Ikus-entzunezkoak

Robin Greenekin hasiko da 7. Crossover jaialdia

Green AEBetako kazetari eta gidoilariak hitzaldia emango du etzi, Donostian. Asteazkeneko lehen ekitaldien ostean, apirilaren 22tik 27ra egingo dute telesailen inguruko jaialdia. Bederatzi ekitaldi euskaraz izango dira.

Crossover jaialdiaren aurkezpena, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Crossover jaialdiaren aurkezpena, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2024ko apirilaren 15a
13:00
Entzun

Hazten ari da Crossover telesailen jaialdia. Txikiagoa zen lehen urteetan, eta gero eta programazio osatuagoa du. Aurten, esaterako, 24 ekitaldi izango dira Donostiako jaialdian. Nahiz eta jaialdiak apirilaren 22tik 27ra iraungo duen, asteazken honetan lehen egun bat programatu dute Robin Green idazle eta gidoilaria Euskal Herrira etortzeko moduan dela baliatuz. Hala, etzi, 19:00etan, Greenek hitzaldia emango du Donostiako Santa Teresa komentuan (Parte Zaharra). Rolling Stone aldizkariko kazetaria eta editorea izan zen Green, eta gidoilaria izan da telesail entzutetsu batzuetan (The Sopranos, Northern Exposure...).

Egun berean, asteazkenean, IƱaki Aliste Lizarralde ilustratzailearen Behind the Screens erakusketa inauguratuko dute Santa Teresa komentuan. Gainera, Ikusle gonbidatua sailaren lehen elkarrizketatua izango da Aliste. Iaz jarri zuten abian Ikusle gonbidatua saila, eta euskal kulturako sortzaileek telesailen inguruan hitz egiten dute bertan. Aurten, euskaraz izango dira sail horretako solasaldi guztiak: hilaren 22an, Sara Zozaia musikaria; 23an, Amaia Lizarralde aktorea; 24an, Danele Sarriugarte idazle eta kazetaria; 25ean, Iker Garcia Barrenetxea margolaria; eta 26an, Andoni Munduate sortzaile eta ekintzailea.

Crossover jaialdiaren zazpigarren aldia gaur goizean aurkeztu dute Donostian, Gipuzkoako Diputazioan. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak antolatzen du jaialdia, Kultur Factory agentziarekin elkarlanean.

Lau emanaldi

Euskarazko ekitaldi gehiago ere izango dira Crossoverren: hilaren 22an, euskara, fikzioa eta Primeran plataformaren gaineko solasaldi bat izango da; 23an, kirola fikzioan nola islatzen den aztertuko dute Mikel Alonsok eta Lur Errekondok; eta 24an, Euskadi Irratiko Baipasa magazineko Zer ikusi atala Santa Teresa komentuan egingo dute, 17:00etan.

Gaztelaniazko solasaldi ugari ere izango dira. Besteak beste, gaia hauek landuko dituzte: eguneroko telesailak; sexua, intimitatea eta sare sozialak (Red Flags telesaila abiapuntutzat hartuta), Reina roja telesailaren efektu bereziak, politika eta fikzioa, jarrera matxistak eta botere gehiegikeria, eta telesailak eta moda. Aurreko urteetan bezala, urteko uzta aztertuko dute bi kazetari espezializatuk azken egunean. Eta telesailen bataila ere egingo dute.

Jaialdiko antolatzaileek iragarri dutenez, bestalde, lau telesail berriren emanaldiak egingo dituzte: hilaren 23an, Apples Never Fall (SkyShowtime); hilaren 25ean, Marbella (Movistar Plus); hilaren 27a, Without Sin (AXN); eta egun berean, Las largas sombras (Disney Plus). Azken telesail hori Clara Roquetek zuzendu du, eta aktoreen artean Itziar Atienza eta Marta Etura daude.

Ekitaldi guztiak doakoak dira; emanaldietarako, gonbidapenak hartu behar dira Internet bidez. Ordaindu beharreko ekitaldi bakarra hilaren 26ko Series Gourmet afaria izango da. Ramon Campos ekoizlea eta Tristan Ulloa aktorea telesailen inguruan solasean arituko da, bertaratzen direnek afaltzen duten bitartean. Tabakalerako LABe jatetxean izango da afari-solasaldia.

Goizane Alvarez Gipuzkoako Kultura diputatuak aipatu du litekeena dela urte osoan ekitaldi gehiago antolatzeko aukera izatea, telesailen inguruan Donostian zerbait berezia gertatuz gero. Hain zuzen ere, urtarrilean Cristobal Balenciaga telesailaren aurrestreinaldia antolatu zuen Crossover jaialdiak Viktoria Eugenia antzokian.

Jaialdiko programazio osoa Crossoverren webgunean kontsulta daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.