Euskal Herriko edukiak denentzat eskuragarri jarriko dituen plataforma digital berria. Modu horretan definitu du EITBk Primeran plataforma. Azkeneko bi urteetan horretan aritu dira lanean, eta gaur jarriko da abian plataforma. «Euskara eta euskal edukiak zabaltzeko filosofiarekin jaio da, mundura zabalik dagoen euskal leiho berria izateko helburuarekin», azaldu du EITBk. Gaurtik aurrera martxan da www.primeran.eus webgunea, eta plataformaren aplikazioa deskargatu daiteke telebista adimendun gehienetan zein telefonoetan—Google Play eta iOS gailuetako dendetan deskarga daiteke, doan—. Hain zuzen ere, doakoa da Primeran plataforma. Edukiak ikusi ahal izateko, dena den, erregistratu beharra dago.
Plataformaren katalogoan 3.000 atal edo film baino gehiago daude ikusgai. Horietako gehienak euskaraz ikus daitezke, euskarazko audioarekin edo euskarazko azpidatziekin. Unai Iparragirre ETBko zuzendariak ekainean BERRIAri azaldu zionez, edukien %99 egongo dira euskaraz ikusgai.
Plataforma mundu osoan erabil daiteke. Hau da, munduko herrialde guztietako euskaldunek ikusi ahalko dituzte bertako edukiak. Besteak beste, Euskal Herriko filmak, nazioarteko telesailak, askotariko dokumentalak, sukaldaritzarekin lotutako lanak, musika eta haurrentzako edukiak eskainiko dituzte Primeran plataforman. Gainera, plataformarentzat propio sortutako eduki esklusiboak ere iritsiko dira datozen hilabeteetan.
EITB hasi da Primeran-en inguruko informazioa zabaltzen. Komunikazio kanpaina bat ere abiarazi dute, eta herenegun globo bat jaurti zuten Gasteizko Plaza Berritik. Plataforma berriaren aurkezpen kanpaina lantzeko irudiak grabatuko ditu globo horrek, eta zera sinbolizatuko du, Primeran-ek mundura zabalduko dituela euskarazko edukiak.
Primeran aurkezteko ekitaldi ofiziala hilaren 21ean egingo dute, Donostian.
Sustatzaileen xedea da Primeran ez izatea soilik EITBren plataforma, baizik eta Euskal Herriko beste eragile batzuei ere zabalik egotea. Izan ere, Tokikom elkartearen hainbat edukirekin abiatuko du ibilbidea plataformak. Euskal eduki, kultura eta ekoizleen proiektua izan nahi du Primeran-ek, eta datozen hilabeteetan musika, antzerkia eta beste kultur adierazpenetako edukiak egongo dira katalogoan. Euskadiko Filmategia ere laguntzaileen artean egongo da. Era berean, Donostiako Zinemaldian azkeneko urteetan sarituak izan diren hainbat film jarriko dituzte plataforma digitalaren katalogoan.
Viaplay Eskandinaviako plataformaren hainbat telesail eta film ere jarri dituzte Primeran plataforman; jatorrizko bertsioan ikus daitezke, euskarazko azpidatziekin.
'Itxaso' telesaila, 28an
Primeran plataforman Euskal Herriko askotariko ekoizpenak ikusi ahalko dira. Horien artean, gaur bertan estreinatuko dute Porno belaunaldia dokumental saioa, euskaraz —ETB2k gaztelaniaz emango du, hilaren 18tik aurrera—.
Bestetik, iaz ETBrentzat grabatutako Itxaso telesaila Primeran plataformak estreinatuko du, hilaren 28an; lehen atalaren aurrestreinaldia Donostiako Zinemaldian egingo dute, 27an. Antonio Diaz Huerta da telesaileko zuzendaria, eta aktore protagonistak Jon Plazaola, Nerea Mazo, Itziar Atienza eta Jon Mendia dira.
Bestelako lan berriak ere iritsiko dira Primeran plataformara: Izaro: Limoiari eztia eta Iribar, atezaina dokumentalak, Ura bere bidean musika ikuskizuna eta beste hainbeste. Laster jarriko dituzte Baserritik basamortura dokumentala eta Vaya semanita: 20 urte lana ere.
Primeran plataformaren arduraduna Alex Gibelalde da —Google eta Twitter konpainietan egin du lan, besteak beste—. Duela hilabete batzuk iritsi zen EITBra.
Primeran plataforma martxan da
Zerbitzua 'www.primeran.eus' webgunean, telebista adimendunetan eta gailu eramangarrien aplikazioan erabil daiteke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu