Komunikazioa

'Santana hegaluzetan' erreportajea emango dute datorren astean ETB1en

Astelehenetik ostiralera egunez egunekoa ikusi ahalko da, eta igandean ordu eta laurdeneko emanaldi osoa

Ibon Gaztañazpiren Santana hegaluzetan erreportajeko lau eszena. AMARRA.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko urriaren 18a
00:00
Entzun
ETB1 kateak datorren astean erreportaje berezi bat estreinatuko du: Santana hegaluzetan. Getariako itsasontzi batean hegaluzea nola arrantzatzen duten ikusi ahalko da lan horretan. Astelehenetik ostiralera egunez eguneko kontakizuna egingo dute, bitakora moduan. Eta igandean, hilak 28, egun guztietako laburpena erreportaje bakar batean emango dute.

Ibon Gaztañazpi kazetariaren ideia izan da proiektua. «Arraun denboraldia amaitzerakoan, hegaluze marea bat grabatzea proposatu nion ETBri. Lehendik antxoa, sardina eta beste arrain batzuk grabatuak zeuden. Hegaluzearena grabatu gabe zegoen, eta arrantzaleek esan ohi dute arrantza sasoi politena dela». ETBk baiezkoa eman zuen, eta zortzi egunez joan ziren itsasora Gaztañazpi bera eta David Maeztu kameralaria.

Erreportajea Amarra ekoizpen etxea (Gaztañazpik sortua) eta Bideografik Ekoizpenak etxearen artean egin dute. Aurkezpenak eta edizioa Gaztañazpik egin ditu. Grafismo eta postprodukzioaz, berriz, Bideografik arduratu da. Kresala saioa egin zuen ekoizpen etxe horrek, eta ordutik zuen harremana haiekin Gaztañazpik. Abuztuan garai honetan baino hegaluze gehiago egon ohi da. Orain ez dago hainbeste. «Baina horri esker aprobetxatu dugu arrantzaleekin hitz egiteko eta beste gauza batzuk grabatzeko. Haien bizimodua jaso dugu». Horrez gain, Maeztu kamera ere istorioan barneratu dute. «Abentura moduko bat izan da guretzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.