Het Belang van Limburg egunkariaren egitasmo hiperlokalaren burua da Bart Bijnens (Hasselt, Flandria, 1966). Hiperlokal horrek zer esan nahi duen azaltzera etorri da Euskal Herrira. Tokikom jardunaldietan parte hartu zuen atzo, eta han eman zuen eskualdeko hiritarrak kazetari bihurtzeko egiten ari diren esperimentuaren berri.
Zertan da zuen egitasmoa?
Iazko martxoan abiatu genuen egitasmo hiperlokala. Gure eskualdeak 48 herri ditu. Horietako bakoitzeko Interneteko albiste gune bat sortu genuen. Asmoa zen herrietako biztanleek beraiek gune horietarako artikuluak idaztea, euren herrietako albisteekin. Larunbatero, gure egunkariak gehigarri berezi bat plazaratzen du, hiritar-kazetarien artikuluekin.
Zergatik argitaratu paperean dagoeneko Interneten daukazuena?
Publizitate moduluak erosten dizkiguten enpresak eta hiritarrak aski kontserbadoreak dira, eta euren iragarkiak paperean ikusi nahi dituztelako, Interneten barik.
Idazten duten herritarrei zer edo zer ordaintzen diezue?
Ez. Ez dute ezer kobratzen. Dagoeneko, 7.000 hiritar-kazetari ditugu. Gure egunkariak 100.000 ale saltzen ditu, 860.000 populazio batean, hau da, merkatuaren %82 dugu. Parte handi samarra da tokian tokiko egunkari baterako. Gainera, gehienak harpidetzaren bidez saltzen ditugu.
Zein da sekretua arrakasta izateko?
Sekretua irakurleengandik hurbil egotea da. Guk zerbitzu asko ematen diegu, eta lan handia egiten dugu komunitatea eraikitzen.Jendeak bere burua ikusten du sarri gure egunkarian. Limburgen bizi zarenean ohitura da gure kazeta irakurtzea. Haurrak gurasoen harpidetzarekin hazten dira, eta euren kabuz bizitzera joaten direnean, harpidetza egiten dute.
Zuenean, beraz, ez dago papereko kazetaritzaren krisirik. Ez duzue aukeratu behar izan papera eta Interneten artean.
Egia esan, egitasmo hiperlokalarekin hasi ginenean eztabaida sutsuak izan genituen: paperean ala Interneten egingo al dugu? Lehen esan bezala, publizitaterako lekua erosten digutenek erabaki zuten papera nahi zutela. Halere, hiritar-kazetariek Interneteko gunearen bidez bidali behar dituzte artikuluak. Beraz, bien arteko nahasketa da: egunero sarean, astean behin paperean.
Nola konbentzitu dituzue 7.000 pertsona zuentzat doan lan egiteko egitasmo honetan?
Herririk herri joan gara, misiolariarena egitera. Bilerak egin ditugu horietan eragina duen jendearekin. Herriko azoketara joan gara, eta egitasmoa azaldu diegu. Beti jarraitu dugu herritarrekin harremanetan; zaindu egin ditugu, alegia. Artikuluak bidali dituztenean, beti erantzun diegu, testua ona zen edo ez esateko, zergatik aldatu dugun azaltzeko... Auzoaren artikulua irakurtzen duenak berak ere idaztea erabakitzen du. Berdin alderdi politikoek. Azken batean, komunitate bat sortzea da, komunitate baten barruan.
Nola hartu dute kazetari profesionalek hiritarren parte hartzearena?
Hori izan da gai zailetako bat. Hasieran, euren lanbidearen mehatxu gisa ikusi zituzten. Hiritar-kazetariak egunkaria eurenganatuko zutela uste zuten. Ni ere eskola zaharreko kazetaria naiz. Azkenean, zorionez, ikusi dugu irakurleak oso pozik daudela egitasmoarekin, eta 7.000 hiritar-kazetari 7.000 begi eta belarri pare gehiago dira: gehiago ikusten dute, gehiago entzuten eta gauza gehiagoren berri ematen dute. Profesionalek gai horiek erabil ditzakete orain, gehiago lantzeko eta sakontzeko. Ondorioz, albiste gehiago argitaratzen ditugu, eta gure freelance kazetariek ere gehiago irabazten dute orain, hiritarrek proposaturiko gaiez idazten. Hiritarren artikuluak behin eta berriz zuzendu behar dituzte profesionalek. Urratsez urrats ulertu dute euren lanbideari ere balio erantsia ematen dietela hiritarrek.
Zuen esperimentu arrakastatsuak balio al du beste lekuetarako?
Arrakasta izan nahi baduzu, ezin zara hutsetik hasi. Ez baduzu zeren gainean eraiki, ez du funtzionatuko. Guk izen sendoa genuen hasteko. Hemen Euskal Herrian izen sendo batzuk ikusten ditut, ikusten dut jendearekiko lotura, eta gauza berriak egiteko gogoa dagoela ikusten dut. Gure lan nagusia gaurko gauzak gaurko teknologiarekin egitea izan da. Eredua ez da esportagarria beste edonorako, baina eraman daiteke dagoeneko tokian tokiko prentsa sendoa duten lekuetara. Prentsa lokala lokalago egin, eta sekulako aldaketa eragin dezakegu. Tokian tokiko hedabide gisa derrigortuta gaude jendeari parte hartzea zabaltzeko. eta hori enpresa errentagarri bihurtzeko.
Komunikazioa. Bart Bijnens. Kazetaria
«Prentsa lokala lokalago egin, eta sekulako aldaketa eragin dezakegu»
Flandesko 'Het Belang van Limburg' kazeta irakurleekin egiten ari den saioa azaltzera etorri da Bart Bijnens egitasmoaren burua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu