Sara Azurza
Ekografiak

Prada

2026ko maiatzaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iritsi da, hogei urteren ondoren, hainbeste itxarondako The Devil Wears Prada 2 filma zinema aretoetara. Modaren industria, kazetaritza, luxua eta pertsonaia ikonikoak uztartzen dituen sekuela, jendeak gogotsuen esperotakoa.

2006an ikusi genuen lehen aldiz The Devil Wears Prada pantailetan. Lauren Weisberger idazlearen eleberri batean oinarritutako filma da, eta egileak berak Anna Wintourren laguntzaile gisa bizi izandako esperientzietan inspiratua dago. Fikzioan, Miranda Priestly (Meryl Streep) eta Andrea Sachs (Anne Hathaway) izenez ezagutu genituen. Bertan, Andrea Sachs Andy kazetari izan nahi duen gazteak ametsetako lana lortzen du Runway aldizkariko Miranda Priestly ospetsu eta zorrotzaren laguntzaile exekutibo gisa, eta goi mailako modaren mundu azaleko eta erritmo bizikoan murgiltzen da.

The Devil Wears Prada 2 2026ko apirilaren 20an estreinatu zuten New Yorken, eta mundu osoko zinema aretoetara maiatzaren 1ean iritsi zen, jatorrizko aktore taldearekin: Meryl Streep, Anne Hathaway, Emily Blunt eta Stanley Tucci, alegia.

Bi hamarkada geroago, Miranda Priestly bere karreraren amaierari aurre egiten ari zaio, paperezko aldizkarien gainbeheraren eta teknologia berrien garaian. Andy Sachs Runway aldizkarira itzuliko da erreportaje editore gisa, eta berriro ere Emily Charltoni (Emily Blunt) aurre egin beharko dio; azken hori, oraingoan, Dior etxeko goi-zuzendaria da.

Dudarik gabe, 2026ko film arrakastatsuenetako bat bihurtzeko bidean da. Izan ere, estreinako asteburuan —maiatzaren 1etik 3ra— 198,4 milioi euro bildu zituen mundu osoan. Eta ez da harritzekoa, batez ere jatorrizko filma klasiko bihurtu delako hogei urte hauetan eta ikusleek nostalgiaz itxaroten zutelako protagonisten topaketa.

Gustatu zait, bai. Normalean, zalantzak izaten ditut bigarren filmekin, eta are gehiago gaur egun, itzulerak hain modan jarri diren honetan. Baina The Devil Wears Prada 2-k ezusteko oso ona eman dit. Filma ikusten ari zaren bitartean, aurreko gertakariez gogoratuko zara, eta barre eragingo dizu, eta kameo interesgarriak ere badaude. Aldi berean, modaren industriari, kazetaritzaren eraldaketari eta digitalizazioari buruzko kritika ere egiten du. Beraz, bai, bai eta bai. Lehen filma gustatu bazitzaizun, ez zara damutuko bigarrena ikusteaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA