entzule ugari: Txapeldunen Ligako finalak. Irene Paredesen taldeak —Bartzelonak— Wolfsburgori 3-2 irabazi zion larunbatean, eta TV3eko emankizunak %28,6ko ikusle kuota lortu zuen. 830.000 herritarrek ikusi zuten tarteren batean Katalunian futbol partida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.