Partida bat baino gehiago izango da bihar 20:30etik aurrera euskal selekzioak eta Kataluniak San Mamesen jokatuko dutena, eta horrela landuko dute Hamaika telebistak eta ETBk. Saio bereziak egingo dituzte gaur eta bihar. ETB1ek zuzenean emango du partida, eta zelaitik arituko dira giroaren berri ematen. Estudioan, gainera, kirolariak, kirolzaleak eta bi nazioetako selekzioetako ordezkariak izango dituzte. Hamaikan, berriz, selekzioaren ofizialtasunaz arituko dira gaur, hainbat gonbidaturekin.
Gaur, 21;00etan, Euskal selekzioa, ofizialtasunerantz saioa egingo dute Hamaika telebistan. Ofizialtasunaren gaiari helduko diote «luxuzko gonbidatuekin». Izan ere, urtean behineko lagunen arteko partidaren gaurko eredutik, ofizialtasuna lortzeko eta nazioartean normal lehiatzeko egin beharreko bideaz arituko dira, besteak beste, Jose Angel Iribar eta Mikel Labaka futbolari ohiak zein Mikel Etxarri hautatzailea. Horiez gain, Atleticeko Aritz Aduriz eta Realeko Ion Ansotegi jokalariak elkarrizketatuko dituzte.
Selekzioaren historia gogoratuko dute erreportaje baten bitartez.
Zelaia, harmaila, estudioa
Bilboko estadiotik zuzenean arituko dira ETB1eko kamerak eta esatariak bihar, 20:30etik aurrera. Euskal selekzioaren eta Kataluniaren arteko partidaren kontakizuna Ander Txintxurretak eta Juanan Larrañagak egingo dute.Joseba Urkiola lankidea zelaian izango dute, handik jokalarien, teknikarien eta beste protagonisten hitzak jasotzeko.
ETB2n ere arituko dira partidaz, batez ere horren inguruan sorturiko giroaren berri emateko. Ana Ramosek eta Julio Salinasek aurkeztuko dute saio berezia, 19:30etik aurrera. Zuzenean estadiotik zein kaletik arituko dira berriemaileak, partida ikustera joango diren herritarrekin hitz egiteko.
Estudioan, bitartean, hainbat gonbidatu hartuko dituzte; besteak beste, Patxi Salinas eta Koikili Lertxundi jokalari ohiak, Ramon Roteta sukaldaria, Jon Uriarte kirolari eta entrenatzaile argentinarra, Tito Irazusta kirol kazetaria eta Juanito Oiarzabal mendizalea arituko dira euskal selekzioen eta nazioarteko lehiaketen inguruan mintzatzen. Horiez gain, euskal selekzioko ordezkariak zein Kataluniako talde nazionalekoak hartuko dituzte.
Partidaren harira jokatuko diren beste norgehiagokak ere emango ditu ETB1ek zuzenean: hasteko, gaur, 12:15ean, errugbiko euskal selekzioak eta Kataluniakoak Bartzelonako Foixarda zelaian jokatuko dutena; bihar, 16:15ean, aretoko futboleko selekzioen artekoa Santurtzitik (Bizkaia); eta, 18:30ean, emakumezkoen futbol selekzioen artekoa, Barakaldotik (Bizkaia).
Selekzioaren inguruko saio bereziak ETB eta Hamaikan
Partida zuzenean emango du bihar Euskal Telebistak, eta giroaren berri zelaitik eta estudiotik.Hamaikan, ofizialtasunaz arituko dira gaur

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu