Komunikazioa. Kike Amonarriz. 'Mihiluze'-ko aurkezle-zuzendaria

«Saioari beste buelta bat eman diogu, bai itxuraz, bai mamiz»

Iraupen luzeagoarekin, dekoratu eta itxura berriarekin eta probetan aldaketa askorekin itzuli da aste honetan 'Mihiluze' ETBra.

urtzi urkizu
Donostia
2012ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Ilusio handiz ekin dio Mihiluze-ren zortzigarren denboraldiari Kike Amonarrizek (Tolosa, Gipuzkoa, 1961).

Zer sentitzen duzu Mihiluze-k urtez urte jarraipena duela ikusita?

Lehenengo sentimendua poz sentimendua da. Ez da erraza telebistaren munduan zortzigarren denboraldi bati ekitea. Azken batean, horrek esan nahi du lehiaketa bizirik dagoela, indartsu dagoela eta segida duela. Lortu du ikuslego fidel bat izatea, eta, alde horretatik, oso pozik. Barne balantze bat ere egin nahiko nuke. Sekulako poza da ikustea lantaldea oso ilusionatuta dagoela, jarraitzen dugula saioarekin gozatzen eta probak sortzerakoan ondo pasatzen. Hau luxu bat da.

Saioaren dekoratuak eta irudia aldatu dituzte, urdin mekanikora joz. Zer islatu nahi du irudi berri horrek?

Iruditu zitzaigun ezinbestekoa zela saioari beste buelta bat ematea, bai itxuraz bai mamiz. Grafismo sailak makineriarekin lotutako proposamen bat egin zigun, eta iruditu zitzaigun oso iradokitzailea zela. Guk irudikatu nahi genuke Mihiluze, hitz jolasak eta komunikazioa bera pieza ezberdinez osatzen dela. Eta jolasak eraginkor eta arrakastatsu izan daitezen pieza bakoitza une eta leku egokian kokatu behar direla. Heldutasun puntu bat ere eman nahi genion programari, eta hor dago ukitu industriala.

Probetan ere berrikuntza nabarmenak egin dituzue. Nolakoa da orain joko dinamika?

Lehenengo proba nahi genuen aurkezpen lan modura baliatu. Gai jolasti eta bromosoak jartzen ditugu mahai gainean. 90 segundoko jinkana berriak ere dinamikoak izaten dira. Gero, bereizgarri handiena saioa faseka banatu dugula da. Fase bakoitzean lortu behar da hurrengora aurrera egitea. Horrek esan nahi du beti hutsetik hasi behar dutela bikoteek. Horrela, tentsio uneak ugaritu egiten dira, programa dinamikoagoa eta biziagoa egite aldera. Eta, aldi berean, lehia indartu egin da.

Amaierako Zer da zer proban ere badago aldaketa, ezta?

Bai, sistema aldatu dugu. Lehen, aurreko puntu guztiak euro bihurtzen ziren. Orain, ondo erantzundako bakoitzarekin saria eramaten du bikoteak. Eta lehen bezala, zazpi erantzunak ondo ematen dituenak eramaten du.

Lehiaketaren iraupena ere handitu egin da, 30 minututik 45era. Ikusleek arretaz jarraituko al dituzte 45 minutuak?

Nik esango nuke baietz, eta aurreneko datuek hori baieztatzeko modua ematen digute. Ez da lehenengo aldia Mihiluze iraupen horrekin emititzen duguna. Aurreko denboraldian Mihiluze Traka-k egin genituen. Mihiluze hoberenen ligan ere 40 minutu inguruko programak egin genituen. Saiatu garena da, iraupen luzexeagoa denez, barruko erritmoak ere aldatzen. Lehen, lehiaketa linealagoa zen, eta, orain, modularragoa da. Tentsio uneak gehiago banatu ditugu, eta une dinamikoak ere gehiago daude. Pixkanaka erritmoak aldatzen saiatzen ari gara.

Aurreko denboraldian lehiaketa 1.000. programara iritsi zen. Zer zapore utzi zizun datu horretara iristeak?

Gozoa, dudarik gabe. Mila saio egitea ez da txantxetako kontua. Eta horrek esan nahi du programak funtzionatzen duela eta jendeak ondo pasatzen duela zurekin. Azken batean, gure helburua hori da, ahalik eta ikusle gehien lortzea euskaraz telebista ikus dezaten eta euskarazko telebistarekin ondo pasa dezaten. Telebista munduak duen egoera zail honetan indartsu mantentzea albiste ezin hobea da guretzat.

Saioko kideok nabarmendu izan duzue urteotan euskaldun ugari agertu direla prest lehiaketan parte hartzeko. Nola baloratzen duzu hori soziolinguista moduan?

Lankide batek bigarren urtean esan zuen lehiakiderik gabe geldituko ginela. Baina bi mila lagunetik gora pasa dira hemendik lehiakide gisa. Euskaldunen artetik portzentaje majo bat pasa da. Beste edozein hizkuntz komunitatera proiekzioa egingo bagenu, kopuruak ikaragarriak izango lirateke. Zaila egiten zait azaltzea zergatik gertatu den, baina argi dago ahoz ahokoak ondo funtzionatu duela. Etorri diren lehiakideak ondo tratatuak sentitu dira, eta hori zabaldu da.

30 urteren ostean, ETB1ek ba al du etorkizunari itxaropenez begiratzeko tarterik?

Itxaropena ezinbestekoa dugu bai hizkuntzaren bai telebistaren ikuspegitik. Krisi baten erdian gaude. Baina gure erronka da euskarazko telebista nazional indartsu eta kalitatezkoa izatea. Eta horrek esan nahi du audientzia duen telebista bat izan behar duela. Kalitateak eta audientziak bat egin behar dute.

EITBra iritsiko den zuzendaritza berriari zer proposatuko zenioke euskarazko telebista publikoari begira?

Telebista publikoa garai zailean dago hemen eta kanpoan. Euskarazko telebista publikoaren aldeko apustua egin beharra dago, eta horrek hausnarketa sakon bat egitea eskatuko du. Erronka horri serio heldu behar zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.