Lotta Continua taldeak Mario Calabresiren (Milan, Italia, 1970) aita Luigi Calabresi polizia hil zuen 1972an. Auzi horren ingurukoak bildu zituen Mario Calabresik Spingendo la notte più in là liburuan. Arrakasta handia izan du liburu horrek, eta hainbat hizkuntzatara itzuli dute. Euskarara ere bai: Lurdes Auzmendik eta Koldo Bigurik itzuli dute Gaua harago bultzatuz (Igela, 2025). Kazetaritzan, bestalde, ibilbide luzea egin du Calabresik. Horretan jarraitzen du.
Norberak gertaerak lehen pertsonan bizi izan dituenean, kontatzen den istorioak beti al du emozio eta eragin handiagoa?
Ahots baten boterea oso indartsua da. Eta ahots hori idatzizkoa ere izan daiteke. Gaur egun, podcastetan ari naiz lanean, eta podcastak indartsuak eta intimoak izan daitezke. Podcastekin intimitatean sar zintezke entzulearekin, harreman gertuko batean. Baina idatzizko hitza ere oso eraginkorra da, kontatzen dena memoriako istorio pertsonala denean. Bizitzako istorioak kontatzen direnean. Nire liburuetan, kasurako, bizitzaren intimitatea kontatzen dut; hau da, ez dira historia hutsa.
Spingendo la notte più in là liburua irakurtzen duten irakurleek, oro har, zer ondorio ateratzen dute?
Irakurleek ateratzen duten ideia da indarkeria politikoa zentzugabea dela. Ez du izateko arrazoirik. Liburuko mezurik indartsuena hauxe da: gauzak aldatu nahi dituenak indarkeria politikoarekin ez du ezer irabaziko. Beste kontu garrantzitsu bat bataila ideologikoarekin lotuta dago; pertsonak sinbolo bihurtzen dira, kategoria edo irudi bat, eta nabarmendu behar da guztiak direla pertsonak. Terrorismoak pertsonak sinbolo bihurtu zituen, haiek hiltzeko; hortaz, ideia bat hiltzen dute. Baina, memoria egiten denean, garrantzitsua da sinboloak pertsona bilakatzea.
Gipuzkoako liburu saltzaileek Euskadiko Zilarrezko Saria eman zizuten iaz, liburu horregatik. Zer sentitu zenuen?
Oso harro nago sari hau Euskal Herrian jasotzeagatik, bereziki liburu saltzaileek eman zidatelako, eta terrorismoak hainbeste zauritu duen herri batean jaso nuelako. Are esanguratsuagoa izan zen niretzat.
Kazetari lanetan 1990eko hamarkadan hasi zinen. Egunkariek, orduan, eragin handiagoa zuten gizartean gaur egun baino?
Bai. Egunkariek eragin handiagoa zuten: gogoan dut egunkari baten azalean argitaratzen zen artikuluak eztabaida bat piztu zezakeela, eta eztabaida horrek hainbat egun iraun zezakeela.
Gaur egun ez da posible halakorik?
Ez, orain ez. Baina egunkariek ahalmena dute agenda politikoa sortzeko. Eragina txikiagoa da; arlo digitalean ahotsen ugaritze bat dago, eta arretaren fragmentazioa ere gertatzen da.
La Stampa eta La Repubblica egunkarietan zuzendari izan zinen. Nolakoak izan ziren garai haiek?
Zoragarria izan zen La Stampa-ko zuzendaria izatea, krisi ekonomikoa ez zelako hain gogorra. Hortaz, aukera genuen ideia berriak irudikatzeko, kultur gehigarriak egiteko, erreportajeak lantzeko, kazetari gazteak erakartzeko... La Repubblica-n, aldiz, krisi ekonomikoa oso latza zen, eta min handia sentitu nuen murrizketak egin behar izan genituelako. Lantaldea murriztu beharra beldurgarria da kazetari batentzat.
Chora Media enpresa, berriz, hazten ikusi duzu urteotan.
Bai, eta oso ederra da hori. 2020an hasi ginen, soilik sei lagunekin. Eta, gaur egun, 96 ari gara podcastgintzan Chora Media taldean. Gainera, hilero jende berria etortzen da parte hartu nahi duela esanez.
Albiste buletin arrakastatsu bat ere idazten duzu. Zer dute berezi albiste buletinek?
Kaos batean gaude, zurrumurru mediatikoen erdian, eta albiste buletinak zuzenean doaz hartzailearengana. Hartzaile horrek nahi duenean irakur dezake, gaikakoa da, eta ahots argia eta zuzena jasotzen du.

Fake news edo albiste faltsuen kontzeptua ez zegoen garai batean, baina bazen kezkarik informazioaren manipulazioaren gainean. Zer aldatu da?
Albiste faltsuak beti egon dira. Faxismoa boterean zenean, bazeuden. Historian beti egon dira. Aldaketa da teknologiaren eraginez orain oso bizkor zabaltzen direla. Fake bat, gaur egun, ahots batean edo bideo batean ere topa dezakezu.
Nola ikusten duzu kazetaritzaren etorkizuna adimen artifizialaren zabalkundearen eraginpean?
Kazetaritzaren etorkizuna zertan datza? Azken orduko albisteetan ez da egongo. Gertaera baten zergatiak eta ondorioak herritarrei azaltzea izango da gakoa kazetaritzan. Baita testuinguru bat eraikitzea ere. Kazetaritza asko landu beharko da etorkizunean, asko analizatu beharko da, eta esfortzu handia eskatuko die kazetariei.
«Papera etorkizunean asterokoa edo hilerokoa izango da, gaikako aldizkariekin. Papereko euskarriak sakona eta kalitatezkoa beharko du izan»
Sare sozialei dagokienez, X asko aldatu da. Meta eta Tiktok-ekin ere kezka bada. Zer gertatzen ari da?
Sare sozialak dirua irabaztera doaz. Twitter kazetaritzaren eremuan une onean zenean, ez zuen dirurik irabazten. Twitterrek dirua irabazteko asmoa duenean, logika ekonomikoa ez da logika informatiboa. Etorkizuna Substack bezalako plataformetan egon daiteke gehiago. Albiste buletinak eta podcastak ere gorantz doaz, eta etorkizuna hor dago.
Papereko egunkariek eta liburuek badute etorkizunik?
Zintzoki, uste dut etorkizunean eguneroko egunkariak paperean ez ditugula izango. Egunkarien eguneroko informazioa digitala izango da. Gaikako albiste buletinek eta podcastek etorkizuna izango dute. Paperaren partea asterokoa edo hilerokoa izango da, gaikako aldizkariekin. Eguneroko aktualitatea sakelako telefonoan jasotzen dugu, baina egongo da egunaren momentu bat objektu fisiko bat eskuetan hartzeko: papereko euskarri horrek sakona eta kalitatezkoa beharko du izan.