Komunikazioa

Sareko berrien bezero kopurua gutxi haziko da

Interneten irakurtzeagatik ordaintzen dutenak soilik %11 gehiago izango dira 2017rako

Edu Lartzanguren.
2012ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Europako zazpi ekonomiarik handienetan, 4,8 milioi pertsonak ordaintzen dute dagoeneko Interneten bidez informazioa jasotzeagatik. Bost urte barru, 8,1 milioi izango direla aurreikusi du Forrester aholkularitza enpresak, hau da, %11,2 haziko dela ordainpeko irakurleen kopurua. Horrela esanda, badirudi albiste ona dela prentsarentzat, baina errealitatea bestelakoa da: hazkuntza hori prentsak paperetik digitalera arazorik gabe jauzi egiteko behar lukeen duen kopurutik oso urrun dago. Gainera, ikerketak ez du kontuan hartzen irakurleek eduki digitalengatik ordaintzen hasteak papereko salmentan izango duen eragina.

Paperezko prentsak gaur duen irakurle kopuruarekin alderatuta, oso gutxi izango dira Interneten bidezko bezeroak. Alemania, Erresuma Batua, Frantzia eta Espainian, 50 milioi egunkari eta aldizkari saltzen dituzte egunero.

Izan ere, zinema, musika eta bestelako edukietarako, bezero digitalzaleen kopurua %65 haziko dela aurreikusten dute. Beraz, informazioa da horretan gutxien haziko dena.

'The Telegraph', ordainpekoa

Erresuma Batuko The Telegraph egunkariaren Interneteko bertsioa ordainpekoa izango dela iragarri dute. Horrez gain, harpidetzak lortzeko plana plazaratu du kazetak.

Hedabideak zabaldu duenez, 50 milioi bisitari ditu hilero, eta horietako bi heren Erresuma Batutik kanpokoak dira. Azken horietatik dirua lortu nahi du egunkariak. Erresuma Batukoentzat doan izango da The Telegraph-en Interneteko gunea. The New York Times, The Wall Street Journal eta The Globe and Mail kazetek ordainpean jarri dute dagoeneko Interneten argitaratzen duten informazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.