ETB1ek Gutariko bat saio berria estreinatuko du gaur, 22:15ean. ETBk iragarri duenez, Euskal Herria beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera izango dute ikus-entzuleek, Reyes Prados aurkezlearen (Sevilla, Espainia, 1982) eskutik. Euskal Herrian barrena ibiliko da Prados, bertako ohiturak gertutik ulertzeko. Helburu horrekin, egunerokoan egiten ez dituen hainbat lan eta jarduera gertutik biziko ditu.
Aparteko laguntzaile eta adituak izango ditu bidelagun kazetariak saio bakoitzean, jorratuko duten arlo bakoitzaren berezitasunak eta egikerak erakusteko. Euskal Telebistaren arabera, «Euskal Herriko gizarteari eta kulturari buruzko ikerketa praktikoa egingo du». Hiru atal emango dituzte, eta, horrenbestez, hiru arloren ingurukoa izango da ikerketa praktikoa: baserria, arrauna eta herri kirolak.
Digytal ekoizpen etxeak egingo du saioa, eta Javier Gutierrez izango da zuzendaria. Otsailean Pradosek berak ekoizpen etxe horrekin InautHerriak saioa protagonizatu zuen ETB1en, hainbat herritako inauterietako mozorroak jantziz.
Gutariko bat saioko zuzendariorde Ana Quintanak nabarmendu du aurreneko aldia dela euskaldun berri batek ETB1eko saio bat aurkezten duena: «Albistegietan aritu izan dira euskaldun berriak eta saioetan parte hartzen ere bai, baina ez saio propio bat aurkezten. Prados animatu da, eta ahalegin handia egin du». Euskal Herrian dauden ohiturak «beste ikuspuntu batetik» azaleratu nahi dituztela azaldu du programako zuzendariordeak.
Gaurko estreinako saioa baserri munduari buruzkoa izango da. Prado baserrian lanean ariko da, eta denetarik egitea egokituko zaio. Behiekin, ardiekin, astoekin eta zezenekin lanean ibiliko da, egunsentian hasi eta gauera arte. Zamak altxatu eta behiak jetziko ditu. Bigarren atalean arraunean ariko da kazetaria. Quintanak iragarri duenez, Prados Hondarribiako, Kaikuko eta Orioko arraunlariekin ibiliko da. Hirugarren eta azken atala herri kirolei buruzkoa izango da; Joxe Mari Olasagastirekin eta Patxi Larretxearekin ariko da aurkezlea, besteak beste.
«Espero dezagun saioak ondoren jarraitzea, eta atal gehiago egiteko erabakia ez izatea soilik ikusle datuen araberakoa», adierazi du Quintanak. «Saioa erraz ikusten da, eta lehen hiru atal hauen ostean ea jarraitu dezakegun. Itxaropentsu gaude».
Aurreneko hiru atalen grabaketak Hego Euskal Herrian egin dituzte. Lantaldea ez da Lapurdira, Nafarroa Beherera eta Zuberoara joan.
Reyes Pradosek 'Gutariko bat' saioa gidatuko du gaurtik aurrera ETB1en
Saio berrian kazetariak Euskal Herriko ohiturak ezagutuko ditu; gaur baserriko lanak egingo ditu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu